Osasungintza

Eragile sozial eta sindikalek eta auzo mugimenduak Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan salatu dutenez, COVID-19a aitzakiatzat hartuz, gobernuak pandemia aldia baino lehenagotik diseinatzen eta aplikatzen ari ziren osasungintza politika batzuk aurrera eramaten ari dira, non aurrez aurreko arreta eta zerbitzuen hurbiltasuna gero eta txikiagoa baita, horrek paziente eta langileen arteko erlazioan duen eraginarekin. Badirudi Osakidetzako murrizketek gure osasungintza publikoa pixkanaka pribatizatzearekin lotutako interesei erantzuten dietela. Bilbo pribatizazio horren adibide bat da; izan ere, gure auzoetan gure osasun zentroetako zerbitzuak desagertzen ari diren bitartean, kontsultak eta osasun aseguru pribatuen klinikak gure kaleetan ugaritzen ari dira. Murrizketa hauen ondorioz, zerbitzuaren kalitatea degradatzeaz gain lan-eskubideak murrizten ari direla nabarmendu behar da.

Bestalde, AEBen moduko herrialdeetako ereduari jarraituz, prozesu honek herritarrek osasun unibertsala eta doakoa eskuratzeko duten eskubidea galtzea suposatuko lukeela salatu beharra dago. Badirudi saltzen digutela aseguru pribatu bat behar dugula seguru sentitzeko. Ez digutena azaltzen da aseguru horrek ez gaituela babestuko guztiz, eta, zer edo zer larria pairatzekotan, osasun zentro publikora eramango gaituztela, zentro pribatuetan ez daukatelako behar diren tresnak erantzun duina emateko. Beraz, dirua eduki ala ez, zentro publiko batean sendatu behar izango zaituzte. Guztion ardura da osasun publiko sendoa eta duinaren alde borrokatzea.

Joera berri hau geldiarazteko, azken hilabeteetan, hainbat eragile, sindikatu eta gizarte eta auzo mugimenduk herritarren osasun beharrei erantzungo dien osasungintza sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren aldeko mobilizazioak, sinadura-bilketak eta lanuzteak bultzatu dituzte. Bihar, esaterako, 17:30ean Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko den manifestaziora deitu gaituzte, lehen mailako arretan inbertsio handiagoa egin dadin, kontsultan aurrez aurreko arretaren alde, itxaron zerrendak zorrotz mugatzearen alde, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonentzako etengabeko arretaren alde eta minbizia bezalako prozesu larrien diagnostiko goiztiarraren alde.

Kalera irteteko unea dela argi dago, gobernuei gogorarazteko ez gaudela prest osasungintza sistema publikoaren degradazioa onartzeko. Hartu duten bidetik jarraitzekotan, gure auzoetako bizilagunen arteko aukera ezberdintasuna eta honek suposatzen duen arrakala areagotuko da, osasuna negozio pribatuen interesen mesedetan utziz. Lehen mailako arretan oinarritutako sistema bat beharrezkoa dela aldarrikatu behar dugu osasun publikoa indartuko duelako, osasuna bere sustapen eta prebentziotik osoki jorratuko duena, —osasun fisikoa, mentala, aho-hortzetakoa, ingurumenekoa, lanekoa…— doakoa erabilera unean, koordainketarik gabekoa, eta ikerketa bultzatzen duena.