Txakurrarekin korrika egitera

Txakurrarekin korrika egitera

Amaia Igartua Aristondo

Txakurra eta jabea soka luze batekin lotuta, korrika egiten. Hori da, funtsean, txakur krosa. Europako iparraldeko herrialdeetan sortu zen diziplina, lerak bultzatzen dituzten txakurren praktikatik eratorrita, eta han ditu, batik bat, ospea eta zaleak. Euskal Herrian ez da oso ezaguna, baina azken urteetan erabiltzaileen kopuruak gora egin du, Xabier Gonzalez Santamaria Deustuko Unibertsitateko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako irakasle eta ikertzailearen hitzetan. Joera horri hauspoa emateko, KorriCan programa pilotua sortu du.

Gonzalez egiten ari den doktorego tesiaren alde bat da egitasmoa, agiri sorta bat pilatzeaz gain, ikertutakoa praktikan jarri nahi zuelako. Eskola adinean daudenengan kirol horrekiko zaletasuna sortzea du helburu programak, hain zuzen: horretarako, Arrigorriagako institutuko DBHko 4. mailako ikasleek txakur kroseko lau saio izango dituzte datorren kurtsoan Heziketa Fisikoko irakasgaian, lehenik eta behin. Esku hartze horien emaitzak baloratu ondoren, eskolaz kanpoko talde bat eratuko dute: Ausartak Amarok Txakur Trail Mendi Eskola. Aurrera begira, egitasmoa Bizkaia osora hedatzeko asmoa dute.

Material zehatza behar denez, eta garestia denez —150 euro inguru balio du kit bakoitzak—, akordio batera heldu dira Non-stop Dogwear Norvegiako markarekin, eta materiala mailegatzeko aukera emango diete parte hartzaileei. Horrez gain, beste laguntzaile batzuk izango ditu KorriCanek: zehazki, Bizkaiko Foru Aldundia, Deustuko Unibertsitatea, Arrigorriagako Udala eta institutua, Bizkaiko Neguko Kirolen Federazioa, Neguko eta Mendiko Amarok Txakurkros kirol kluba eta Arrigorriagako Ausartak kirol eta aisialdi elkartea.

Txakur krosak onurak dituela dio Gonzalezek. “Osasuna ongizate fisikoa, psikologikoa eta soziala da, eta uste dut praktika horrekin lor daitekeela”. Lor dezake bai jabeak, baita txakurrak ere, hark dioenez. Kirola egitearen abantailak eskaintzen ditu txakur krosak; gainera, errazago zaletzea eragiten du, txakurrarekin batera joateagatik. Ikerlariak berak bizi izan du: orain dela sei urte hasi zen kirol hori praktikatzen, lagun baten gomendioari kasu eginda, eta, harrezkero, “motibazio handiagoa” du mendira joateko eta kirola egiteko.

Txakurrari ere egiten dio ekarpena; aintzat izanda, gainera, gaur egun askok ez dutela behar adina kirol egiten, Gonzalezen arabera. “Ordu erdi bateko entrenamenduarekin eman diezaiokegu txakurrari behar duen gutxieneko jarduera fisikoa”. Halaber, haiek lasaitzeko ere eraginkorra da; areago, hezteko erabiltzen du Amarok klub eta hezkuntza eskolak, esaterako. “Urduriak diren txakurrei aparteko energia baretzen zaie txakur krosa egin ondoren. Emozionalki orekatzeko ere oso jarduera ona da”.

Era berean, txakurraren eta jabearen arteko lotura “guztiz” aldatzen dela nabarmendu du ikerlariak. “Txakurra beti joango da jabea baino azkarrago”, Gonzalezek dioenez. Erresistentzia handiko animaliak dira, zenbat eta kirol gehiago egin, orduan eta gehiago eskatzen dutenak, eta, hori horrela, sokari lotutako bien erritmoa orekatzea da gakoa, entrenamenduen bidez. “Hasieran, beti ahalik eta lasterren joaten saiatu behar da, txakurra frenatuta joan ez dadin, eta gero dosifikatuz joan behar da. Txakurrak ez daki dosifikatzen, baina ikas dezake”, esan du Deustuko Unibertsitateko irakasleak.

Txakurraren zaintza

Edozein txakur arrazarekin batera praktikatu daiteke kirola, baina, betiere, oinarrizko kontu batzuk aintzat hartuta. KorriCan ekinbidean, ikasleek aukera izango dute euren txakurrekin korrika egiteko, albaitari batek haiek aztertu eta oniritzia ematekotan. Gainera, Julen Garcia Amarokeko hezitzaileak ere parte hartuko du proiektuan, eta hark ere kontrolatuko du animalien egoera.

Orobat, animaliak babesten dituzten bi elkarterekin egingo dute lan —APA SOS Bilbao eta Weimaraner Rescue—, eta hango txakur batzuek ere parte hartuko dute; besteak beste, ehiza txakurrek, “ikus dezaten adopzioan dauden txakur batzuk oso onak direla kirol horretarako”. Ildo beretik, adopzioa ere sustatzeko asmoa dute, eta txakur horiek adoptatzeko aukera izango dute parte hartzaileek.

Oinarrian, txakurrekin kirola egitea da KorriCanen asmoa, baina horiek tresna bezala erabili gabe, txakurrarekiko zaintza, enpatia, erantzukizuna eta errespetua lantzea ere baduelako jomuga. Hala, hastapen ikastaro batzuk emango dizkiete parte hartzaileei.