Batxilergo berritua eskainiko dute irailetik aurrera

LOMLOE Espainiako hezkuntza legeak hezkuntza eskaintza eraldatuko du datorren ikasturtetik aurrera. Batxilergoan, besteak beste, adarrak berrantolatu dituzte. Hauek daude aukeran: Zientziak eta Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak; Artea musikaren eta arte eszenikoen adarrarekin; Artea arte plastikoen adarrarekin; eta Orokorra.

Batxilergo orokor horretan, beste batxilergo motetako lau ikasgai komunez gain, lehenengo ikasturtean Matematika Orokorra ikasi beharko da, eta, bigarrenean, Zientzia Orokorrak. Bi ikasgai horiek berriak dira. Beste bi irakasgai espezifikoak ikasleek aukeratuko dituzte: Kultura eta Arte Mugimenduak lehenengo urtean, eta Ekonomia, Ekintzailetza eta Enpresa Jarduera bigarrenean, edo beste batxilergoetan eskaintzen direnetatik bat.