Olatz Enzunza Mallona
Maiatzaren 3an ospatzen da urtero-urtero Santa Kurtze eguna. Zornotza, Larrabetzu, Muxika, Morga eta inguruko herrietan tradizio luzeko ospakizuna izaten da, eta, besteak beste, ohitura dago herri horien artean dagoen Bizkargi mendira igotzeko. Hala ere, hurrengo domeka izaten da aldarrikapen, jai eta ospakizun egun nagusia bizkaitar askorentzat; aurten, etziko eguna.
Frankistek Bizkargiri eraso zioten 36ko gerran. Zehazki, 1937ko maiatzaren 8an eman zuten Bizkargiko gaina hartzeko agindua. Izan ere, Juanlu Artabe Bizkargi Gogoratuz elkarteko kidearen arabera, “kokapen estrategikoa” zuen mendi horrek: “Txorierriko bailara osoa eta Bizkaiko hiriburua begiztatzeaz gainera, Gaztelumendiko lerroan Eusko Jaurlaritzak eraikitako defentsa sistemaren kontrola lor zezaketen tontorretik”. Hainbat borrokaldi izan ziren euskal gudarien, milizianoen eta faxisten artean, eta, 11 eguneko erasoen ondoren, faxistek tontorra bereganatzea lortu zuten.
Denbora horretan, hildako eta zauritu ugari izan ziren alde bietan, eta, ordutik, esanahi berezia hartu du mendi horrek: “Urte hauetan guztietan memoria zaintzen ahalegindu gara: memoriaren lekuko da Bizkargi”. Urterik urtera, tinko eutsi diote ospakizunari Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideek, baina, jaiaz eta erromeriaz harago, oroitzapen eta aldarrikapen eguna ere badela gogorarazi du Artabek: “Gure datuen arabera, 125 hildako inguru izan ziren Bizkargin. Oroimena, justizia eta egia aldarrikatu behar ditugu”.
Etzirako, ekitaldi ugari
Aurtengo aldia berezia izango dela uste du Bizkargi Gogoratuz elkarteko kideak, eta, hori bermatzeko, etzi goizerako ekitaldi andana antolatu dituzte. Eguna trikitilariekin hasiko dute, eta 12:30ean ekitaldi nagusia egingo dute. Aurten, 1937ko borrokaldietan hildako Gabiriako (Gipuzkoa) sei gudari omenduko dituzte: Luis Altzueta Ariztimuño, Simon Altzueta Ariztimuño, Joxe Apaolaza Oiarbide, Joxe Mari Gabiria Alustiza, Jose Ramon Igartzabal Otegi eta Jesus Izagirre Artsuaga. “Gudarien senideei lore sorta bat emango diegu”, kontatu du Artabek. Amaiur batailoiko gudariak izan ziren guztiak.
Gainera, gerrak lotutako herriak eta eskualdeak sinbolikoki uztartzeko, Gabiriako herritarrek bizikleta martxa bat antolatu dute. Gaur abiatuko da, eta Gabiriatik Elgetara arteko ibilbidea egingo dute. Gerrari buruzko museoa bisitatuko dute han, eta Intxortako fronteari buruzko hitzaldi bat ere entzungo dute. Elgetan lo egin ondoren, bihar, Elgetatik Durangora igaroko dira, eta, Gerediaga elkarteko kideekin batera, Durangoko bonbardaketako leku esanguratsuenak bisitatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, Durangotik Larrabetzura joango dira, eta gaua bertan igaroko dute.
Domekako ekitaldi nagusian, Iñigo Santxok eta Gaizka Arangurenek Nafarroako konkistaren 500. urteurrenari buruzko hitzaldia eskainiko dute. Haren ondotik, Larrabetzuko Bizkargi dantza taldearen erakustaldia eta bertso saioa izango dira. Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Xabier Arriaga Txiplas ariko dira kantuan.
Ordu bata aldera, Eingo taldearen erromeriak jarriko du jai giroa Bizkargiko tontorrean, eta 13:15ean esker ona adierazteko ekitaldia egingo diote Xabier Amuriza bertsolariari. “Santa Kurtze egunean jaiotakoa da Amuriza, jaiotzatik du lotura Bizkargi egunarekin, eta haren presentzia nabaria izan da beti efemeride horretan”, esan du Artabek. Izatez, joan den urtean ziren omenaldia egitekoak, baina, pandemiaren ondorioz, urtebete atzeratu behar izan dute ekitaldia. Horrez gainera, Eneko Larruzearen kantaldia ere izango da. Ermita Etxanoren jabetzakoa dela aldarrikatzeko, Etxanoko ordezkariek txuzoa edo aginte makila sartuko dute lurrean, urtero legez.
Egun osoan zehar jan-edanerako aukera egongo dela ere jakinarazi du Artabek: “Oroimena bai, baina ondo pasatzeko aukera ere izango dugu. Erromeria eta 36ko gerraren ondorioak uztartzen saiatuko gara”.
Aurrera begira, baina, belaunaldi berriek Bizkargin gertatutakoa oroitzea izango da Artaberen hitzetan Bizkargi Gogoratuz elkartearen erronka nagusia: “Horixe da gure lana: informazioa badaukagu, eta dakiguna gainerakoei helarazten saiatu behar dugu, sekula ez ahazteko”.