“Osasun sistema publikoak egiturazko arazoak ditu”

Osasun Publikoa Aurrera plataforma sortu dute Getxon, Algortan. Osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen dute, eta lehen arreta indartzea lehenetsi dute.

Olatz Enzunza Mallona

Kantitatean eta kalitatean: bietan izan du eragina COVID-19aren izurriak Osakidetzako lehen mailako arretako jardunean. Markel Brouard Algortako (Getxo) Osasun Publikoa Aurrera herri plataformako kidearen arabera (Bilbo, 1990), baina pandemiak lehenagotik zeuden egiturazko gabeziak larriagotzea eragin du. Egoera konpontzeko asmoz, osasun langileek egindako aldarrikapenekin bat egin dute plataformako kideek, eta, herritar gisa, kalitatezko osasun zerbitzu publiko eta unibertsalaren alde borrokatzeari ekin diote. Aurrera begira, mobilizatzen jarraitzeko asmoa dute.

Osasun Publikoa Aurrera herri plataforma sortu duzue. Nolatan izan duzue halako plataforma bat sortzeko beharra?

Osasun zerbitzu publikoaren gainbehera larriagotzen ari dela ohartzeaz gainera, konturatu ginen esku pribatuen parte hartzea gero eta handiagoa dela. Ondorioz, ardura horretatik abiatu ginen. Osasun langileak greba egiten ari diren modu berean, guk geuk ere, herritar gisa, euren aldarrikapenak babestu behar ditugula iruditzen zaigu. Hemezortzi aldarrikapeneko taula bat osatu dugu, eta bi ardatz nagusi markatu ditugu: pribatizazioa amaitzea eta kalitatezko osasun zerbitzu publikoa bermatzea. Betiere lehen mailako arretan foku nagusia jarriz.

Pandemiak gehien kolpatu duen Osakidetzako sektoreetako bat, lehen mailako arreta izan da. Egun, nola dago egoera?

Egia esan, horixe izan da batzera eta antolatzera bultzatu gaituen arrazoietako bat. Lehen mailako arreta da gure egunerokotik hurbilen dugun zerbitzua, baina, zoritxarrez, ez dugu hala nabaritzen. Utzikeria nabaria da. Pandemia garaian are gehiago murriztu dituzte baliabideak, eta, beste kontu batzuen artean, aurrez aurreko arretarik eza eta arrakala digitala nabariak izan dira. Hala ere, argi dugu ez dela kasualitatea izan: pandemiarekin asko larritu da egoera, baina lehenagotik dator lehen mailako arretaren gainbehera.

Eusko Jaurlaritzak dio Osakidetzan izan diren arazoak pandemiako gainkargaren ondorio izan direla. Zer iritzi duzue zuek?

Azkenaldian sarritan aipatu izan da zerbait koiunturala izan dela, baina ez da hala. Gure osasun sistema publikoaren oinarrian egiturazko arazoak daude. Pandemiaren aurretik ere egoera eskasa zen, eta langileek hori salatzeko grebak, manifestazioak… antolatzen zituzten. Osasun publikoa pribatizatzeko joera dago, eta lehen mailako arretari garrantzia eman beharrean, ospitaleetan jartzen dute arreta handiena. Bide beretik, lanaren gainkarga izateak eta lan baldintzen prekarizazioak kalitatean eragina izan du.

Pandemia izan da, beraz, nolabaiteko haustura ekarri duena?

Hala da. COVID-19ak argi eta garbi utzi du egiturak duen arazoa, eta bistaratu egin du. Egoerak gainezka egin du.

Eta zein izan daiteke lehen arreta indartzeko bidea?

Lehenengo eta behin, osasungintzako aurrekontuak igo beharko lirateke, eta, Osasunaren Munduko Erakundeak dioen bezala, lehen mailako arretara %25a bideratu beharko litzateke. Horrez gainera, langileen lan baldintzak ere hobetu beharko lirateke, profesionalek ahalik eta baldintza hoberenetan lan egin dezaten. Eta, oraingoz, amaitzeko, Osakidetza bera herritarren zerbitzura egokitu beharko litzateke. Hau da, herritarren beharrak aintzat hartu ahal izateko, demokratizatu egin beharko litzateke. Ez litzateke abiapuntu txarra.

Askotan entzun izan da EAEko osasun publikoa eredugarria dela. Hala da benetan?

Hala saldu izan digute, baina oker daude. Gure osasun sistema publikoak gabezia asko ditu. Esaterako, ekitatea da kalitatezko osasun sistemaren ezaugarrietako bat, baina publikoaren eta pribatuaren arteko harremana moztu ezean, ezinezkoa da hori gauzatzea. Osasun sistema publikoak gizartearen beharrak asetzen ez dituenean, dirua daukatenek pribatura jotzen dute, eta horrek ezberdintasun sozialak agerian jartzen ditu. Hortaz, argi dago lehen mailako arretak gainezka egin badu, urte luzez Eusko Jaurlaritzak hartutako politiken ondorioz izan dela.

Osasun publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa aldarrikatzen dituzue. Nola lor daiteke hori?

Neurri asko hartu beharko lirateke. Hasteko, bertan behera utzi beharko litzateke [Espainiako] 15/1997 legea. Izan ere, lege horrek edozein hornitzaileri ahalbidetzen dio osasun publikoan esku hartzea, nahiz eta pribatua izan. Unibertsala izango dela bermatzeko, [Espainiako] 16/2012 dekretua baztertu beharko litzateke; dekretuaren arabera, hiru hilabeteko errolda izan behar du herritarrak zerbitzua jaso ahal izateko, eta hori izugarrizko muga da. Horrez gain, lan baldintzak hobetu beharko lirateke, eta langileek formakuntza egokia jaso. Eta garrantzitsuena: industria farmazeutikoa eremu pribatutik kanpo utzi.

Joan den astean 1.200 erreklamazio orri helarazi zenizkien Uribeko ESIko zuzendaritzari. Jaso al duzue erantzunik?

Oraingoz ez. Uribe Kosta, Txorierri eta Mungialdeko hainbat plataformako kideok egin genuen bat mobilizazioan, eta, orain, zain gaude.

Aurrera begira, zer duzue plataformakook esku artean?

Oraingoz, bilera irekiak egiten jarraituko dugu, eta, aurrerantzean, mobilizazioak eta ekitaldiak antolatuko ditugu.