Ibai Maruri Bilbao
Gaur iluntzean irtengo da Bilboko Aste Santuko aurreneko prozesioa: 20:30ean, Albiako San Bizente elizatik abiatuko dira hiriburuko bederatzi kofradietako kideak Ama Doloretakoaren eta Aita Jesus Nekaldikoaren irudiekin. Gaurkoaz gain, beste hamalau prozesio egingo dituzte, hilaren 17ra bitartean.
Azkenekoak ekarriko du Bilboko Aste Santuko berritasun nagusia: ohiko Jesu Kristo berpiztuaren irudiaren ordez, berria estreinatuko dute aurten. Jesus Cepeda irudigile sevillarrak egindakoa da; katedraletik irtengo da, Pazko eguneko meza bukatzean. Horrez gainera, Cepedak berak egindako beste lau eskultura berri gehitu dizkiote Eguen Santu arratsaldean irtengo den Golgota izeneko pasoari. Gainera, aurten, paso guztiak oinarri gurpildunen gainean eroango dituzte, haien azpian distantzia mantentzea zaila delako. Kezka hori dutelako, Urduñan aurten ere prozesiorik ez egitea erabaki dute.
Balmasedan, Durangon eta Arkotxan (Zaratamo), gainera, nekaldien antzezpenak ere itzuliko dira, etenaren ondoren. Balmasedako Aste Santuak ohitura zahar bat berreskuratuko du etzi. Erdi Aroko izurrite batean hasi zuten tradizioa da: Kolitza mendirainoko 11 kilometroak egingo dituzte hamalau pertsonak, bizkarrean gurutze bat daroatela. 08:30ean abiatuko dira. “Ibilbide luzea da, eta lehen aldia dugu. Ez dakigu zenbat kostatuko zaigun. Posible da sei bat ordu behar izatea”, esan du Jose Angel Ramon Nekaldiaren zuzendariak.
Ruben Vadillo izango da Balmasedako Nekaldiko Jesus. Eguen iluntzean eta bariku goizean egingo den antzezpenean pertsonaia nagusia izango da. Lehen aldia du zeregin horretan, baina 2020tik dabil prestatzen. “Zama fisikoa baino gehiago emozionala da Jesus izatea, urte osoko lana eskatzen duelako. Baina niretzat zama hirukoitza izan da, hiru urte daramatzadalako zain”.
Bizkaiko Nekaldirik zaharrena da Balmasedakoa. Aitor Lainaga alkateak esan du herriak duen “ondarerik garrantzitsuenetakoa” dela. Unescori gizadiaren ondare immaterial izenda dezala eskatzea aztertzen ari da Balmasedako Udala. Kontatu du ikertzaile bat herriko Aste Santuari buruzko ikerketa egiten ari dela, Novia Salcedo fundazioak sortutako beka bati esker.
Arkotxakoentzat luzeagoa izan da itxaronaldia. Jende faltagatik ezin izan zuten antzezpenik egin 2019an. 2020rako lortu zuten parte hartzaile berriak erakartzea, baina izurriak berriz etxean geratzera behartu zituen. Ehun bat lagunek hartuko dute parte. Hala ere, izan dute trabarik: “Jesus antzeztekoa zenari ebakuntza bat egingo diote. Zaila da hain denbora gutxian ordezkoa topatu eta behar bezala entseatzea. Baina topatu dugu konponbidea: gidoia egokitu duen Aitor Saizek egingo du”, azaldu du antzezpena antolatzen duen Gazteak-Abi elkarteko Josean Chicak. Kontatu du urrian hasi zirela entseguekin. Baina izurriaren seigarren olatuak aste batzuez dena bertan behera uztera behartu zituen.
Durangon, hilabete eta erdi igaro dira entseguekin hasi zirenetik. Eguaztenean, eguenean eta barikuan, 21:00etan, Jesu Kristoren nekaldia osorik antzeztuko dute Santa Ana plazan.
Gastronomia eta musika
Aste Santuak hainbat arlotan du isla. Sukaldaritzan, esaterako, egun hauetako jaki izarretako bat bakailaoa da, eta Bilboko Zazpikaleetako tabernetan arrain horrekin egindako pintxoen lehiaketa egin ohi dute urtero. Aurtengoa martxoaren 25ean abiatu zuten, eta kontsumitzaileek etzi arte izango dute pintxoak dastatu eta gustukoena hautatzeko aukera. Bilbo Zaharreko, Zabalako eta San Frantziskoko tabernetan, pintxo nazaretarra delakoa izango dute salgai.
Kultura arloan, berriz, Bilboko Udalak urteroko Bilbao Ars Sacrum eliza musika zikloaren 18. aldia antolatu du. Bihartik hilaren 13ra bitartean, egunero, kontzertu bat eskainiko da Bilboko Elkarte Filarmonikoaren egoitzan, 19:30ean. Ensemble Diderot laukoteak eta Andrea Hill mezzosopranoak hasiko dute jaialdia Chris ist erstanden obrarekin.