Amaia Igartua Aristondo
Batzuetan, ikerlaria harritu egiten da bere hipotesiak baieztatzen direnean, susmoa eduki arren, iruditeriak kontrakoa sinetsarazi diolako. Hein batean, hori gertatu zaio Javier Barrio Marro Enkarterrietako museoko zuzendariari Cadagua haraneko fabriketan behar egin zuten emakumeekin. “Eten bat egon da gure belaunaldiari dagokionez. Niretzat, fabrika lotuta zegoen metalgintzako gizonezko langileari, Labe Garaietakoari, eta gainontzekoaz ez nuen berririk”. Gainontzekoa berreskuratzeko ahaleginak egin ditu hainbat urtez, eta ikerketaren emaitzak erakusketa batean eta liburu batean mamitu ditu: Lantegietako emakumeak. Cadagua haraneko 11 fabrika. Lehena urtea bukatu arte bisitatu ahalko da Enkarterrietako museoan (Sopuerta), eta han lortu ahalko da argitalpena.
XIX. mendearen erditik XX.aren amaierara arteko tartea du hizpide egitasmoak, eta fabrika hauetako egoera islatzen ahalegintzen da: Zallako La Cabex-La Guata, La Papelera, Serrano, Plaza eta Plomos; Gordexolako Garsa; Gueñesko La Conchita; Alonsotegiko Rica; eta Balmasedako Muebles, Rodet eta La Encartada. Gehienak itxita daude orain. Egitasmoaren helburua da Bizkaiko industrializazioan emakumeek egindako ekarpena erakustea, Ana Otadui Biteri Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakariaren hitzetan. “Erakusketak erakutsiko du, alde batetik, garaiko egoera ekonomiko gogorra eta, beste aldetik, eskualdeko egitura industriala”.
Lantegi horietan behar egin zuten 30 bat langileren lekukotzak bildu ditu Barriok, gehienak emakumeak, eta bestelako materialekin biribildu ditu erakusketa eta liburua: ehun argazki zahar baino gehiago eskuratu dituzte —eta kutxak erabili dituzte marko bezala, garaiko egoeraren erakusle—, baita fabriketan ekoitzitako produktuetako batzuk ere, eta, halaber, XX. mende hasierako hiru makina handi utzi dizkie Alberto Mardonesek, Balmasedako lantegietan mende batez erabiliak izan zirenetako batzuk: La Universal, Tupi eta Desgrosadora.
Lantegietako egoera
Emakumeek ez zuten siderurgian lanik egin, baina askok egin zuten behar bestelako produktu batzuk egiten: komuneko papera, ahozapiak, kutxak, jutezko eta espartzuzko zakuak, zigarreta papera, altzariak, txapelak edo hestebeteak. Areago, fabrika batzuetan “gehiengoa” izan ziren, Barrioren arabera. “Serranon, 36ko gerrara arte langileen erdia ziren; Plomosen, %70; La Papeleran, %80; eta, nire ustez, Lacabex-La Guatan %90 izatera heldu ziren”.
Estimazioak dira, ez datu zehatzak, argitu duenez. Izan ere, COVID-19ak eragindako oztopoez gain —agiriekin lan egiteko, aurrez aurreko elkarrizketak egiteko…—, topatutako dokumentuek ere ez dute informazio askorik ematen. “Arazoa da, gizonezkoen kasuan ere bai, agirietan langileen zerrendak agertzen direla, eta aipatzen dutela gutxi gorabehera zer egiten zuten, baina ez dute azaltzen fabriketako barne egoera zein zen, ordutegiak, lan motak…”.
Hori horrela, ahozko testigantzek “benetako garrantzia” dutela azpimarratu du Barriok liburuaren hasieran. “Zenbaitetan zehaztugabeak izan arren, askoz ere ikuspegi zabalagoa ematen dute emakume langileen eta lantegietan zeuzkaten lanpostuen aipamen soilek baino”. Hain zuzen, xehetasunak gehitu dizkiote ikerketari. “Testigantzek faktorien barrualdea azaltzen digute, lan egiteko modua, makinen funtzionamendua, ordutegiak, harreman pertsonalak, emakume langileen pertzepzioak, soldatei eta ordutegiei buruz duten iritzia…”.
