Javi West Larrañaga
Amorebietako Itunaren 150. urteurrena izango da datorren martitzenean, eta Zornotzako Udalak ziklo bat prestatu du hilean zehar gertakaria gogora ekartzeko. Hilabete hasieran egin zuen Jesus Arrate biologo eta historiazaleak (Bilbo, 1973) bere liburuaren aurkezpena: El convenio de Amorebieta de 1872. La historia no contada. Orain arte uste zen Amorebietako Ituna pasadizo txiki bat izan zela, eta ez zuela eragin handirik izan gerran; bake labur eta antzu bat bakarrik sortu zuela, hilabete gutxi iraun zuena. “Historiako liburu gehienetan esaldi bakarrean laburtzen dute”. Uste baino erabakigarriagoa izan zela uste du orain Arratek. Are gehiago, gerra luzatzeko balio izan zuela.
1872an hasi zen azken gerra karlista, lehena hasi eta ia 40 urtera. Bien bitartean, batzuek Bigarren Gerra Karlista deitzen duten hori gertatu zen, baina hura nagusiki Katalunian borrokatu zen. Azkenekoan, Amadeo I.a Saboiakoa zegoen boterean Madrilen, eta 1872ko apirilaren 21ean gertatu zen altxamendua. Hego Euskal Herriko lau lurraldeek armada bana sortu zuten bere burua Karlos VII.a deitu zuen Borboikoaren alde borrokatzeko. Arratek azaldu duenez, segituan igo zen Francisco Serrano jeneral liberal eta Espainiako gobernuburua karlistei aurre egitera.
Serranok arin lortu zuen Nafarroa eta Gipuzkoa “baketzea”. Serrano Bizkaira heldu zenerako, bertako foru aldundi karlistak, beren burua bakarrik ikusita, negoziatzea erabaki zuen. Arrateren arabera, “oso ondo prestatutako armada baten hasikina” zen Bizkaikoa, baina dagoeneko gerra modernoen sasoia zen, eta arma eta munizio barik ezin ziezaioketen aurre egin armada liberalari. “Oso hurre ikusi zuten porrot militarra, eta horrek foruak kentzea ekar zezakeenez, ikaratu, eta herrialdea [Bizkaia] eta bere lege zaharrak salbatzea erabaki zuten”, adierazi du Arratek. “Eta bidean Karlos VII.a geratu behar baldin bazen, gera zedila”.
Bi egunetan batu ziren aldundiko kideak eta jeneral liberala Zornotzan, eta Amorebietako Ituna sinatu zuten maiatzaren 24an, altxamendua hasi eta hilabetera, gerrari amaiera emateko. Karlistek indultuak lortu zituzten, eta Serranok, bakea. “Serranok presa handia zeukan Iparraldeko Gerra amaitzeko, Madril eztanda egitear zegoen erloju bonba bat zelako”. Arin amaitu nahi zuen gatazka, eta Madrilera itzuli ordena ezartzera.
“Hitzarmen espres” bat izan zen, alde biek zeukatelako presa, eta, historialariaren ustez, ziurrenik lehenagotik ari ziren Serrano eta aldundia negoziatzen. Litekeena da buruzagi militar karlistek ezer ez jakitea. Akordioak ez zuen ez alde bat ez bestea asebete. Liberalek eta errepublikanoek Serranori leporatu zioten bereak ez zituen eskumenak erabili zituela bakea negoziatzeko, eta “armadaren ondra zikindu” zuela. Amadeo I.arekin izandako gorabeherengatik, gobernuko presidente kargua utzi zuen, eta liberal erradikalak sartu ziren gobernuan. Sasoi hartan, armadako jeneralak liberal moderatuak ziren, eta, Madrilgo egoera ikusita, gobernuaren aurka egon ziren. Horrek liberalen armada “ahuldu” zuela uste du Arratek.
Kontrakoa izan zen karlistentzat. Haien bandoan ere itunaren kontra azaldu ziren gehienak, oso laster errenditu zirelako, baina bakearen baldintzek mesede egin zien, Arratek aurkitu duenez. Izan ere, Serranok denak barkatu zituen, armak utziz gero, eta “foru oasi” egoerara itzultzea lortu zuten karlistek.
Arrateren ustez, nabarmen lagundu zien akordioak karlistei, gerra ez zelako porrot militar batekin amaitu: “Itunari esker, soldaduak etxera itzul zitezkeen. Inork ez zituen espetxeratu edo Kubara bidali; beraz, hiruzpalau hilabetean armak har zitzaketen berriro”. Horrez gain, buruzagitza karlistan “militante zaharrak kendu” eta “jende berria” sartu zuten. Karlistak indartuta irten ziren itunetik, eta liberalak, ahul.
Hego Euskal Herria “baketuta”, armada liberalak Kataluniara jo zuen altxamenduak zapaltzera. Orduan aprobetxatu zuten egoera karlistek partiden gerrari ekiteko Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan.Enboskadak egiten zituzten, eta leku batetik bestera arin mugitu, liberalek aurkitu ez zitzaten.
“Asaldaketa egoera” hori baliatu zuten, bien bitartean, Espainiako Erresumatik kanpo zeuden karlistek. “Buruzagi karlistek 1872an egindako okerrak konpondu zituzten, eta arma eta munizio onez hornitu zituzten tropak, kopuru handietan”. 1873an sartu ziren buruzagi horiek berriz gerran, eta armada karlistaren partida horiek armada erregular bihurtu ahal izan zituzten, uniformeekin, arma onekin, eta artilleriarekin.
Alde liberalak arazo handiak izan zituen gerra amaitzeko. 1876ra arte behar izan zuten karlistak garaitzeko, eta foruak kendu zituzten orduan. Zerikusi handia izan zuen gerraren luzeran Amorebietako Itunak, Arratek aurkitu duenaren arabera. Historiografia orokorrak orain arte argudiatu arren hitzarmenak ez zuela eragin handirik izan, Arrateren ustez ez zuen bakarrik gerra “gelditu”, baizik eta “piztu”. “Amorebietako Itun barik, gerra atoan amaituko zatekeen, 1872an”. Haren aburuz, Serranok akordioa egin ez balu, agian hilabete gehiago beharko zukeen gerra amaitzeko: “Zapaldu egingo zuketen altxamendua, jende asko Kuba eta Filipinetara erbesteratu eta baldintzak inposatu”. Horrekin, ziurrenik karlistak amaituta egongo ziratekeen. Bake itun horrek, berriz, gerra ekarri zuen, karlistak indartzea erraztu zuelako.