Moratoria “txalotu” dute, baina eukaliptoa zergapetzea nahi dute

Moratoria “txalotu” dute, baina eukaliptoa zergapetzea nahi dute

Ibai Maruri Bilbao

Joan den asteko osoko bilkuran, Batzar Nagusiek oniritzia eman zioten 2025eko abenduaren 31ra arte eukaliptoa landatzea debekatzen duen moratoriari. Neurriak ez die eragingo landatzeko baimena lortua dutenei edo indarrean sartu aurretik eskaera egina zuten baso jabeei. Pinuaren gaitza agertu zenetik, nabarmen ugaritu dira eukalipto landaketak Bizkaian, eta horri muga ipini nahi dio Bizkaiko Foru Aldundiak. 2020ko inbentarioaren arabera, basoen %15,6an dago landatuta. “Baso politika bat diseinatzen ari gara, baso espazio eta baliabideen antolamendu eta kudeaketa jasangarriak bultzatuko dituena, mendietan bat egiten duten ingurumen, ekonomia eta gizarte interes askotarikoak bateratuz”, esan du Amaia Antxustegi Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko foru diputatuak.

“Ez genuen espero”, aitortu du Kolore Guztietako Basoak plataformako kide Keko Alonsok. “Pauso positiboa da, ausarta, txalotzekoa. Baina uste dugu oinarrizko beste gauza batzuk falta direla”. Besteak beste, debekuak iraupen laburra duela deritzo, eta beldur da urteotan landatu ezingo dena lantzatzen hasiko ote diren 2026an. Arazoari “egiazko” konponbidea ipini gura bazaio, “ezinbestekotzat” jo du eukalipto landaketak zergapetzea. “Tabakoak, alkoholak eta bestelako drogek pertsonengan eragiten duten kaltea eragiten du eukaliptoak ekosistemetan”, esan du Alonsok, alderaketa bat eginez.

Substantzia horiek zergapetuta dauden bezala, eukaliptoak ere hala egon beharko lukeela uste du. “Tabakoak edo alkoholak bezala, baso jabeak berehala asetzen ditu: onurak ematen ditu, baina gizarteari eragiten dizkion kaltea eta gastua ere itzelak dira”. Zergapetzeak lagunduko luke baso jabeek uler dezaten eukaliptoak zer gastu eragiten dion gizarteari, erretzaileek tabakoak osasun publikoari eragiten diola ikusten duten bezala, eta, aldi berean, kalte horiei aurre egiteko ogasun publikoak dirua lortzeko modua litzateke.

Antxustegik esan du bere saila mendi eta basoen kudeaketarako foru araua berritzen dabilela. Alonsok argi du zer jaso behar lukeen: dibertsifikazioa sustatzeko neurriak. “Diputazioak ulertu behar du adituek diotena: modu naturalean gertatuko litzatekeenetik zenbat eta aldenduago, basoak ezegonkorragoak dira”. Salatu du “eukaliptoaren lobbyak” landa garapenarekin lotu ohi duela espeziea, baina ukatu egin du: “Landa inguruan lauk egiten duten negozioa da. Landa garapena beste zerbait da: kalitatezko enplegua, biztanleria ez galdu eta berria erakarri, galdutako zerbitzuak berreskuratu…”.

Hostozabalak landatzen laguntzeko diru laguntzak eskatu dizkio diputazioari. “Iaz esan zuten hostozabalak landatzearen kostuen %100 diruz lagunduko zutela, baina ez da egia: kalkuluak zaharkituta dauzkate”, kexatu da Alonso. Gainera, azaldu du altzarigintzarako arbola lirainak behar direla. Horretarako, arbola dentsitate handia landatu behar da: “Hektareako seiehun landatzeko laguntza ematen dute, baina, lirainak lortzeko, adituek diote 1.100 behar direla, gutxienez; kostuen erdiak pasatxo ordaintzen dizkizute”.

Landa garapena

“Ingurumenean eta ekosistemetan ez ezik, arlo sozioekonomikoan ere kaltea eragiten du eukaliptoak”. Haren ustiapenak enplegua suntsitzen duela esan du Kolore Guztietako Basoak plataformako kideak. Azaldu du gehien papergintzarako erabiltzen dela. “Gizarteari sortzen dion onura ekonomikoa hutsaren parekoa da; mozten da eta paper fabrikara eroaten da”. Pinuari dagokionez, parte bat papergintzarako izaten da, beste bat zerrategira eroaten da, eta beste bat zurgintzarako da. “Eukaliptoarekin aberastasuna eta enplegua sortzen duten beste enpresa horiek ez daude”.

Argi utzi du pinua ere ez dela aukera egokiena: “Pinuarekin, zurgintzako Bigarren B Mailan lehiatzen gara; eukaliptoarekin, Hirugarren Mailara jaitsi gara; Lehen Mailan jokatzeko, baso hostozabalak behar ditugu. Espezie hostotsu autoktonoek osatutako baso masak askoz egonkorragoak dira aldaketen eta mehatxuen aurka”. Hala, ekoizpen eredu berri baten alde egin du, ekologikoa eta espezie autoktonoetan zentratua, mozketa bakoa eta basoak ekosistema gisa duen funtzionamenduan oinarritutako kudeaketa duena.