Durangoko EAJk Gaitasun Handiko Zentro bat nahi du herrian

Durangoko EAJk Gaitasun Handiko Zentro bat nahi du herrian

Natalia Salazar Orbe

Durangoko EAJk Gaitasun Handiko Osasun Zentro bat egiteko proiektua aurkeztu du. Herrian bertan, trenbideak libre utzitako oruberako proposatu dute jeltzaleek. Oraingoz, komunikabideen aurrean aurkeztu dute egitasmoa. Osasun zentro horrez gain, 60.000 metro koadroko lurrotan, besteak beste, 45.000 metro koadroko parke bat eta etxebizitzentzako sei eraikin aurreikusi dituzte: sei solairuko babes ofizialeko etxebizitzentzako eraikin bat eta etxebizitza libreak egiteko beste bost eraikin —gehienez, hamar solairutakoak—.

Mireia Elkoroiribe Durangoko EAJren bozeramaileak azaldu du osasun arloan zenbait beharrizan antzeman dituztela Durangon eta Durangaldean, eta orube hori dela “lekurik onena” behar horiei erantzuteko. “Pediatria ordutegia luzatu behar da, eta larrialdi zerbitzurik ez daukagu; beraz, larrialdietako zerbitzu indartsu bat behar dugu”. Horrez gain, EAJk argi du herrian bertan zenbat eta proba diagnostiko gehiago egiteko aukera izan, orduan eta gutxiago mugitu beharko direla durangarrak beste ospitale bateko kanpo kontsultetara joateko. “Beste kontu bat da ebakuntza bat izatea eta ospitaleratu egin behar bazaituzte. Horretarako ulertzen dugu Galdakaora edo tokatzen den lekura joan behar izatea”, adierazi du Elkoroiribek.

Ospitale berririk ez

EAJren ustez, ez da behar beste ospitale bat. “Guk uste dugu ezin dela egon ospitale bat eskualde guztietan. Baliabideak murritzak dira eta efizientziaz jokatu behar dugu. Aztertzen ari gara Durangaldean benetan zer behar dagoen, eta behar horiei erantzun nahi diegu. Uste dugu era horretako zentro batek erantzun ahal diela beharroi”.

Durangorako proposatzen duten zentroa Osakidetzak Gernikan egin zuenaren oso antzekoa da. Elkoroiribek esan du “lehen arreta indartsua, pediatria, larrialdien zerbitzua eta espezialitateak eta kanpo kontsultak” izan behar dituela. “Hala ere, espezialitate bat edo beste egon behar den guk ez dugu esango. [Eusko Jaurlaritzako] Osasun Sailak egin beharko du azterketa sakona”.

Proposatu duten zentroak 9.600 metro koadro dauzka eta beste 2.000 pasa handitzeko aukera ere aurreikusi dute. Gaur egun Durangon dauden bi osasun zentroen neurriekin egin du alderaketa: batak, espezialitateak dituenak, 1.700 metro koadro ditu eraikita; eta, besteak, Landakon lehen arreta eskaintzen duen osasun zentroak, 2.700. “Tamaina bikoiztu egingo genuke, eta efizientzia aldetik ere hobera egingo genuke: zerbitzuak eraikin berean egonda sinergiak sortzen dira, eta espazioak ere modu eraginkorrago batean erabiltzen dira”.

Elkoroiribek esan duenez, “nahi izanez gero, proiektua berehala jar daiteke martxan. Tramitaziorik ez du behar; beharrezko tramitazio guztiak barne eraberritzeko plan berezian daude”. Horregatik, EAJk udalari eskatu dio proiektua Eusko Jaurlaritzara bidal dezala bideragarria den baieztatzeko.

Osasun beharren azterketa

Durangaldekoez gain, Gaitasun Handiko Zentro horrek Lea Artibaiko erabiltzaileak ere artatuko lituzke. “Haientzako ere onuragarria izango litzateke”, azaldu du Elkoroiribek. “Ez da gauza bera Durangora bakarrik etorri behar izatea edo Galdakaoraino edo Gernikaraino joan behar izatea”.

Joan den martxoan, Elkarrekin Podemos-IU koalizioak akordioa erdietsi zuen Eusko Legebiltzarrean, Durangaldeko osasungintzaren beharrak aztertzeko. Hasieran koalizioak proposatu zuen ospitale bat egiteko, baina azkenean legebiltzarreko talde guztiek egin zuten egoeraren azterketaren alde, Vox alderdiko hautetsiak izan ezik.

Durangaldearen aldarrikapen historikoa da ospitalearena, Julian Rios Elkarrekin Podemos-Herriaren Eskubidea udal taldeko kideak dioenez: “Durangaldea eta Lea-Artibai eremua osasungintzaren basamortu bat da”, esan zuen legebiltzarrean. Koalizioak salatu zuen berrogei minutu behar direla Durangotik Gurutzetako larrialdi pediatrikoetara iristeko, hurbilago dauden Usansoloko ospitalean eta Gernika-Lumon ez dagoelako halakorik.