Kultura, herrira eta auzoetara

Kultura, herrira eta auzoetara

Maria Ortega Zubiate

Urtero errepikatzen diren data horietako bat ate joka dute Arrigorriagan: Nazioarteko Clown eta Pailazoen Jaialdia izango dute gaur hasi eta domekara arte. Aurtengoa 27. aldia da. Ia hiru hamarkada dira lehen jaialdi hura antolatu zutenetik, artean euskara hutseko izena zuela, ingelesezkorik gabea. Begirada atzera botata, sinestezina egiten zaio Maite Ibarra Arrigorriagako alkateari horrenbeste urte igaro izana: “Nik uste dut 1995eko lehen jaialdia antolatu zutenek ez zutela inondik inora espero 27. aldira heltzea”. Baina ailegatu dira, eta berrikuntza ugarirekin gainera: hasieran erakustoki hutsa zenak orain formakuntzari ere utzi dio lekua, eta aurten herriko erdigunetik Arrigorriagako auzoetara ere egingo dute salto.

Arnasberrituta dator urtero herria alaitzen duen jaialdia. Azken bi urteak gogorrak izan dira jaialdiarentzat. “Bizi izan ditugun urte zail hauek erakutsi digute zeinen garrantzitsuak diren artea eta kultura gure herrian eta herritarron bizitzetan”, dio Ibarrak. Beste kultura jardunaldi askotan bezala, izurria guztiz sartu zen Arrigorriagako urteroko jaialdian ere, eta aurreko edizioa baldintzatu zuen. Egitaraua murritzagoa izan zen, “umilagoa” azaldu du alkateak; baina, ohi bezala, ongi iruditu zitzaien.

Nabarmen aldatu zen gauzetako bat egutegia izan zen. “Aurten betiko datetara bueltatu da jaialdia, baina iaz ez genekien antolatu edo ez. Pena ematen zigun ez egiteak, eta aurrera egitea erabaki genuen. Baina martxan jartzen hasi ginenean konturatu ginen maiatza ez zela hilabeterik onena. Horrek ez zuen esan nahi egingo ez genuenik. Orduan beste erabaki bat hartu behar izan genuen, eta irailera pasatu genuen, formatu umilago batean, baina egin genuen, eta oso balorazio positiboa izan zuen”.

Izurri murrizketarik gabeko lehen edizioa dute aurtengoa, beraz, eta horixe bera dute lehen berritasuna; iazko neurri zorrotzik ez dutela ekitaldiek. Baina hori ez da bakarra, ezta gutxiago ere. Pozik azaldu du alkateak aurten lehenengo aldiz “deszentralizatuko” dutela jaialdia; soilik herriko erdigunean zen orain arte, eta auzoetan ere ekintzak egingo dira oraingoan. “Edizio honetako berrikuntzetako bat da jaialdia Arrigorriagako auzoetara eramatea. Ez dugu, beste urteetan bezala, dena herrigunean zentralizatu. Abusu auzoan egingo da ekitaldi bat, eta bestea Lanbarketa auzoan, San Antonio frontoian. Horrekin pozik gaude, jaialdi hau auzoetara zabaldu behar da”. Ibarrak berak azaldu du kulturaren premia agerian geratu dela, eta, bere eskaintza zabaltzearen beharraz jabetuta, irisgarri bilakatu nahi izan dute jaialdia.

Bertatik mundura

Berrikuntzaz josia dator aurtengo edizioa, eta konpainien jatorriari begiratzea besterik ez dago horretaz konturatzeko. Aurtengoan apustu sendoa egin dute bertako kultur konpainien alde, eta zenbakiek erakusten dute hori; hamahiru konpainiatik zazpi dira Euskal Herrikoak. Erdiak baino gehiago dira, beraz, bertan errotutako talde eta bakarlariak. Horrek euskarari aterik zabaldu diezaioke, konpainien gehiengoa bertakoa izanda, euskaldunak izateko aukerak altuagoak baitira. Hain zuzen ere, hizkuntzen arteko orekari ere erreparatu diote, euskararen presentzia kontuan izan dute egitaraua zehazteko orduan; horixe dio Ibarrak: “Beti saiatu izan gara euskarari lekua ematen. Bertoko konpainiak mimo handiz tratatzen ditugu, herriari horrelako egitaraua eta euskaraz emateko”.

