Ibai Maruri Bilbao
Gaur egungo teknologiei esker, itsasontzietan erraz jakiten dute nondik nora dabiltzan. Baina halakoak agertu arte, marinelak argi seinaleen bidez orientatu izan dira. Lehen itsasargiak sua baino ez ziren izaten. Garrak eguraldi txarretik babesteko egiturak eraikitzen zituzten. Lekeitioko Santa Katalina lurmuturrekoa 1862an inauguratu zuten. Olio lanpara batek egiten zuen argi hasieran. Argindarrarekin 1957tik dabil, eta, gaur egun, farozainik ere ez du. Hura eta haren familia bizi ziren etxean Itsas Nabigazio Tekniken Interpretazio Zentroa dago 2010etik. Sarreran, hiru minutuko ikus-entzunezkoak egiten du harrera, eta itsasargien historia guztia azaltzen du: zein izan zen lehena, zein den gaur egun martxan dagoen zaharrena, eurenak eraiki zenetik bizi izan duen bilakaera…
Lekeitioko Turismo Bulegoan hartu behar da ordua bisitarako. Hogei lagunek egin dezakete aldi berean, baina oraindik COVID-19ari aurre egiteko murrizketak indarrean daude, eta hamabostean dute muga. Zentroaren sarreran gidari bat izango dute zain bisitariek. Zapatu eta domeketan egoten da zabalik, baina datorren astean eguenean eta barikuan ere irekiko dute, jai egunengatik.
Laureano Diaz Benitez eta haren sendia izan dira itsasargian bizi izan diren azkenak. Lekeitioko Turismo Bulegoko Marijo Esteok azaldu duenez, 1950etik 1981era Santa Katalina itsasargiko itsas seinaleen teknikari mekanikoa izan zen Diaz Benitez. Itsasargian jaio ziren bost seme-alaba zituen. “Ez zegoen argirik herritik itsasargiraino. Egunero piztu behar zituen argindar sorgailuak faroko argia pizteko. Sorgailuek huts egiten bazuten, sirena bat zuten etxe barruan. Egunero idatzi behar izaten zuen egunerokoa”. Ondarroako eta Lekeitioko portuko argi txikiak ere konpontzen zituen.
Hiru areto nagusik osatzen dute zentroa. Lehen gelan, teoria azaltzen dutela esan du Estejok; hau da, itsas nabigaziorako teknikak zein diren erakusten dute, ikus-entzunezkoen bidez. “Honako kontzeptuak azaltzen ditugu: itsasargiaren seinaleak, itsasontzien eboluzioaren historia, haizeak, astronomia, hidrografia, latitudea eta longitudea, nabigazioari lotutako tresnak, orratz teknikotik GPSra, eta mareak”.
Ekaitz eta laino artean
Hurrengo aretoan, simulagailu bat dute. Bisitaria txalupa batean sartzen da, eta Lekeitiotik Elantxoberainoko itsas bidaia gertaberritu ahal du, teknologiari esker, handik mugitu ere egin gabe. “Hainbat gauza gertatzen dira: ekaitza, trumoia, laino itxia, izurdeen bisita…”. Bideoak markatutako bideari jarraitzen diote bisitariek, eta itsasoko edozein zeharkalditan gerta daitezkeen egoera batzuk bertatik bertara bizi ahal izango ditu.
Hirugarren aretoan, portuan andreek zer egin izan duten erakusten duen ikus-entzunezkoa daukate. “Saregileen eta dei egitekoen lanak, emakumeek arrainen prezioa negoziatzen zutela bentan… Halakoak kontatzen dira. XVI. mendean, emakume asko ziren Lekeitioko ontzioletako negozio askoren buruak, eta sagardoaren produkzioa ere emakumeen ardurapean zegoen”.
Bisitak 50 minutu inguru irauten du. Bukaeran, itsasargiaren ondoko pasarelara joan daitezke bisitariak, eta handik nahi beste argazki egin. Farozainek ikusten zuten ikuspegia izugarria da, Euskal Herriko eta inguruetako kostalde osoa ikus daitekeelako.