“Kaletik atera ahal izateko, ate gehiago egon behar dira zabalik”

“Kaletik atera ahal izateko, ate gehiago egon behar dira zabalik”

N. S. O.

Hamahiru urte egin zituen kale gorrian Lilithek —ez da benetako izena— (Ondarroa, 1967). Amarekin zituen arazoak tarteko, 18 urte bete aurretik joan zen gurasoen etxetik. Droga kontsumoak eta kaleak harrapatuta, Andaluziara (Espainia) arte iritsi zen; horren ostean, larriki gaixotu zen, eta Euskal Herrira bueltatu zen. Medikuak azaldu zion bizpahiru hilabeteko bizi itxaropena izango zuela ordura arteko bizimoduarekin jarraituz gero. Hark dioenez, “zorte handia” izan zuen. Batetik, hasieran Bilbon hartu zuten aterpetxean izan zuen laguntzagatik; bestetik, oraindik bidelagun duen psikiatrarekin topo egiteagatik. Ezinbesteko deritzo jarraipen horri. Eta Lilithek ere ez ditu ahaztu kalean bizi diren etxegabeak. DYAn dabil boluntario lanetan. Gauetan, kafesne eta salda beroa, eta behar dutenerako laguntza eskaintzen die kalean aurkitzen dituenei, betiere euren espazioa errespetatuta. “Edonor gera daiteke kalean”, esan du. Uste du irteteko ate gehiago behar direla.

8 urte zituela hasi zen Lilith tratu txarrak pairatzen, barnetegi batean ikasten ari zela. “13 urte nituela jada etxetik alde egitea beste ideiarik ez nuen buruan”, kontatu du. 17 urterekin bete zuen urteetan hausnartutako helburua. Egoera zaila aurkitu zuen, ordea: “1980ko hamarkada bukaera zen. Heroina sartu zen, eta dena suntsitu zuen, baita ni neu ere”.

Kalean egin zituen hamahiru urteetan gorabehera asko izan zituen: “Gora eta behera nenbilen; sartu-irtenean. Lana aurkitzen nuen, dirua lortzen nuen, eta gero berriz ere erortzen nintzen”.

Euskal Herrian barrena ez ezik, handik kanpo ere ibili zen, Espainian barrena. Eta erasoak ere pairatu zituen.

Motrilen (Andaluzia, Espainia) zegoela, larri gaixotu zen. Medikuak esan ostean hiru hilabeteko bizi itxaropena zuela, bertako aterpetxe bateko moja batek gomendatuta, Bilboko Agintza aterpetxera joan zen. Apurka, indarberrituz joan zen, eta sei hilabete geroago lana aurkitu zuen. Lanerako ezintasuna aitortu zioten arren, serigrafia lanetan ibili zen, erretiroa hartu zuen arte.

“Ikusezin” egin nahi dituzte

Gaur egun, boluntario dabil, kalean bizi direnei kafesne eta salda beroa banatzen. “Jana edo aterpetxea beharrean, behar dutena da gizarteak ez dezala pentsa ez dutela balio ezertarako, edonor eror baitaiteke hor”, esan du. “Ikusezin” egin nahi dituztela uste du. Buruko gaitzen batek jota kalean amaitu duen jendea ezagutzen duela azaldu du, edonori gerta dakiokeela erakusteko. “Ez daude ondo, eta euren burua abandonatu egiten dute”.

Kalean bizi direnei laguntzeko baliabide falta salatu du. “Etxegabeei [Bilboko] Zubietxe zentrora joateko esaten nien [berak elkarte horri lotuta jarraitzen baitu]. Baina han esan zidaten jada ez zutela lekurik, itxaron zerrenda luzea zutela”. Orokorrean arauak aldatu behar direla ere uste du: “Kalean bizi eta txakurra dutenak ez dira aterpetxe batera joango ez badiete uzten txakurrarekin lo egiten. Animaliok babestu egiten dituzte, eta maite dituzte”.

Argi du kaletik ateratzeko lehen pausoa “gizarte laguntzaile bat bilatzea” dela. “Baina gizarte laguntzaileak artatzeko, erroldatuta egon behar duzu”. Dena den, esan du aterpetxe batzuetan eskaintzen dutela laguntza hori. “Beste kontu bat da etxebizitza baterako egon daitekeen itxaron zerrenda. Kaletik atera nahi baduzu eta aterpetxe batean laguntza ematen badizute, baina hiruzpalau hilabete itxaron behar dituzula esaten badizute, gogoa kentzen zaizu, eta pentsatzen duzu: ‘Edan egingo dut, gutxienez, eguna alaitzeko’. Kaletik atera ahal izateko, ate gehiago egon behar dira zabalik”, ondorioztatu du. Kaletik ateratzea lortu duenari jarraipena egiteari ere ezinbesteko deritzo. Psikiatrarekin aurkitu du berak laguntza hori: “Profesional bat ez ezik, nire laguna ere bihurtu da”.