Hori horrela, ikuskizun guztietatik bi euskaraz izango dira, eta ikastaro bat ere euskaraz emango dute; beste bat ele bitan izango da. Kontuan hartu behar da egitarauko proposamen gehienak, arte anitzetakoak direnez, testurik gabekoak direla; eta hitz egiten denen artean gehiena euskarazkoa da.

Atzerritik etorriko diren sei taldeak euskal konpainiekin nahastuta, “koktel polita” osatu nahi dute Arrigorriagan, alkateak adierazi duenez. “Guztira, 27 urteko historian parte hartu duten 361 artistei gehituko zaizkie horiek, urte hauetan guztietan hemendik pasatutakoak artistak baitira”. Artista horiek, “denetarik” egingo dutela azaldu du: “Ekintzak askotarikoak izango dira: kale antzerkia, musika, zirku modernoa, aire akrobazia eta umorea uztartuta”.

Emakumeen presentzia ere bermatu nahi izan dute udalak eta kultur etxeak. “Azken deialdietan lehentasunezko espazioa utzi nahi izan diegu emakume artistei. Oraindik gutxiengoa da sektore honetan, eta lekua eman nahi genien gure jaialdian”. Egitarauari erreparatuz gero, badaude emakumeak soilik dauden obrak; halakoak hiru dira, guztira. Beste hirutan gizonezkoekin batera agertzen dira.

Arrigorriagako Clown eta Pailazo Jaialdia

Erakustokitik irakastokira

Atzera begiratuz gero, urrun gelditzen da 1995 hura, lehen jaialdiaren testigu izandakoa. Orduko hartan, kultur etxetik egindako proposamena izan zen hazia jarri zuena; udalak ureztatu egin zuen, eta baita ernaldu ere. Sasoian kultur erakustoki zenak dimentsioa biderkatu du, eta, egitaraua mardultzeaz gain, funtzio pedagogikoago bat ere uztartu du. Orain, ikastaroak ere eskaintzen dira, eta bertan parte har dezakete haurrek zein nagusiek, arrigorriagarrek zein beste herrietakoek.

Ordutik, ez dago argi zeinek izan duen zeinengan eragina, baina Arrigorriagan antzerki zaletasuna egon badagoela dio alkateak. Jaialdiaren aurretik zegoen edo haren eraginez gero sortu zen, ezin asmatu. “Egia da herrian badagoela nolabaiteko antzerki zaletasuna. Bi talde daude momentu honetan. Nik uste dut zaletasuna badagoela. Batzuetan kostatu egiten da martxan jartzea proiektuak, baina, behin ideia landuta, jendeak koska egiten dio amuari”. Hala ere, jaialdiaren sorreraren zergatiaz galdetuta, alkateak ez dauka argi, ez du ikusi ernamuin argirik eta pizgarri erabatekorik herrian horrelako jaialdi handirik sorraraz dezakeenik.

Batera edo bestera izanda, kontua da herrian badutela magnetismo berezi bat arte mundurako, eta orain herria bera bilakatu dela magnetiko kulturazaleentzako eta kulturgileentzako. Horrenbeste urteko historian, jaialdia famatu bilakatu dela uste du Ibarrak, eta herritarrek pozez itxaroten dutela: “Ume txikiak izan ditugunok edo orain dituztenek oso kontuan izaten dute asteburu hau. Umeek ere eskolatik ateratzean horixe izaten dute buruan”. Baina ez hori soilik, beste herrietako jendearentzako ere amu interesgarria dela uste du.

Orain, jaialdia parez pare dutela, ahaztu dituzte prestaketako urduritasunak, kezkak eta haserreak. Ikuskizuna hastear da, eta gauza bakarra dute buruan: ondo pasatzea. Hori lortuko dutelakoan dago Ibarra. “Jaialdi honi esker, oso asteburu politak izan ditugu herrian”.