Ibai Maruri Bilbao
AHTaren aurkako mugimenduak kamioiek herrigunetik igarotzea debekatuta daukatela dioten trafiko seinalek ipini ditu Apatamonasterion (Atxondo). Izan ere, urte bi daroate arazo hori jasaten. “Pandemia hasieran obrak berriz martxan ipini zirenetik, etengabekoa da kamioien joan-etorria herrian”, azaldu du Igor Olaetxea Atxondoko AHTaren aurkako mugimenduko kideak. “Ukrainako gerragatik-edo” azkenaldian motelaldi bat izan dutela esan du, baina berriz ere lehengora itzuli direla. Udalak debekatua die handik igarotzea, baina agindua ez dute betetzen. “Nahi dugu Adifek AHTaren mapetan finkatuta dauzkan bideetan ibil daitezela”, dio Olaetxeak.
Obrak abiatu eta kamioiak herrigunetik pasatzen hasi zirenean, guraso elkartea eta mugimendua udalarekin elkartu ziren. “Baina ez genuen ezer lortu”. Beraz, presioa egitea erabaki, sinadurak biltzen hasi, eta mozio bat aurkeztu zuten udalean. “Batzorde batean eztabaidatu zuten: adostu zuten alkate dekretu bat onartuko zutela, kamioiak herrigunetik pasatzea debekatzeko”. Baina dekretua ez zen iristen; beraz, beste kanpaina bat abiatu zuten, “herria astintzeko”, eta, azkenean, udalak martxoko osoko bilkuran onartu zuen. Harrezkero indarrean dago debekua, baina kamioiak herrigunetik igarotzen dira oraindik. “Udalekoek esan digute oraindik seinaleak egin behar dituztela, aldizkari ofizialean argitaratu behar dutela, memoria bat egin behar dutela…”. Hortaz, itxaroteaz nekatuta, eurek sortu dituzte seinaleak, eta alkate dekretuaren kopiak ere ipini dituzte kalean. Oposizioarekin harremanetan ipini dira, eta presioa egiteko beste dinamika bat sortzea da asmoa. “Udala behartu nahi dugu bere dekretua betearaztera”.
Kamioiak Atxondotik Abadiñora lurra eroaten dabiltza, Atxondoko hondakindegiak zarratu egin zituztelako, epailearen aginduz. Egunean 60 kamioi inguru ibiltzen direla esan du Olaetxeak. Horrez gainera, zimenduak egiten ari dira, eta hormigoi armatuarentzako burdinazko egitura osatzeko materiala ekartzen ari dira orain. Hormigoia ere ekarri beharko dute. “Kalkulatu dugu bi mila kamioi inguru etorri beharko direla hormigoia ekartzera”.
Urteetako borroka
Atxondon urte asko daramatzate AHTaren aurka borrokan. Herritarrek eta udal ordezkariek oposizio zuzena egin zioten hasieratik proiektuari, eta, urteetan, azpiegituraren kontrako borrokaren ikur bilakatu ziren. Hamalau urteren ostean, obren lizitazioa egin, eta lanak abiatu zituzten 2020an, konfinamendu betean.
Olaetxeak do ez dutela galdu obra eteteko esperantza. “Abokatuekin gabiltza, aztertzeko lege aldetik zer aukera dauden”. Krisialdi ekonomikoak ere lagunduko diela uste du. “2008an, obrak moteldu egin ziren, eta materialak asko garestitu dira orain ere”. AHTaren aurkako mugimenduko kideak esan du kamioiak herrigunetik ateratzeak berak ere lanak garestituko dituela, 4,5 kilometro gehiago egin beharko baitituzte.