Ibai Maruri Bilbao
Datorren urtean hasiko da Bizkaiko Foru Aldundia Getxo eta Bilbo lotuko dituen itsasadar ertzeko bulebarra eraikitzen: apirilean ekingo dio Erandio eta Getxo arteko zatiari, eta uztailean, Erandiotik Bilborainokoari. Ia hogei milioi euroko inbertsioa egin du. Ondo bidean, 2024. urtearen bukaerarako egongo da erabiltzeko moduan. Bilbon, Erandion, Leioan eta Getxon bizi diren 600.000 herritarri emango die zerbitzua.
Unai Rementeria ahaldun nagusiaren esanetan, “iraultza” eragingo du azpiegitura berriak: “Ekarriko duen aldaketa definitzeko, ez dut topatu berba egokiagorik; erabat aldatuko ditu bizitzeko eta mugitzeko moduak”. Bilboko itsasadarraren eskuin ibarra eraldatuko duela uste du, jada Bilbon egiten den bezala, beste hiru hirietan ere “itsasadarrari begira bizitzen hasiko direlako”. Itsasadarra “Bizkaiko etorbide handia” dela esan du, neurri handi batean herrialdearen historia “harilkatu” duena.
Zirgarien bidea izandako BI-711 errepideak lotzen ditu Getxo eta Bilbo. Imanol Pradales Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuaren berbetan, inguru hori garatzeko oztopo nagusia izan da bide hori. Lan hauekin, oinezkoentzako bidea eta bidegorria gehituko dizkiote. Horretarako izango duten erronka nagusia lekua lortzea da. “Gaur egungo plataforma ez da nahikoa hiru bideak egiteko; horregatik, uretarantz zabalduko dugu”. Irabazitako eremu hori ur gainean airean egongo da, eta, behar denetan, uretan ipiniko diren zutabe batzuen gainean. Guztira, 1,8 kilometroan erabiliko dituzte hegalak; 5,9 metroko zabalera izango dute, gehienez.
Bulebarra 6,8 kilometro ingurukoa izango da. Tarte bakoitzean duten lekuaren arabera egokitu beharko dute, baina gutxi gorabehera zabalera hau izango du: hiru metro izango ditu ur ertzean egongo den oinezkoen bideak, lau metro haren jarraian joango den bidegorriak, eta 6,8 metro bi norabideko errepideak —orain baino gutxiago, ibilgailuak motelago ibiltzera behartzeko—. Espazioak baldintzatuko du hiru bideen arteko banaketa ere: lekua duten inguruetan berdeguneak, lorategiak eta arbolak erabiliko dituzte.
Bidean hainbat aldaketa egongo dira. Esate baterako, Asuako bidegurutzea seguruago bihurtuko dute Erandion, biribilgune batekin, eta arbolekin tokia atseginagoa izatea lortu nahi dute. Aitziber Oliban alkateak eskerrak eman dizkio diputazioari, inguru horretan Erandioko Udalak eskatutako hobekuntzak kontuan hartu dituztelako proiektua diseinatzeko orduan.
Udondoko bidegurutzean ere biribilgune bat sortuko dute, Asuakoa baino apalagoa, baina han egingo duten eraldaketa askoz handiagoa izango da. Izan ere, 800 metroan errepideak itsasadarraren ertzetik joateari utziko dio. Leioako Felipe del Rio kaletik pasatuko dira ibilgailuak, Lamiakoko padurak saihesteko. Gainera, hortik, Leioa erdigunearekin lotuko da bulebarra. “Herria eta itsasadarra batu nahi ditugu”, azaldu du Pradalesek. Oinezkoen bideak eta bidegorriak, berriz, itsasadarraren ertzetik joko dute aurrera, eta, gero, errepidearekin bat egingo dute berriro. Hartara, aisialdirako gune zabal bat sortuko dute Lamiakon.
Historia handiko zubia
Udondoko bidegurutze horretan egin du azpimarra Rementeriak ere. Udondo errekaren gainean badago zubi berezi bat. Europan burdinurtuarekin eraikitako lehen zubietako bat izan zen. Jatorriz Bilbon egon zen, baina gero Leioara eraman zuten haren zati bat: han dago orduz geroztik. Ahaldun nagusiak kontatu du historia: “Bilboko Areatzan zegoen Isabel II.a zubiaren arkuetako bat dago Udondokoan. Bilboko zubia eraitsi egin behar izan zuten azken gerra karlistan. Bilborako zubi berria eraiki zuen Pascual Landa arkitektoak egin zuen Udondorako zubia ere, eta hark ipini zuen han, balioa eman nahi izan ziolako. Guk ere hori egingo dugu orain Udondon”.
Bulebarra egitearekin batera, lau hiriek bidegorrien sarea egokitu beharko dute, harekin lotzeko. Amaia Agirre Getxoko alkateak, berbarako, esan du Kale Nagusia oinezkoentzako kale bihurtu eta Zugazarte etorbidea egokitzean txirrindulariek aukera gehiago izango dutela haienean.