Gogor dator, nonbait, aurtengo Ibilaldia; hau da, gure probintzian beste euskal lurraldeetan legez bestelako hezkuntza bat posibilitatu eta gauzatu izan duen herri hezkuntza sistema baten jai eguna.
Bilboko auzo definitu batetik; nortasun berezikoa. Zazpikaleetatik hurbil, baina hango, baina Oskorrik aipatzen dituen denarengandik aparte egiten zaigu kostakooi, Malmasingo zubia pasatu eta begiztatzen dugun auzoa eskuinaldera autobidetik Bilborako sarreran. Hantxe elkartuko gara ospakizun giroan eta jaiaren gutiziak profitatu guran. Herrietan bizi garenoi Bilbora joatea gradua igotzea halakoxe egiten zaigu, eta maiatzaren 29an ere hala sentitzeko gonbita bihoa Lekeitiotik eta Azkue ikastolatik!
Jai egitera abiatuko gara, zertara bestela! Eta lagunak ikustera, eta lanera, eta Bizkaiko ikastolen jaiari zen berezia ematera, eta euskal hezkuntza sistemaren aldeko Euskal Herri osorako balekoa den eskola motaren aldeko apustua berrindartzera; ikastolen ondare historikoa herri honekiko balidatzera, eta herritik herritarrek sortutako hezkuntza ereduak hastapenetan asmatu zuen bezala gaur ere oraindik gaurkotasuna duela euskaldunok geure esparru guztiak antolatzeko erronka temoso honetan.
Balioa eman nahi diogu autoeraketa eta autoeraketarako behar diren baliabideak topatzeari. Zenbaitetan minduta sentitu izan gara Ibilaldia zein bestelako era honetako jaiak euskararen errebindikazio jai modura bakar- bakarrik definitzean; errealitatearen ikuspegi eraikitakoegia iruditzen zaigu. Badirudi proiektu bat finantzatzen laguntzeko antolatzen den jaiak zelofan paperean disimuluz-edo zaindu behar izan dugula, eta euskararen aldeko argudioak nolabait justifikatu zezakeela. Herri honek bere burujabetza inoiz izango badu, bere hezkuntza sistema babesteko diru bilketak ere egin beharko ditu.
Hirugarrenez antolatuko dute Bilboko hegal horretan Ibilaldia. Tuteran, Sohutan, Ibarran, Balmasedan zein Bilbon ikastolen egitekoa ezinbestekoa dugula oraindik ere azpimarratzeko. Eta bazter horietan guztietan euskal herritar eredu bertsua posible izan behar duela hausnartuko dugu. Eta eredu horretan gune propioa izan behar dutela hala nahi duten herritar guztiek; berton-bertokoak, gurera etorri nahi dutenek edo ezinbestean etorri direnek eta etorriko direnek.
Horixe falta zitzaigun bakarrik: zer hobetu badaukagula ez ohartzea egun horretan! Horretaz ere egin beharko dugu berba egun horretan baina horretarako bil gaitezen; kasu honetan, Bilboko La Peñako Abusun. Ikastolen ereduan, Aresti bilbotarrak esaten zuenez, legearen kontra ere hortxe-hortxe eta legearen ertz muturrean aurrerapausoak ematen ikasi genuen, eta orain ere jakingo dugu ekarpenak egiten eta konponbideak jartzen —beste batzuekin batera, hoba ez!— jendarte inklusibo, berdintsu eta berdinzale, ekologista, feminista, identitario… baten apustuan. Burusoilak ondo daki bere soiltasunaren berri; berak ondoen. Ikastoletako euskaltzaleok gure hizkuntzarekiko borroka honetan erronka zelai desberdinak zehaztu behar ditugu.
Ez gara onenak izateko jaio, baina ezinbestekoak gara. Gora Ibilaldia, Euskal Herriko Hezkuntza sistema lortze bidean!
Erro, harri, har. Hantxe egongo gara. Gustuko baduzue, jai giroan blaituko gara mila eta milaka euskal herritar.