Orain, andrazko langile horiek 60 eta 80 urteren artean dituzte. 14rekin hasten ziren beharrean, eta batzuk hamar-hamabost urte aritzen ziren fabrikan. Garaiko lege frankistak ezartzen zuenez, ezkondutakoan debekatuta zuten etxetik kanpo lan egitea, eta orduan joaten ziren lantegietatik. “Itzultzen ziren oso gutxi ordaintzen zuten enpresetara; oihalgintzakoetara, adibidez”. 1961ean, bertan behera geratu zen legea, baina praktikan debekua aplikatzen jarraitu zuten. “Emakume batzuek gaizki ikusten zuten lankide batek beharrean jarraitzea ezkondu ondoren. Hezkuntza frankistak hala irakasten zien”.
Alde hori ere agertzen du Barriok: garaiko testuingurua, eta horrek nola baldintzatzen zituen andreak. “Fabriketako lana erakutsi dugu, baita hortik kanpo egiten zuten beharra ere, hala nola seme-alabak ikastetxera eraman egunero, etxeko lanak egin, eta, batzuetan, fabrikako lana ere etxera eraman”. Bestalde, islatu dute “gizarteak eskatzen ziena”, batik bat 1954. urtean parroko batek idatzitako obra baten bitarte: La mujer ideal. “XX. mendeko emakumeei ezartzen zitzaizkien topiko guztiak biltzen ditu: dotore jantzi; bikotearen bila bazabiltza, atsegina izan, baina ez dominatzailea; senarra zaindu…”.
Generoaren araberakoa
Fabrika batzuetan gizonen eta emakumeen lanak zeuden, bereizita. “Lekukotzetan, gizonezkoek nabarmentzen dute eskulanetan emakumeek zuten abilezia; beraz, eskulanak, pieza txikien lanketa, josketa… Iradokitzen da emakumeek egiten zituztela lan horiek”. Emakumeak ikastetxetik fabrikara igarotzen ziren zuzenean, baina gizonek aukera zuten arteen eta ofizioen eskolan sartzeko, eta hiru urtean ikasten egoten ziren han. “Beraz, haiek baino ezin zuten izan mekanikoak, haiek egiten zituzten teknikoagoak ziren lanak. Andreek makinekin egiten zuten lan, baina ez zituzten konpontzen. Eskulanerako abilezia hori hala izan zitekeen, baina ez zuten garatzeko abagunerik”. Salbuespenak salbuespen, gizonek baino gutxiago kobratzen zuten.
Halaber, andreek egiten zuten “izugarrizko lana” ere azpimarratu diote Barriori elkarrizketatu dituen gizonezko langile ohiek. Lantegi batzuetan, baliabideak eskaintzen zizkieten. Esaterako, erakusketako argazki batean sehaskaz betetako gela bat agertzen da. “Ia enpresa guztiek, batez ere handiek, gizarte zerbitzu antzeko batzuk zituzten: botikina, adibidez. La Conchitan, sehaskak ere bazeuden, eta, dirudienez, baita haurrak zaintzen zituen andre bat ere”. Barriori iruditzen zaio “kontziliaziorako tresna” izan zitekeela, baina horren ifrentzuari ere erreparatu dio. “Aldi berean, esan nahi du ez ziotela lan egiteari uzten; modu bat zen haien produktibitatea handitzeko. Bularra ematera joaten ziren pareko gelara, eta berehala itzultzen ziren lanera”.
1970eko urteak mugarria dira emakume langileen egoerari dagokionez, Barrioren irudiko. Hori iradokitzeko, bi argazki jarri dituzte bata bestearen aldean: bata, 1950eko urteetakoa da, eta emakume batzuk ageri dira egurrez betetako zakuak jasotzen; bestea, 1970eko hamarkadakoa da, eta emakume bat ageri da laborategi batean. “Bat-batean, emakumeak sartzen hasten dira bulegoetara, laborategietara… Ordura arte galarazita zituzten esparru horietara. Prozesua luzatu egin zen: karguak gizonezkoenak izan ziren 2000ra arte, gutxi gorabehera”.