Etengabeko sokatira hirigintzaren harira

Etengabeko sokatira hirigintzaren harira

J. W. L.

Urteetako borroka da hirigintzarena Uribe Kostan. Azken hamarkadetan, hainbat taldek salatu dituzte eskualdean ikusitako joerak. Sopelan Kiribile elkartea sortu zuten 2021eko ekainean, “eremuko eraikuntza politika erasokorrari” aurre egiteko, eta inguruko bioaniztasuna eta ondare historikoa zaintzeko. Eraztun berde bat egitea proposatu zuten herrian, eta Abaroko urbanizazioari alegazioak aurkeztu zizkioten.

Bestelakoa zen Tosuko landaren inguruko gatazka, Getxon. Ibarbengoako metro geltokia eraiki zuten 2011n, eta ondoko berdegune bat aprobetxatu nahi izan zuten hiru solairuko aparkaleku handi bat egiteko. Ekintza hori salatzeko, lursaila okupatu zuten auzokide batzuek, eta hainbat urtez eutsi zioten, baratze kolektiboekin. Azpiegitura eraikitzeko lanak adjudikatzean, baina, Tosu Betirako taldekoek erresistentzia kanpaldi bat egin zuten, obrak trabatzeko. Ez zuten lortu, eta eraiki egin zuten. 2020an zabaldu zuten jendearentzat Ibarbengoako aparkalekua. Urtebete geroago, Bizkaiko Garraio Partzuergoak txosten batean onartu zuen 295 lekuko parkingean hamasei autok soilik aparkatu zutela egunean, hau da, %5eko okupazioa bakarrik zuela. Azkorri Bizirik talde ekologistakoek ere salatu zuten Ibarbengoako aparkalekua “obra faraonikoa” zela.

Tosu Betirako asanbladatik sortu zen GuNe Kolektiboa 2019an, eskualdeko beste proiektuetan ere ipintzeko arreta, ikuspegi “globalago” batekin. Landaren problematik eskualde osokora igaro ziren, eta hirigintza eredu “basatia” salatu zuten, esanez “makroproiektuek” eta “higiezinen espekulazioak” esparru naturalen suntsipena dakartela. Batez ere, Larrabasterra auzoan eta Sopelan, oro har, dentsitate txikiko etxebizitzen eraikuntzaz ohartarazi zuten. Haien arabera, Bilboko Metropoliko LZPak eragin zuen joera hori. “Uribe Kosta lotarako hiri moduan erabili nahi dute; etxebizitzak eraikitzeko eskualdea izango da”, esan zion Bizkaiko Hitza-ri Ander Dokando kideak, 2019an.

Arazo urtetsu baten aurka sortutako erantzunak dira. Greenpeacek 2007an salatu zuen jada Araba, Bizkai eta Gipuzkoan lurraren erabilera izugarri handitu zela hamarkada bitan. 1987an, 23.607 hektarea zeuden erabilita, eta 2005ean, 47.295. Orduan halako bi. Hogei urte baino gutxiagoan historia osoan adina lur bete zela salatu zuten ekologistek, eta urbanizazio horren arrisku handiena kostaldean zegoela: Getxon, Bakion, Lezaman, Gatikan, Sopelan eta Berangon. Txostenean, hazkunde horren aurka egin zuen: “Zalantza barik, etxebizitzen kopuru horren arrazoia ez da benetako beharrizana edo herritarren ongizatea; mozkin ekonomikoen bilaketa da”.

Urte hartan, Getxoko Udalak bertan behera utzi behar izan zuen Andra Mari auzoan 8.368 etxebizitza eraikitzeko plana. 82 baserri kentzea zekarren, eta oraindik ere berdegune asko dituen auzo baten itxura nabarmen aldatzea. Auzokideen oposizioak eta 2.000 laguneko protestek, baina, lortu zuten udal gobernuak atzera egitea.