Natalia Salazar Orbe
Abenduan baieztatu zuten albistea: Agaleus enpresak hondakinak tratatzeko lantegi bat jarriko du Ortuellan. Bargilla industrialdean egongo da, 16.500 metro koadroko orube batean, eta 2025ean hasiko da martxan. Iragarpenaz geroztik, Sader Ez plataforma borrokan ari da lantegi hori herrian ez jartzeko. Joan den domekan manifestazioa egin zuten. Meatzaldeak eta Ortuellak diote: La Bargillan… Sader ez! leloa zuen pankartaren atzean atera ziren kalera.
“Gure izenak adierazten duen legez, gure herrian industria produktu arriskutsu eta ez-arriskutsuak birziklatzeko enpresa bat jartzearen kontra gaude”, azaldu dute ohar bidez. Antzeko lantegi batek izan duen bilakaerak piztu die larritasuna Ortuellako bizilagunei, plataformako kideek azaldu dutenez: “[Bilboko] Zorrotzan enpresa berak bi lantegi ditu: Profersa eta Sader. Esaten dute txarra Profersa dela, baina biak dira Agaleus enpresarenak. Zorrotzako bizilagunak nekatuta daude kearekin. Esan dute Profersa, kalterik handiena eragiten duena, Katabriara bidaliko dutela, eta Sader hemen utzi”.
Sader Ez plataformako kideak ez daude konforme lantegia jartzeko aukeratutako tokiarekin. “Ezin daiteke populazio eremu baten erdian jarri. Ortuellan esperientzia daukagu jada hainbat enpresaren usainekin. Herritarrei eragozpena sortzen diete. Kexatuz gero, adituak bidaltzen dituzte tximinietatik isuri ezin daitekeen produkturik dagoen neurtzera, baina usainen aurka ez dago ezer”.
“Enpresa batek zarata handia egiten badu, abisua ematen diete, baina usainak kontrolatzea oso zaila da”. Horregatik uste dute “arriskua” dutela: “Usaina duten produktuak tratatuko dituzte; nolabaiteko produktu toxikoak izango dituzte, baina esaten dute inerte bihurtuko dituztela. Bai, baina kamioiak atzera eta aurrera ibiliko dira. Ezaugarri horiek dituen enpresa bat jartzeko Euskadi osoko leku bakarrak bi herriren artean egon behar du? Kilometro bateko eremuan 10.000 herritar bizi gara”. Ortuella eta Gallarta artean dago Bargilla industrialdea. Uste dute hori ez dela logikoena. “Horrek erakusten du lehen eta bigarren mailako herritarrak gaudela. Eta hirugarren mailakoak garenoi jartzen digute dena. Hori salatzen dugu: ezin dugu onartu Meatzaldea Euskadiko zabortegi bihurtzea”.
Herriaren defentsa
Euren “herria, ingurunea eta airea defendatzeko deia” egin zuten domekan. Mobilizazioaren barruan hasia zuten sinadura bilketari ere jarraipena eman zioten. Ia 3.000 sinadura batu dituzte Change.org plataforman.
Agaleus enpresak hemezortzi milioi euro inbertituko ditu Ortuellako lantegian. Esan dute instalazio berriak 50 lanpostu zuzen sortuko dituela, eta zeharkako 150.
Agaleusen lantegian oliotik, lokatzetatik eta industria solido eta likidoetatik eratorritako hondakinak aztertu eta sailkatuko dituzte, gero tratamenduak egiteko. Urtean 120.000 tona hondakin tratatuko dituzte, eta kamioiek 4.500 joan-etorri egingo dituzte. Sader Ez plataformakoek salatu dute “airea hondakinez beteta” egongo dela, Ortuellan ez ezik baita inguruko herrietan ere; besteak beste, “Trapagaranen eta Gallartan”.
Bizkaiko Hitza Ortuellako Udalarekin harremanetan jartzen saiatu da, baina ez du lortu. Hala ere, Saulo Nebreda alkateak hitz egin izan du lehenago lantegi horren onurei buruz. Haren esanetan, “ekonomia zirkularraren jasangarritasunarekiko eta garapenarekiko konpromisoa erakusten duten Agaleusenaren moduko proiektuek gure herria modu jasangarrian haztea erraztuko dute, baita aberastasuna eta enplegua sortzea ere”. Nebredak iragarri zuen hondakinak tratatzeko enpresarenaren moduko proiektuak lagungarriak izango direla herria inguruko “industria polo nagusietako bat” bilakatu dadin.