M. Ortega Zubiate
Azken bi urteak ez dira gozoak izan Bermeoko arrainen erakustoki nagusirako: gainontzeko ekitaldi gehienen antzera, egoerara moldatu eta Internet bidez egin behar izan dute azoka duela bi urtetik hona. Aurten ez, ordea; aurten betiko girora bueltatuko da Bermeoko Arrain Azoka, eta gaurtik hasita domekara arte izango dute ospatzeko beta herritarrek. Udalak gogotsu egin dio harrera aurtengoari, eta bertako biztanleei zein inguruko herrietakoei agertzeko deia egin diete.
Uda honetako festa guztien antzera, antolatzaileek zein udalak gogoan izan dituzte joandako bi urteak, jairik egon gabeko horiek. Hain zuzen ere, aipamen egin die Aritz Abaroa Bermeoko alkateak, azokaren aurkezpenean: “Bi urteren ostean, gure erakusleiho nagusiak presentzialtasuna berreskuratuko du”. Aurtengoa, bi urteko geldialdiaren ostean, “indartsu” dator, alkatearen esanetan: “Pandemiaren garai txarrak alde batera utzita, Arrain Azoka betiko formatura bueltatuko da, eta gure helburua da, besteak beste, herritarrek jai giroan pasatzea maiatzaren 20tik 22rako asteburua”.
Hasierako urteetara bueltatzeko asmo osoa dute, beraz. Hori horrela, gastronomia hartu dute aurtengo gaitzat, haren inguruan eratzen baita jaia: “Arrantzaleak itsasoratzeko arrazoi nagusia da gure platerera kalitate hobereneko produktua ekartzea. Hori dela eta, aurten gastronomiari aparteko garrantzia emango zaio azokan”, esan du Abaroak. Egun osoko egitaraua aurkeztu dute, eta, pintxo dastaketaz harago, hitzaldiak, bisita gidatuak, erraldoiak, estropadak eta beste egongo dira gaurtik domekara.
Festak berarekin dakar, ohi duen legez, herriko elkarte eta eragileen arteko lankidetza, eta, hain zuzen, berau eskertu nahi izan du Bermeoko alkateak: “Aurten prestatu dugun programa oparo hau ez litzateke posible izango herriko elkarteen lan paregaberik gabe. Eskerrak eman nahiko nizkieke haiei guztiei erakutsi duten prestasun eta kolaborazioagatik”.
Era berean, azkeneko bi urteetan festa antolatzen jarraitzeko indarra mantendu izana eskertu die eragileei: “Momentuko egoerara moldatzea lortu zuten, eta azokak ez du etenaldirik izan pandemiako garai txarrenetan ere”.