Eguaztenetik aurrera, Bilboko Basque Fest jaialdia

Bilboko Basque Fest euskal kulturaren jaialdiak zortzigarren aldia hasiko du eguaztenean. Aste Santuko jaietan bilbotarrei eta bisitariei kultura, kirol, gastronomia, merkataritza, musika eta zinema arloan eskaintza oparoa bermatzea da helburua. Horretarako, berrehun jardueratik gora izango dituen egitaraua ondu du udalak. Aurten, gainera, jaialdiak ikuskizun bat ekoitzi du, Euskal Sustrai Gaua izenekoa, dantza, musika eta herri kirolak biltzeko. Zapatuan eskainiko dute, Deportivon.

Berritasunen artean, Etxebarria parkean Bilboko artzain txapelketa jokatuko da estreinakoz. Era berean, trontza mistoko Bizkaiko Txapelketa ere Areatzan lehiatuko da, hilaren 16an. Izan ere, hura izango da, ohi bezala, herri kirol erakustaldien gunea.

Ohi legez, musika izango da jaialdiaren oinarri nagusietakoa. Hilaren 13an, inaugurazio ekitaldia Azkuna zentroan egingo dute. Euskal Herriko beste jaialdi batzuk gonbidatu dituzte, eta Arabako Aitzina Folk jaialdiari egokitu zaio lehen ekitaldi hori antolatzea: Basabi taldearen kontzertua izango da jaialdiaren abiapuntua. Basquefest.bilbao.eus web orrian dago egitarau osoa ikusgai.