Gerran ostua itzuli dute Gautegiz Arteagara

Gerran ostua itzuli dute Gautegiz Arteagara

Javi West Larrañaga

Asteon bete dira 85 urte naziek eta faxistek Gernika bonbardatu zutenetik. 1937ko apirilaren 26a zen. Hurrengo egunean Gautegiz Arteagan jaurti zuten bonba bat, eta lau lagun hil ziren eta bi zauritu. Handik bi egunera sartu ziren tropa faxistak herrian, eta orduantxe ostu zuten, ustez, bertako batzokiko ikurrina. Oraintsu, EAJk berreskuratu du. Gaur aurkeztuko du Aitor Esteban EAJren Espainiako Kongresuko bozeramaileak Gautegiz Arteagan, eta, gaurkotasun politikoari buruz hausnartzeaz gain, ikurrina lortzeko egindako bidea azalduko die herriko alderdikideei.

Hamarkada luzez egon da ikurrina Espainiako armadaren eskuetan. Joseba Agirretxea EAJko diputatuak azaldu duenez, 2015ean jabetu ziren Salamancako Artxiboan zegoela, inbentarioa eguneratu zutenean. Orduan salatu zuen egoera Espainiako Kongresuan, eta Rafael Catala orduko Justizia ministroari galdetu zion ea zergatik zegoen han oraindik. Agirretxearen ustez, estatuak eta bere erakundeek oraindik ikurrin hori haien jabetzan izateak aditzera ematen zuen matxinoen oinordeko zirela. “Imajinatzen al duzu Alemanian edo Italian faxistek lapurtutako banderak erakustea museoetan?”, galdetu zion Catalari.

2015ean salatu zuen kasua EAJk, baina urteak behar izan dituzte berreskuratzeko. Agirretxearen arabera, “Espainiako Estatuaren kontzientzia arazo handia” da horren erantzulea. Adierazi duenez, Madrilek badaki arakatzen hasiz gero, “munstro” asko ateratzen direla: “Pentsatu izan dute armairuak itxita izanez gero, munstroak ez daudela, baina hor daude, eta guk horiek denak atera nahi ditugu”. Agirretxearen iritziz, halako hainbat objektu egon daitezke oraindik itzuli barik, eta ez dauka zalantzarik Espainiako armadan horiek bueltan ematearen kontrako ahotsak daudela.

Gau

(Duela 85 urte ostutako ikurrina, gaur, Gautegiz Arteagako udaletxean)

Oraindik lanean

36ko gerran hainbat ondasun konfiskatu zizkieten bando errepublikanoko alderdi eta pertsonei. Batzokiak, enpresak, etxeak eta lokalak kendu zizkioten EAJri, eta tantaka itzuli zizkietela gogoratu du Agirretxeak: “Luzaroan itxaron behar izan genuen demokrazia heldu ondoren, gutxika-gutxika itzuli zizkiguten batzuk, baina ez denak”. Esan duenez, itzuli ez dituzten gauzen artean daude Jose Antonio Agirre Jaurlaritzako lehendakariaren paperak.

Gautegiz Arteagakoaren antza duen kasu bat aurkitu zuen Agirretxeak 2013an, ikerketa bat egiten ari zela. Ceutako (Espainia) Espainiako Legioaren museoaren bideo batean ikusi zuen bertan ikurrin bat dagoela oraindik. Legionario batek azalpenak ematen zituen objektuei buruz, eta ikurrinera heltzean azpitituluek “horda marxistei kendutako gerra ospila” zela adierazten zuten. Kontua da ikurrin horrek JEL leloa daukala josita, eta, beraz, Eusko Gudarosteko batailoi jeltzale batena dela ondorioztatu du Agirretxeak. Kasu honetan, jabetza Eusko Jaurlaritzarena izango litzatekeela adierazi du diputatuak, eta lanean jarraituko dutela lortu arte.

Halako istorio bat zen Itxarkundia batailoiaren ikurrinarena ere. 1984an, Joseba Elosegi gudari ohi eta sasoi hartan EAJko senatariak hartu egin zuen armadaren museotik, arropa azpian sartuta. Elosegik estatutik atera zuen ikurrina, eta, bere kargua tarteko, ez zuten epaitegietara eroan.

Eusko Legebiltzarrerako 2020ko hauteskundeen amaierako mitinean atera zuen lehenbizikoz Gautegiz Arteagako ikurrina EAJk. Alde batean “G. Arteaga’ko Batzokija” dauka josita, eta, bestean, Bizkaiko armarri zaharra. Gaurtik asteartera arte egongo da ikusgai udaletxean (10:00-14:00). Ondoren, Sabino Arana fundazioan gordeko du EAJk, Bilbon.