Denontzako Hezkuntza

Hezkuntzarena izan da gehien aldatu diren legeetako bat. Gobernura iritsi den talde bakoitza saiatzen da bere gustura egokitzen. Etengabeko aldaketa horien ondorioz, irakasleek, gurasoek eta ikasleek zalantza gehiago dituzte erantzunak baino, eta haiekin proban eta errorean ari diren irudipena dute. LOMLOE berri hau ez da salbuespen bat izan.

Hilaren hasieran, Errekaldeberriko BHIko gurasoek eta ikasleek, Errekalde auzoko hainbat kolektiborekin, elkarteekin eta ikastetxeko hezkuntza-komunitateko kideekin batera, ikasleak selektibitaterako prestatzeko eta unibertsitatean sartzeko aukera ematen duen batxilergoa kentzeko asmoa salatu zuten. Haien ustez, Hezkuntza Sailak bere kabuz ezarritako neurriak herritarren segregazio sozioekonomiko eta kulturaleko politiketan sakonduko luke. Beraz, Eusko Jaurlaritzari eskatu zioten behar diren baliabideak jar ditzala ikasleek ikasketak hiru batxilergoetan egin ahal izan ditzaten, auzoan unibertsitate-ikasketetarako sarbidea erraztuko duen ibilbide publiko bat bermatzeko eta antzeko ezaugarri sozioekonomikoak dituzten auzoetan eragina izan dezakeen hezkuntza-politika bat inposatzeari uzteko.

Hori honela izanda eta egondako bilerak direla medio, Hezkuntza Sailak hiru batxilergoak bermatuko ditu eta inguruko hezkuntza-ibilbidea gainbegiratzeko eta behar izatekotan birmoldatzeko ardura hartuko du. Beste behin agerian utzi dute herri antolakuntza guztiz beharrezkoa dela auzoen eta pertsonen bizitza duina bermatzeko.

2022an indarrean sartu den Hezkuntzari buruzko Lege berriarekin (LOMLOE) Batxilergoko modalitate berri bat ezarriko da, unibertsitaterantz barik Lanbide Heziketarantz bideratua. Batxilergoko modalitate hau sortzeko ideia ez da txarra. Arazoa, historian zehar, langile-profila izan duten auzoetako ikastetxe batzuk Batxilergo horretara eta beste batzuk unibertsitaterako sarbidea ematen duen Batxilergora bideratzean sortzen da.

Horri gehitzen badiogu itunpeko ikastetxeek, oro har, bi ereduak eskainiko dituztela, askok esango lukete segregazioa areagotu daitekeela.

Honi buelta emateko, irakasleek, gurasoek eta ikasleek hainbat mobilizazio hasi zituzten beren ikastetxean modalitate hori aplika ez dadin, Ibarrekolanda BHIren borrokari jarraituz, non Arte Batxilergoa kendu nahi zien Hezkuntza Ordezkaritzaren proiektua hainbat mobilizazioren bitartez atzeratzea lortu zuten.

Nire ustez, ikastetxe batzuetan modalitate bat eskaintzea eta beste batzuetan ez, bereiztea da, ikasleak auzo jakin batzuetako ikastetxeetan edo zuzenean itunpeko hezkuntzan matrikulatzera behartzea baita. Irmoki sinesten dut aukera-berdintasunean eta auzoko kide izatea bultzatzearen garrantzian. Zure auzoan ikasteak komunitatearekiko loturak hobetzen ditu, bizikidetza hobetzen du eta auzoa sortzen du.

Denboran iraungo duen eta ikasle eta irakaskuntza-komunitate guztien errealitatetik zuzena eta hurbila izango den lege bat lortzeko, adostasun politikoan oinarrituta egon beharko luke, eta irakasleen eta ikasleen komunitatearen babesa izan beharko luke; azken finean, horiek pairatuko baitute. Hori borondate politikoarekin eta herritarren parte hartzearekin bakarrik lortu ahal izango da. Gaur egun boladan ez dauden bi gauza. Beraz, gizarteak kalera irten beharko du gure agintariak norabide horretarantz bultzatzeko.