Ibai Maruri Bilbao
Martxoaren 28an hasi zen datorren ikasturtean Batxilergoa ikasi ahal izateko matrikula egiteko epea, eta gaur amaituko da. Bilbon arazoak sortu ditu hainbat institututan. Ibarrekolandakoak izan ziren lehenak: salatu zuten Eusko Jaurlaritzak Txurdinaga Behekoa institutura eroan gura duela orain arte eurenean eskaini den Musika eta Arte Eszenikoetako eta Arte Plastikoetako Batxilergoa. Oraingoz, Eusko Jaurlaritzak ziurtatu die hurrengo ikasturtean ere Ibarrekolandako ikastetxean eskainiko duela. Errekaldeko Errekaldeberri institutukoek hartu diete protesten lekukoa orain Ibarrekolandakoei: joan den barikuan agerraldia egin zuten, salatzeko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak orain arte eurenean egon diren Zientzietako eta Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilergoak eskaintzeari utzi, eta orokorra izeneko batxilergo molde berria baino ez duela eskainiko.
Errekaldeberriko ikasleen gurasoen elkarteko Idoia Larrondok esan du “azken egunetan” Batxilergo Orokorrean ez ezik orain artekoetan ere matrikulatzeko aukera gehitu duela Jaurlaritzak web orrian. “Ez dakigu oso ziur noiz jarri duten, baina hasieran ez zegoen. Seguruenik gure protestengatik izango zen. Baina uste dugu orain berandu dela: matrikulazio kanpaina amaitzear da. Jende gutxi matrikulatu dela esan, eta kendu egingo dituzte”, azaldu du. Bizkaiko Hitza Hezkuntza Sailarekin hartu-emanetan jarri da, eta erantzun diote Errekaldeberri institutuan orain arteko batxilergoetan eta sortu berri den orokorrean matrikulatzeko aukera dagoela, eta hala egon dela “matrikulatzeko prozesua ireki zuten unetik bertatik”.
Larrondok esan du nahas-mahas honek hainbat ondorio izango dituela. Batetik, orain arte Errekaldeberrin ikasi izan duten asko, beste institutu batzuetara joan direla nahi duten batxilergo horren bila. Beste batzuek itxarotea erabaki dute, azkenean Errekaldeberrin nahi duten aukera izango dutelakoan. Baina ohartarazi du horiek azkenean leku barik geratzeko arriskua dutela. Beste institutu batzuetara joatearen ondorioez ere ohartarazi du. Batetik, Errekaldeko bizilagunen betiko eskaera izan da joan-etorriak egiteko arazoak konpontzea: “Auzoan Bilbobusa baino ez dugu. Esaterako, Deustuko Botikazahar institutura joango liratekeenek autobus bat baino gehiago hartu beharko lukete. Bestela, oinez joan beharko lukete. Edozelan ere, denbora asko galduko lukete joan-etorrietan, eta goizetan oso-oso goiz jaiki beharko lukete”. Gainera, kanpoan ikasteak deserrotzea ere badakarrela azpimarratu du: “Eskola auzotik kanpo dute, han egiten dituzte lagunak, eskola orduetatik kanpo ere hango lagunekin geratzen dira… Azkenean, ez dute loturarik Errekalderekin, hemen lo baino ez dute egiten, eta gurea lotarako auzo bihurtzen da”.
Errekaldeko ikasleen gurasoen elkarteek, ikasleek eta haien salaketarekin bat egin duten auzoko eragileek ohartarazi dute eurena dela Bilboko zazpigarren barruti osoan Batxilergoa eskaintzen duen institutu bakarra, eta arriskuan ikusten dute haren etorkizuna. Errekaldek 25.000 biztanle ditu. Ez dute gaizki ikusten Batxilergo Orokorra ere eskaintzea, baina besteei eustea ezinbestekoa iruditzen zaie. Haien esanetan, Batxilergo Orokor hori unibertsitaterako sarbidea prestatzeko baino gehiago sortu dute Lanbide Heziketara jotzeko. “Gure seme-alabek, unibertsitaterako prestatu nahi badute, ezinbestean auzotik kanpora joan beharko dute, edo ezingo dira unibertsitatera joan”, kexatu da Larrondo.
Eskola “ghetto” bihurtuta
Hezkuntza Saila auzo periferikoetan “degradazio politika” bultzatzen ari dela deritzo Larrondok. Esan du auzoko eskola “ghetto” bihurtzen ari direla. “Diru sarreren arabera puntuazio bat ematen dizute; zenbat eta apalagoak, orduan eta puntu gehiago. Horrek eragiten du baliabide gutxien dutenak sartzen direla eskolara; gehienbat, etorkinak. Beraz, ume asko Errekaldetik kanpo joaten dira ikastera, gurasoek ez dituztelako nahi seme-alabak etorkinez lepo dagoen eskola batean, edo kanpoan geratu direlako, diru sarrera apalak bai baina beste batzuek baino handiagoak izateagatik”. Azaldu du egun Errekaldeberrin ez dagoela garai bateko “aniztasunik”: “Hori ez da gizarteratzeko bidea”.