Lanean ere euskara nahi dute

Lanean ere euskara nahi dute

Olatz Enzunza Mallona

Azken urteotan lan mundua euskalduntzeko urratsak egin badira ere, sarritan gaztelania izaten da nagusi eremu sozioekonomikoan. Egoeraz jabetuta, Durangaldeko Mankomunitateak eta Arratiako Errota fundazioak hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoak jarri zituen martxan, nork bere bidetik, eta ari dira pixkanaka aurrerapausoak ematen. Bi eskualdeetan AEK Ahize hizkuntza aholkularitza taldea dabil bitartekari lanetan.

Durangaldean hamar bat hilabete igaro dira dagoeneko mankomunitateak Landue Durangaldean Lana Euskaraz izeneko egitasmoa martxan jarri zuenetik. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak onartutako Euskara Eremu Sozioekonomikoan Sustatzeko 2020-2023 Planaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Bizkeus proiektuaren barruan sortu zen, eta, izenak berak dioen bezala, Durangaldeko lantegietan euskara sustatzeko programa bat da. Mireia Elkoroiribe Durangaldeko Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, kezka baten ondorioz abiatu zuten proiektua: “Durangaldean, azken urteotan, asko handitu da euskararen ezagutza maila, baina erabileran ez dugu alderik nabaritu”. Bide horretan, lan mundua inplikatzea falta zela ohartu ziren: “Jendeak ikasketak euskaraz egin arren, lan munduan gaztelera da nagusi. Hori da aldatu nahi duguna”.

Landuek joan den urteko maiatzean eman zituen lehenengo pausoak, eta, oro har, pozik daude orain arte lortutakoarekin. “Oso egitasmo potentea da”. Denbora tarte horretan, hamahiru lantegik eta bi hezkuntza zentrok hartu dute konpromisoa euskara euren eremu sozioekonomikoan garatzeko. Elkoroiribek “elkarren arteko aniztasuna” nabarmendu du: “Enpresa handiak, txikiak, hasiberriak, sektore desberdinetakoak… daude tartean, baina denek dute helburu bera: Durangaldean euskara sustatzea”. Horietako batzuk dira, besteak beste, Azkar, Cafes Baque, Lantegi Batuak eta Txirula Musik. “Gutxi gorabehera, 800 langileri eragingo die”, adierazi du mankomunitateko presidenteak. Hizkuntza diagnostikoak egiten ari dira, eta, gerora, hizkuntza planak garatuko dituzte.

Arratiaren kasuan, lehenago ekin zioten proiektuari: 2018an. “Ikastetxetik lan mundura igarotzen, gure hizkuntzaren galera gertatzen dela ohartu ginen, eta hori saihestu nahi dugu”, kontatu du Iratxe Goikoetxea Errota fundazioko koordinatzaileak.

Dagoeneko, Arratian, 24 enpresak hartua dute konpromisoa arlo sozioekonomikoan euskara sustatzeko, eta, datozen bi urteetan, eusGara zerbitzuak eskaintzen dizkien tresnak baliatu ahal izango dituzte. Besteak beste, itzulpen zerbitzua, hizkuntza aholkularitza, diru laguntzen kudeaketa eta trebakuntza saioak. Errota fundazioak kudeatzen du eusGara zerbitzua, eta, Goikoetxearen hitzetan, arlo ugaritako lantegiak daude tartean: “Enpresa industrialak, hornitzaileak, banaketa enpresak, auto tailerrak, ostalaritza… 1.300 behargini baino gehiagori eragingo die”. Enpresa horietako gehienak txikiak edo erdi mailakoak dira, baina ehun langiletik gorako hiru enpresa daude: Batz, Ilunbe eta Ormazabal.

Gaur egingo dute Arratiako sinadura ekitaldia, Igorren. Konpromisoa hartu duten 24 enpresatatik hamabi izango dira han. “Gainerako enpresek ere jarraituko dute proiektuan lanean, baina, agenda kontuen ondorioz, ez da erraza izan egunerokotasunetik irten eta ekitaldira agertzea”.

Komunitate izaera

Aurrerantzean ere proiektua sendotzea da Landueren helburua. “Durangaldeko enpresa sarea oso zabala da, eta oraindik ere asko dago jorratzeko. Hazten eta batzen jarraitzea da gure erronka nagusia, Landue komunitateak handitzen jarraitzea”, dio Elkoroiribek. Bide horretan, Iurretako eta Zornotzako Lanbide Heziketa zentroetan praktikak euskaraz egiteko pilotajeak diseinatzen ere ari dira, eta ikasleei “euskarak duen garrantziaz jabetzeko” motibazio saioak eskaini dizkiete.

Egun, Durangaldean 3.901 enpresa edo establezimendu daude. Horien artean 250 langiletik gorako hamar enpresa daude; 50 langile edo gehiago dituztenak, berriz, 79 dira. Eskualdean behar egiten duten langileen ia erdiek —%45,6k— aipatutako enpresa horietan egiten dute lan. Era berean, eskualdeko herritarren %52,28 euskaldunak dira. Beraz, uste dute Durangaldearen ezaugarriek aukera handiak ematen dituztela lan munduan euskararen kudeaketan eragiteko, baita oraindik eremu honetako hizkuntza harremanak lantzeko ere.

Arratian, berriz, arlo sozioekonomikoari bi ildo berri gehituko dizkiote datozen hilabeteetan: turismoa eta Lanbide Heziketa. “Eskualdeko turista gehienak euskaldunak dira, baina euskararen erabilera ez da oso nabarmena. Bestetik, Lanbide Heziketako ikasleek praktikak euskaraz egitea ziurtatu nahi dugu”, dio Goikoetxeak. Kasu honetan ere, motibazio saioak egin dira Zulaibar Lantegi Ikastegia zentroko ikasleekin. Orain arte, eusGararekin bat egin duten enpresen lanketa banakakoa izan den arren, aurrera begira komunitate izaera indartzeko asmoa dute. “Harremanak sendotu nahi dira”.