Ibai Maruri Bilbao
Zeberion beti egon dira sei edo zazpi errementari batera, eta guztientzat egon da lana. Nik neuk ere ezagutu ditut”, azaldu Karlos Idirin alkateak. XX. mendekoak aipatu ditu: “Ermitabarrin, Juan Areitio; Zubibarrin, Pedro Cruz Lizeranzu; Egia auzoan, Manuel Perez; Esteban Barrondo, Zautuolan; Jose Urrutia, Aresandiagan; beste anaia bi Olatxuko auzoan; eta Jose Añibarro Pasaia, Iturrondon”. Añibarro izan zen azkena, eta haren material guztiarekin Errementari Museoa atondu zuten Ermitabarri auzoko eskolak egondako eraikinaren beheko aldean, 2018an. Gorbeialde landa garapen elkartearekin batera, bisita gidatuak antolatzen ditu Zeberioko Udalak museoa ezagutzeko; baita auzoak dituen beste altxor batzuk ere, parrokiako elizpea-eta. Bestelakoan, museoa zarratuta egoten da.
Alkateak kontatu duenez, 1990eko hamarkadan hasi ziren Añibarroren ondarea ez galtzeko lanean. 1997an, Zeanuriko Ipizki kultur elkartearekin batera, ikus-entzunezko bat egin zuten, errementari lana ez ahazteko. 2007an eskuratu zituen udalak Añibarroren sutegia, ferratokia, tresnak eta enparauak. “Hainbat urtez biltegi batetik bestera ibili ziren, eta, tamalez, material batzuk galdu egin ziren”. 2017an hartu zuten museoa sortzeko erabakia. Leire eta Javi Sagardui neba-arreba zeberioarrak arduratu dira museoa sortzeaz; zaharberritzailea eta historialaria dira, hurrenez hurren. Alkateak esan du “lan itzela” egin dutela dena egokitzen eta informazio panelak osatzeko dokumentazioa biltzen.
Ez da handia, baina denetarik dago. Hiru ataletan banatuta dago. Batetik, Zeberioko baserri bateko sukaldea ere hantxe ipini dute. “Errementariek denbora asko pasatzen zuten lantokian, eta jan ere hantxe egin behar izaten zuten. Horregatik, sukaldea ere izaten zuten”, azaldu du Idirinek. Han daude Añibarroren sutegia, ferratokia eta erabiltzen zuen tresneria guztia. Baita hark sortutako gailuak ere. “Errementariak ezinbestekoak izaten ziren nekazaritzan eta basogintzan”, ohartarazi du alkateak. Horregatik izan dute betidanik halako garrantzia Zeberion.
1545ekoa da herriko errementariei buruzko lehen erreferentzia idatzia. “Sorginkeria egotzita hiru auzipetu izan ziren, eta lekukoa Katalin Gesala izeneko 9 urteko neskatila bat izan zen. Valladoliden [Gaztela eta Leon, Espainia] epaiari buruz dagoen dokumentazioan esaten da umearen aita errementaria zela”.
Askotariko lanak
Idirinek esan du haiena eremu handiko herria dela. Baserria izaten zen lantegi nagusia. Eta hango tresna guztiak errementariek egiten zituzten. Basogintzak ere garrantzia berezia izan du haienean, eta sektore horretako lanabesak ere haiek egiten zituzten. Baita olgetarako gailuak ere; besteak beste, txirrikak.
“Jende xumea izaten zen, baina eurenean oso jakintsuak. Artista hutsak ziren burdina lantzen. Sekulako lana egiten zuten”, nabarmendu du Idirinek. Zeberioko errementariek argiketari lanak ere egiten zituztela gogoratu du. Bai, behintzat, Juan Areitiok eta Jose Añibarrok: argindar linearen mantentze lanak egiten zituzten. Besteak beste, arbola adar batek kablea apurtzen bazuen, haiek konpontzen zuten. “Baten batek ez bazuen ordaintzen, argindarra mozteko ere haiei agintzen zieten. Gero, erabiltzaileak haiei deitzen zieten, argindar gabe zeudela eta ea kablea ondo zegoen begiratuko zieten. ‘Begiratuko dut, baina, badaezpada, bien bitartean joan eta begiratu ordainketa eginda duzun’, esaten zieten. Ordaintzen zutenean, berriro jartzen zieten”.