Etorkizuna, hari batean

Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioak ohartarazi du urte gutxi barru merkataritza sektoreko 3.200 profesional baino gehiago erretiratuko direla, eta gehienetan ez dagoela lekukoa hartuko dien inor.

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko merkataritza hari batean dago. Ordezkoak behar dituzte; premia dute”. Cecobi Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioak jakinarazi du premiazkoa dela belaunaldi berriek lekukoa hartzea erretiroa hartuko duten merkatariei, baina ez dutela hautematen erreleborik egongo denik. Eta asko dira luze gabe jubilatuko diren merkatariak. Datuak eman ditu konfederazioak: “Datozen urteetan gaur egun sektorean jarduten diren 3.200 profesionalek baino gehiagok erretiroa hartuko dute, eta ez dute euren negozioa hartuko duen ordezkorik”. Hala ondorioztatu du Cecobik merkataritzaren egoerari buruz 2021ean egindako txostenean.

Azterketa horrek berak ondorioztatu du merkataritza jarduerarekin jarraitu nahi duten ekintzaileei “aukerak” eman behar dizkietela. Izan ere, ordezkorik ezean, herri eta hirietan finkatuta dauden hainbat enpresak atea itxi beharko dute. Harategiak, urdaitegiak, arropa dendak eta liburu dendak dira merkatarien adinagatik kaltetuen dauden sektoreak. Harategi eta urdaitegien sektorean gaur egun jarduten diren langileetatik 253k 60 urte baino gehiago dituzte; horietatik 202 establezimenduon jabe diren autonomoak dira.

Arropa dendariei dagokienez, 500 langilek dituzte 60 urte baino gehiago; horietatik 367 autonomoak dira. Eta liburu denden sektoreko langileek ere nabarmen egingo dute behera epe laburrean; hain zuzen, aurreikusi dute datozen bost urteetan langileen %12,35 erretiratuko direla.

Jon Lasa Cecobiko idazkari nagusiak azaldu du belaunaldi aldaketaren behar horrek ez dituela harritzen: “Populazioaren piramidea zahartzearen eraginez dugun egoera demografikoaren ondorio da egoera hau”.

Bizkaiko eskualde guztietan dago antzeko egoera. “Hala ere, arreta eman digu Txorierriko egoerak. Joera negatiboagoa duela esan genezake. Gainera, merkataritzaren ordezkaritza enpleguan %4koa da, eta beste eremuetan, batez beste, %10ekoa”.

Cecobiren txostenak agerian utzi du EAEn, Araba eta Gipuzkoarekin alderatuta, Bizkaian dagoela autonomorik gehien txikizkako merkataritzan. Araban afiliatu guztien %21 dira era horretako autonomoak; Gipuzkoan, %29; eta Bizkaian, %40. Bizkaian erregistratutako %40 horretatik %12 (22.035) euren azken etapa profesionalean sartuta daude.

Irtenbide bila

Cecobik zenbait neurri proposatu ditu Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailarekin duen lankidetza hitzarmenean garatzeko. Besteak beste, euren ibilbide profesionala txikizkako merkataritzara begira garatu nahi duten ekintzaileentzako neurriak landu nahi ditu: uste du epe laburrean profesionalak trebatu behar direla eta erretiroa hartu nahi duten merkatarien ordezko izan nahi dutenei laguntza eskaini behar zaiela.

Bestalde, Enpresen Transmisio Programa sustatuko dute. Ekonomia Sustatzeko Sailarekin batera ekonomikoki bideragarriak diren negozioei eta saltokiei “bizi berri bat” eskaintzea du helburu programa horrek. Proiektuak enpresen transmisioa du oinarri. “Helburua da ekintzaile batek edo gehiagok aukera izatea jada martxan dagoen enpresa bat bere esku hartzeko”. Hala azaldu du konfederazioak. Programa 2013an jarri zuten martxan. Orduz geroztik, “berrehun ekintzailek hartu dute negozioen lekukoa horiek hazarazten jarraitzeko. Euren ideien eta motibazioen ekarpena egin dute sortze fasetik pasatu behar izanik gabe”, gehitu dute.

Negozioei eusteko gakoak

Lasaren esanetan, “planteatzen diren konponbideek errelebo aukera gehien duten sektoreak etengabe bistaratzean oinarritu behar dute”. Horrez gain, “erakundeekin batera ekintzaileak trebatzeko plan zehatzak osatu” behar dituztela uste du. “Belaunaldi berriei aholkatu eta lagundu behar zaie, eta negozioei jarraipena emateko formula erakargarriak bilatu behar dira. Hori da gakoa egungo ehunari eusteko”.

Lasak zehatu du Bizkaian hamar lanpostutatik bat dagokiola merkataritzari, “afiliazioari dagokionez. 46.500 enplegu inguru izango dira”. Sektore horren garrantzia azpimarratu du. “Merkataritzari dagokionez osasuntsua den eskualde batean kultur eta gizarte aukerak azkarrago aktibatzen dira, eta ekonomikoki balioa handitzen zaien lekuak dira. Biztanleen joan-etorriak murriztuta jasangarritasunari mesede egiten dieten tokiak ere badira”.