Orozkoaldiko rolak

Hiru konpromiso edo rol mota hartzeko aukera eman du maiatzaren 6tik 21era bitartean Orozkon antolatu duten Orozkoaldiak: hazi, hezi eta bizi rolak darabiltzate euskararen erabilera sustatzea helburu duen ariketa horretan.

‘Hazi’

Euskaraz ez dakitenak. Euskaraz ez dakitenek edo oso gutxi dakitenek hartu dute hazi rola. Euskararen erabileraren aldeko jarrera positiboa bultzatzea dute helburu. Guraso guztiekin agurtzeko euskarazko berba, esamolde edo esaldi laburrak erabiliko dituzte; besteak beste, egun on, arratsalde on, gero arte, bihar arte, zer moduz zaude? eta ondo pasa.

‘Hezi’

Euskaraz zailtasunak dituztenak. Euskaraz nahiko ondo moldatzen diren baina zailtasunak dituzten gurasoek hartu dute hezi. Guraso guztiekin euskaraz hasi behar dituzte elkarrizketak. Euskaraz erantzuten dietenekin euskaraz jarraituko dute, ahal duten neurrian.

‘Bizi’

Euskaraz ondo dakitenak. Euskaraz ondo dakiten gurasoen rola da bizi. Guraso guztiekin hasiko dituzte elkarrizketak euskaraz. Ulertzen dutenekin euskaraz jarraituko dute, baita haiek gazteleraz erantzuten badute ere.