Ibai Maruri Bilbao
Apirilean jaso zuten Getxoko Itzubaltzeta auzoko Ibar Nagusien Etxekoek udalaren jakinarazpena: “Nagusien Etxearen eta udal euskaltegiaren eraikinaren jabetza berreskuratu nahi dutela zioen, okupatutako eraikina erabili ahal izateko”, azaldu du Ibar Nagusien Etxeko presidente Paco Ramak. Atzo arte izan dute aginduari helegiteak aurkezteko aukera, eta hala egin dute. Argi utzi dute ez daudela handik joateko prest. “Azken unera arte eutsiko diogu. Hemendik kanpo nahi bagaituzte, haiek atera beharko gaituzte, gu ez gara-eta joango”, ohartarazi du Ramak.
Eraikina eraisterik gura duten galdetuko diete getxoztarrei etzi egingo den herri galdeketan. Erromo plataformak deitu du horretara, erakunde publikoek ez dute babestu, eta ez da loteslea: presio egiteko erabiliko dute. Santa Eugenia plazan egongo da bozketa gune bat, eta beste bat auzoan ibiliko da. Botoa emateko ordutegia 11:00etatik 19:00 artekoa izango da.
Udalak 2018an utzi zion Lope de Vega kaleko eraikinean eskaintzen zituen adinekoentzako zerbitzuak eskaintzeari, eta orduan inauguratu zuen RKE Romo Kultur Etxe berrira eroan zituzten. Baina erabiltzaileetako asko ez zeuden ados aldaketarekin, eta han geratu dira. Ordutik, autogestioan antolatu dira. Itxialdia ere egin zuten 2018an, eta azken urte luzean astegunetan elkarretaratzea egiten dute Areetako Geltokiaren plazan.
Eraikina eraitsi, eta Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak belaunaldi arteko zentro bat eraiki nahi dute han. Getxoko Udalak diputazioari utzi dio eraikina 50 urterako, eta hark Azpiegitura foru sozietateari, obra egin dezan. Horregatik, Ibar Nagusien Etxekoek ez dute ulertzen zergatik jaso duten udalaren jakinarazpena: “Orain ez al da Azpiegitura honen jabea?”. Foru aldundiko Gizarte Ekintza Sailak zaintza arloan egin nahi dituen aldaketei lotutako proiektua da Getxokoa. Adinekoentzako ehun ohe eta 35 urtetik beherako gazteek alokatzeko 40 apartamentu izango ditu zentro berriak. Guztira, hamahiru milioiren inbertsioa egingo dute erakunde publikoek; horietatik sei Europako Batasunak ipiniko ditu, COVID-19aren pandemiak eragindako krisiari aurre egiteko sortu zuen Next Generation funtsaren bidez. Europak eta Espainiako Gobernuko Gizarte Gaietarako Ministerioak emandako babesa azpimarratu dute udalak eta diputazioak proiektua defendatzeko.
Baina Ibar Nagusien Etxekoek ez dute batere argi ikusten: “Mendekotasuna duten adinekoen eta gazteen artean zer-nolako harremanak sortzea espero dute?”. Gainera, Ramak esan du “pandemiak erakutsi” duela halako zentro “handiak” ez direla “egokiak”. Dena den, zehaztu du haiek ez daudela proiektuaren kontra, leku horretan egitearen aurka baizik. Zutik dagoen eraikinaren balio arkitektonikoa defendatu dute nagusiek. Dena den, Romak esan du udalak beste leku egoki bat eskainiko balie aztertzeko prest leudekeela. “Guk ez dugu bilatu behar alternatibarik, haiek sortu dute-eta arazoa. Haien egitekoa da irtenbidea topatzea”.
Kultur etxekoa, desegokia
Era berean, zorrotz diote RKEko nagusien gunea ez dela alternatiba bat haientzat. Hirugarren solairuan dago. Leku txikiagoa dela kexatu da Rama, eta kudeaketan adinekoek duten parte hartzea “erabat desagerrarazten” duela ere salatu du. “Tailer gutxi batzuk eskaintzen dituzte, eta denak daude beteta. Itxaron zerrenda luzea ei da. Gu denok ere hara joango bagina, non sartzeko?”.
Leku bien arteko alderaketa egin du. Pandemiaren gogorrena pasatuta, jarduerak berriz martxan jartzen lehenak izan ziren Ibar Nagusien Etxekoak. “Baldintza egokiak ditugu: areto guztietan leiho zabalak eta patio handia. Maskara jantzita, ondo aireztatuta, seguru hasi ginen tailer eta enparauekin. Ostera, RKEn klimatizazioa badute, baina aireztapen naturalik ez, eta itzultzen azkenak izan dira”. Egunero hirurehun bat adineko elkartzen dira eurenean, tailerretan, ikastaroetan eta bestelakoetan parte hartzeko. 30-40 boluntario arduratzen dira dena prest eta txukun edukitzeaz.