Ibai Maruri Bilbao
Red Electrica de España (REE) eta Reseau de Transport d’Electricite (RTE) elkartuta sortu zuten 2015ean Inelfe enpresa, Gatika eta Cubnezais (Akitania Berria, Frantzia) artean itsaso azpitik goi tentsioko argindar linea eraikitzeko, eta kezka dago Mungialdean. REEk aurki lortuko ditu Espainiako Gobernuak eman beharreko baimen administratiboak. “2022ko lehen seihilekorako espero dira”, zehaztu du Alvaro Campos EHUko irakasle eta ikertzaileak —Ingeniaritza Termikoko Doktorea da eta Energia Berriztagarrien graduan irakaslea—. Frantzian oraindik motelago doa proiektua, Capbreton inguruan itsas hondoaren egonkortasunarekin arazoak izan zirelako; ibilbidea aldatu behar izan dute. “Hori da salatzen dugun kontuetako bat: Europako Batasunak babesten dituen halako proiektuetan, parte hartzen duten estatuetan proiektua aldi berean garatu behar da, baina REE bere kasa ari da, aurrea hartuta”. Interes orokorreko egitasmo izendatua du Europako Batasunak.
Gatikan, Mungian, Jataben eta Lemoizen “sekulako” eragina izango duela esan du, baina proiektua “ezkutuan” mantendu da ia-ia. “Eskualdean, jendeak ez du honen berri, ezta kablea haien lurretatik igaroko zaien lur jabeetako askok ere”, ohartarazi du Gatikako Interkonexio Elektrikorik Ez plataformako Isusko Albonigak. Horregatik, mahai ingurua egin zuten bart Mungiako Torrebillela kultur etxean. Hizlarietako bat izan zen Campos. Azpiegiturak inguruan eragingo dituen kalteek kezkatzen dituzte, baina, aldi berean, ordezkatzen duen eredua ere txarresten dute.
Iberiar penintsularen eta kontinentearen arteko interkonexioa handitzea da helburua. Gaur egun dagoen konexioa bikoiztuko luke, REEren arabera. Camposen esanetan, haiek hasieratik izan duten susmoa berretsi da azken egunetan: “Proiektua ezagutu genuenean, salatu genuen honen helburua dela penintsulan sortzen den gehiegizko energia berriztagarria Europa iparraldera eramatea. Konspiranoikoak garela esan ziguten, argindarra bi norabideetan garraiatuko dela. Baina hara orain: Ukrainako gerraren testuinguruan, Pedro Sanchez [Espainiako Gobernuko presidentea] bera agertu da argi eta garbi esaten Espainia izango dela Europa energia berriztagarriz hornituko duena”.
Zertan datza proiektua?
Goi tentsioko itsaspeko kablea da, korronte zuzenekoa. 370 kilometro inguru izango da luze; gehienak, itsaspetik. Lehorrean, Gatikan eta Cubnezaisen eraikiko diren transformazio estazioetara luzatuko da. Gatikan, badago Lemoizko zentral nuklearrarentzat sortu zen azpiestazio elektriko bat. Haren ondoan, beste bat eraikiko dute, lauzpabost hektareakoa eta hogei metro garai izango dena. Handik Lemoizko zentralaren eremura joango da, han itsasoratzeko. Hamar kilometro egingo ditu lurpetik Gatika eta Lemoiz artean.
Lur jabe horiek badute proiektuaren berri?
Albonigaren esanetan, askok ez dute proiektuaren berri. Gatikan gertatutakoa kontatu du. “Ibilbiderik egokiena zein izango den erabakitzeko, lursailetan laginak hartzen hasi ziren. Horretarako badago prozedura bat, baina ez zuten bete. Legez kanpo ibili dira. Abisatu gabe sartu ziren lursailetara, edo ahoz abisatuta, kasu batzuetan hesietako kateak apurtuta”. Camposek gaineratu du kablearen inguruko lurrak —zazpi edo zortzi metro—ezingo direla beste ezertarako erabili.
Zenbateko kostua du, eta zelan ordainduko da?
Hasierako aurrekontua 1.750 milioi eurokoa zen; 578, Europako Batasunak emandako laguntza zuzenak izango dira. Gainontzekoak argindar fakturaren bidez ordainduko direla iragarri zen, Camposek dioenez. “Garai hartan esan zuten faktura %3 garestituko dela. Baina REEren azken agiri ofizialak dio 600 milioi horiek jada 934 direla, eta oraindik ez da hornitzaileekin hartu-emanik izan. Kontuan hartuta lehengaiak zenbat garestitu diren, handiagoa izango da kostua”.
Zer ondorio izango ditu proiektuak inguruan?
“Ez dakigu zer ondorio izango dituen, ezaugarri oso zehatzak dituen proiektua delako”, esan du Camposek. Azaldu du horrelako proiektuak zeharkakoak izaten direla, biderik laburrena hartuz. Baina, kasu honetan, Euskal Herriko ibai gehienek arroak zarratuko ditu. “Ez dakigu horrek zer ondorio izan dezakeen. Eremu magnetikoak sortuko dira, eta ez dakigu espezie migratzaileengan —izokina, aingira…— zer eragin izango duen”. Mungialdeko herritarrek osasunean nabaritu dezaketela ere uste dute. Izan ere, Gatikako lehengo azpiestazio elektrikoari, eraikiko den berria gehituko zaio. Eta baita hauetatik kilometro bira eraikiko diren beste bi ere. Azken horiek ez dute zer ikusirik proiektu honekin. Bi kilometro koadroko eremuan lau azpiestazio egongo direla ohartarazi du Camposek. “Ezagutza falta handia dago, baina OMEk baditu txostenak horrelako eremu elektromagnetikoek osasunean izan ditzaketen ondorioei buruz. Hori argi izan arte, ez litzateke ezer eraiki behar”.
