Natalia Salazar Orbe
Pandemiak zein beste faktore batzuek eraginda, Orozkon, Bizkaiko beste hainbat herritan bezala, nabaritu dute umeek gaztelerara jotzen dutela euren lagunekin dituzten harremanetan. Datuen arabera, Orozko udalerri euskalduna da: biztanleen %70,92 euskaraz hitz egiteko gai dira, eta 2017an sartu zen Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean. Hala ere, erabilera ez da datuok markatzen duten bestekoa. Hizkuntza ohitura horietan gurasoek, helduek, duten zeresanaz eta eraginaz jakitun, Orozkoaldia ariketa jarri dute martxan, euskararen erabilera sustatzeko. Euskaraldiaren antzeko egitasmo bat da, baina Orozkoko gurasoen artean egiten ari dira.
Joan den asteko barikuan hasi zuten ariketa, eta hilaren 21era bitarte egingo dute. Olatz Esgueva Landaluze Orozkoko Guraso Euskaltzaleen Batzordeko kideak azaldu du helduen hizkuntza ohiturek garrantzia handia dutela: “Gurasoen arteko harremanetan euskara gehiago erabiltzea da helburua. Izan ere, nahiz eta guk umeei esan euskaraz egiteko, haiek ikusten duten eredua da gurasoon artean gazteleraz egiten dugula”. Joera orokorra gaztelerara jotzea dela kontatu du: “Besteak euskara dakiela dakigunean, gutako batzuek egiten dugu euskaraz, baina beste batzuek euskaraz dakitela ez dakigunean, gazteleraz egiten dugu lehen berba. Horrek eragiten du beste guztiok azkenean gaztelerara jotzea, nahiz eta euskara erabiltzen duen lagun talde bat ere egon. Beraz, umea etortzen denean harekin euskaraz egin arren, hark ikusten duena da gure artean gazteleraz ari garela. ‘Orduan guk zergatik ez?’, pentsatuko dute”.
Euskaraldiaren eragina
Hortik abiatuta, eta Euskaraldiak izan zuen eragina ikusita, hainbat gurasok erabaki zuten Orozkoaldia bide eraginkorra izan zitekeela euskararen erabilera sustatzeko. “Nik, esaterako, ikusi nuen zein gurasorekin hitz egin dezakedan euskaraz, eta horiekin aldatu nituen hizkuntza ohiturak”, adierazi du Esguevak azken Euskaraldian izandako esperientziaren harira. “Hori Orozkon eginda gurasoen artean, agian abiapuntua ezar genezake hizkuntza ohiturak aldatzeko”.
Orozkoaldian hiru rol desberdin hartzeko aukera eskaini dute: hazi, euskararik jakin gabe hizkuntza horrekiko jarrera positiboa dutenentzako eta berba batzuk euskaraz egiteko; hezi, euskaraz egiteko zailtasunak eta lotsa dituztenentzako, eta bizi, euskaraz dakitenak eta beste guztien erreferenteak izango direnak.
Orozkoaldia hasi aurretik, eskolan ere landu zuten egitasmoa. “Galdetegi bat bidali genuen umeek gurasoekin etxean erantzuteko: non egiten duten euskara gehiago, norekin, zergatik… Etxean galdetu, eta horri buruz hausnartzea zen helburua”.
Gurasoen aldetik erantzun “ona” izan dutela azaldu du Esguevak. “Aurreikusi genuena baino jende gehiagok eman du izena. Orain ea emaitzaren bat ikusten dugun. Behintzat, saiatzen ari gara”.
Hainbat jarduera
Joan den astean egitasmoaren berri emateko hainbat jarduera egin zituzten. Besteak beste, izena emateko azken eguna izan zen joan den barikuan, eta txapak eta informazioa banatzen ibili ziren Zubiaur plazan. Domekan, berriz, Zubiaur, barrendik ezagutu ibilbide gidatua egin zuten, Felix Mugurutza ikerlariarekin batera. “Zubiaur ezagutzeko eta euskaraz egiteko elkartu ginen”. Erantzunarekin pozik azaldu da, gainera: “Jendea animatu da. 28 lagun elkartu ginen, umeak eta gurasoak zenbatuta. 28 pertsona mugitu ditugu. Oso pozik gaude; positiboa izan da”.
Esguevak esan du parte hartze horrek herritarrak euskararen erabilerarekin kezkatuta daudela erakusten duela. “Parte hartzen dugunok argi dugu antolatu ditugun jarduera horietan behintzat euskaraz hitz egin behar dugula. Betebehar bat da. Gure arnasgune txikiak dira jarduerok”.
Orozkoaldia bukatu aurretik, beste bi jarduera antolatu dituzte. “Horien bidez euskaraz egiteko jarduerak egiteko aukera ere ematen dugu, gutxienez”. Bihar, Orozkoko Museoak antolatu ohi duen Mari bila jarduerarekin bat egingo du egitasmoak. “Taldeka egiten den jarduera bat da. Proba batzuk planteatzen dituzte, eta erantzunak aurkitu behar dira kalean. Zubiaur eta Orozkoko historia ezagutzeko jarduera bat da”, kontatu du.
Maiatzaren 21ean emango diote bukaera egitasmoari. Zubiaur plazan elkartuko dira Orozkoaldiarekin bat egin duten guztiak. Arratsaldeko ordu bietan tuper bazkaria egingo dute, eta lauretan, bingo musikatua.