Maria Ortega Zubiate
Ospatzeko sasoia heltzen ari da Bizkaiko kostaldeko herrietara; uda parez pare, kresala herriko kaleetan barrena, eta arrain erre usaina edonon. Horixe izango dute asteburuan Ondarroan, bihar Antxoaren Eguna ospatuko baitute. Eguna bihar bada ere, aurreko asteburutik dabiltza herria girotzen, pintxo dastaketa eta guzti. Baina jaia, bi urtez itxaron duten eguna, bihar egingo dute.
Bertako zein beste herrietako jendearentzat festarako aitzakia izaten da Ondarroako Antxoaren Eguna, uda sasoiari hasiera emateko eguna. Baina Antxoaren Eguna hori baino askoz gehiago da; historia luzea du. “Arrantzaleei, arrainari…; azken batean, itsasoari lotutako herri bat gara. Egun honetan goraipatu egiten dugu hori, itsasoko lana eta bertan ari direnek egindakoa. Antxoen bidez egiten dugu, bertako produktuarekin”, esan du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak.
Eguerdiko hamabietan, portuko turrunak jotakoan, hasiko da Ondarroako 22. Antxoaren Eguna; ospakizuna eta omenaldia. Kalez kale ibiltzeko aukera izango dute herritarrek, bertako antxoa pintxoak jaten. Hori guztiori elkarteekin egindako lankidetzaren fruitu dela azaldu du Bedialaunetak, bi urteko geldialdiaren ondoren berriz eguna ospatzeko prest azaldu baitira. Esker ona azaldu die: “Udalak antolatzen duen 18. aldia izango da oraingoa [aurretik herriko elkarteek antolatzen zuten], eta beti izan dugu harrera eta harreman ona elkarteekin. Pandemia aurretik parte hartzeko prest zeudenak orain ere horrela agertu dira. Haiek dira jaiaren arima eta bihotza”.
Azken bi urteei egin die erreferentzia Ondarroako alkateak; izan ere, izurriaren ondorioz bi urte horietan ez da ospatu jaia herrian, eta dagoeneko haren falta sumatzen hasita zeudela dio: “Badago gogoa kalerako”. Horregatik, uste du Antxoaren Eguna horretarako aukera dela: “Elkarguneen falta sumatu dugu, eta, bi urteren ondoren, hau da horretarako aukera”.
Itsasoarekiko harremana ospatzen duten egunean, herrira begirako aipamenik ere egiten dute: Zilarrezko Antxoa sariak banatuko dituzte. Aurten, bikoitza izango da, 2020koa oraindik jasotzeke baitago. Ordukoa Artibai egoitzako langileentzat izan zen, eta bihar hartuko dute ordezkariek oroigarria. Aurtengo irabazlea zein den ez du aurreratu nahi izan Bedialaunetak. “Egunean bertan ikusiko dute”.