Zer dira beste azpiestazio bi horiek?
Forestalia enpresa pribatuarenak dira beste azpiestazio biak. Horiek ere baimenak lortzeko fasean daude. Zaragoza (Aragoi, Espainia) iparraldean sortuko den energia berriztagarria askatzeko lineen parte dira, 400 kilovoltekoa bata eta 220koa bestea. Camposek ohartarazi du Frantzia-Gatika arteko interkonexio kablearen gisako proiektuek antzeko beste batzuk erakartzeko gaitasuna dutela. Hark erakarrita etorri da Forestaliaren hau; uste du eskualdera gehiago etorriko direla.
Zer beste proiektu daude inguruan?
Bizkaitik igarotzen da Gueñes eta Itsaso (Gipuzkoa) arteko autobide elektrikoa ere. Galiziatik Kataluniara joango den linea elektriko erraldoi baten parte da. Eraikitzen ari dira dagoeneko. Hurrengoa Itsasotik Muruartera (Nafarroa) arteko zatia izango da. Iazko urrian jendaurrean egon zen azken hau, alegazioak aurkezteko. “Galiziatik Kataluniarako linea hori gero Frantziarekin lotuko dute, Pirinioak zeharkatuz: Nafarroan eta Aragoin”. Camposen esanetan, plan estrategiko zabal baten barruan daude guztiak: helburua kontinentearekin interkonexioa handitzea da.
Zertarako interkonexioa?
Iberiar penintsula uharte energetikoa dela esan dute Espainiako eta Portugalgo gobernuek eta Europako Batasunak. “Ez da uhartea; kontinentetik Pirinioek banatzen duten penintsula da, eta horrek eragin du hemen kontsumi daiteken baino argindar gehiago ekoiztea. Orain gainprodukzio hori aitzakia modura erabiltzen dute, interkonexioak sustatzeko”. Camposek uste du zientziak eta teknologiak errealitateak jartzen dituzten muga fisikoak errespetatu behar dituztela.
Egokia da sustatu den interkonexio eredua?
Camposek argi du ez dela egokia sustatu den interkonexio eredua. Europa iparraldean energia berriztagarriak ekoiztea garestiagoa da, eta herrialde batzuetan trabak ere jartzen dizkiote. Ostera, hegoaldeko herrialdeetan merkeagoa da. Beraz, eredu honekin hegoaldean sortutakoa iparraldera eroatea da asmoa. Horrek argindarra garestituko luke hegoaldean. Izan ere, Camposen arabera, energia berriztagarriak ugaritzeak hasieran merkatzea dakar, baina, interkonexioen ondorioz, garestitu egingo da. Batetik, obra bera inguruan bizi direnek ordaintzen dutelako. Bestetik, Europa osoan argindar hori nahi duten kontsumitzaileak ugaritzean, merkatuaren legeak garestitu egingo duelako prezioa. Trantsizio ekologikoa ezinbestekoa dela esan du, baina ohartarazi du berriztagarrien alde ezin daitekeela edozelan egin: “Berme guztiekin egin behar da; bestela, sortuko ditugun arazoak saihestu nahi ditugunak baino handiagoak izan daitezke”.
Zein da alternatiba?
Camposen esanetan, tokian tokiko argindar ekoizpenaren alde egin behar da. Ereduaren oinarrian kontsumoak egon behar duela deritzo. Batetik, neurriz kontsumitu, eta, bestetik, premiak asetzeko azpiegiturak eraiki, eta ez alderantziz; hau da, gero kontsumoa sortuko duten azpiegiturak eraiki lehenengo. “Hirietatik hasi behar dugu ikusten zer ekoitz dezaketen beren beharrak betetzeko. Autokontsumoa sustatu behar da. Nahikoa ez bada, joango gara ingurura gehiago sortzera. Lurralde batzuek ekoizteko gaitasun handiagoa badute, aztertuko da nola egin interkonexioa, solidaritatea eta herritarren parte hartzea bermatuz”. Mungialdearen helburua bere herrietako beharrizanak asetzea izan behar dela deritzo.
Zer harrera izan du proiektuak?
Albonigaren esanetan, Gatikan haren aurkako mugimendu sendoa dago, eta ingurura hedatu nahi dute. Jataben, iaz egin zuten atzo Mungian egin zuten bileraren antzekoa, eta lortu zuten herritarrak mobilizatzea. Kexatu da hedabideek kasu txikia egiten dietelako: “Proiektu hau ez dago ez agendan ez arretagunean”. Mungiako bilerak herri mugimendua indartzea espero du. Hurrengo, Lemoizen egiten ahaleginduko dira. Eskualde mailako indar metaketari garrantzia ematen diote.
Zein da erakunde publikoen jarrera?
Gatikako Udalak proiektua gaitzesteko adierazpena onartzea lortu zuten aspaldi. Iaz, Jatabekoak beste horrenbeste egin zuen. Mungiakoak asteon eman du ezagutzera berea. Hala ere, Camposek uste du gehiago egin dezaketela. Berbarako, haren esanetan, HAPOak erabil ditzakete, trabak jartzeko. Albonigak salatu du Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak ez dutela jarrera irmorik agertu: “Energiaren eskumena Espainiako Gobernuarena dela esan, eta beste aldera begiratzen dute”. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak egindako adierazpen batzuk gaitzetsi ditu: “Esan zuen onuragarria dela ez dakit zein proiektutarako, baina biharamunean zuzendu egin behar izan zuen esandakoa”. Forestaliak Mungian egingo dituen azpiestazioei dagokienez, Eusko Jaurlaritza uzkur agertu da.