Gerraz eta bakeaz gogoetan

Gerraz eta bakeaz gogoetan

Ibai Maruri Bilbao

Entzun dut irratian gobernuaren ordezkariak merkatua bertan behera utzi nahi izan duela, eta baita arratsaldeko pilota partiduak ere. Esan du hobe dela ez bagara etxetik irteten”, hasi da Begoña kontatzen. Eta, halako batean, bonba hotsak entzun dira. Gernikako Bakearen Museoan dago Begoña delako horren etxeko areto bat. Mahaia albo batean, armairuan irrati zaharra, horman Begoña eta senarraren argazkia, eta baita egutegi bat ere: apirilaren 26a dela dio, 1937koa. Alemaniako erregimen naziaren hegazkinek Gernika-Lumo bonbardatu zuten eguna. Bonbak lehertzen entzutean, argia joan, eta zoruak dar-dar egiten du, bisitariari gertaera hura zelakoa izan zen sentitzen laguntzeko.

Aire eraso hura eta 1936ko gerrak herrian eragindako mina eta suntsipena kontatzeko asmoz sortu zuen Gernika-Lumoko Udalak Gernika museoa, 1998an. 2002an, fundazio bat sortu zuten udalak, foru aldundiak eta Jaurlaritzak, eta museoari izena aldatu zioten: Gernikako Bakearen Museoa deitu zioten. “Azken urteetan Gernikan egindako lana ere islatu nahi izan zen, bakearen kulturaren eta giza eskubideen inguruan; batez ere, Gernika Gogoratuz bezalako taldeena”, kontatu du museoko zuzendari Iratxe Momoitiok. 2009an, beste eraldaketa bat egin zuten, eta berriro memoria eta historia gaietara itzuli dira. “Bakea eta giza eskubideak transbertsalak dira oraindik, baina jada ez daude fokupean, gai horiek lantzeko beste erakunde batzuk sortu baitziren”.

Erantzuteko lau galdera

Museoaren beheko solairuan dago Begoñaren etxea. Erakusketa iraunkorraren parte da. Momoitiok esan du lau galderaren inguruko gogoeta eragin nahi dutela: “Zer da bakea? Zer gertatu zen bakerik ez zegoen garai batean Gernikan, hau da, bonbardaketan eta gerran? Zer gertatzen da gaur egun bakearekin eta giza eskubideekin munduan? Gernikan bizi izandakoa kontatzen diguten zer lekukotza iritsi zaizkigu?” .

Gernikako Bakearen museoa

Erakusketa iraunkorra, bada, bake hitzaren esangura bilatzetik hasten da. “XXI. mendean, zerekin lot dezakegu? Hor agertzen dira bitartekaritza, arbitrajea, bake positiboa, bake negatiboa. Askotan bakea ez da lortzen indarkeria zuzena bukatzen denean; indarkeria kulturala eta egiturazkoa ere garrantzitsuak dira”; hala azaldu du lehen atalak zer gogoeta sustatu nahi duen. Bigarrena da Begoñaren etxea. Hirugarrenean, deuseztatutako hiri bat islatzen da, kristalezkoa. “Hori da alde historikoa: nola sortu zen Gernika, zer gertatu zen bonbardaketan… eta bukatzen da Gernikaren eta Alemaniaren arteko adiskidetzearekin”. Ondoren, munduan egondako beste adiskidetze batzuk erakusten ditu ikus-entzunezko batek.

Goiko solairuan, Pablo Picassoren Gernika koadroaren erreplika bat dago, eta haren ibilerak kontatzen dira. Testigantzen aretoan, bi ikus-entzunezko daude. Batean, William Smallwood Egurtxiki-k 1970eko hamarkadan jasotakoak daude, bonbardaketa helduak zirela bizi izan zuten gernikarrenak. Bestean, Gogora institutuak erasoa umetan sufritu zutenei 2018an grabatu zizkien lekukotzak. Azken aretoan, Gernika koadro zatitu baten bidez, giza eskubideak lantzen dira.

Aldi baterako erakusketak ere antolatzen ditu museoak. Asteon bukatuko da EHUrekin batera gerrari buruz egindako gogoeta. Hilaren 25ean, gerratik ihesi Txilera joandako bermeotar bati buruzkoa inauguratuko dute.

Gernikako Bakearen museoa