Bildumazalearen lehen urratsa

Bildumazalearen lehen urratsa

Amaia Igartua Aristondo

Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxeko sarreran bertan daude artelan denak: hormetan, askotariko koloreak antzeman daitezke, berde eta gorri biziak gertu daude urdin apaletik, eta argazki ilunagoak ere aurki daitezke. Han-hemenka, forma klasikoagoko eskulturak kokatu dituzte idulkietan, baita testurekin jolasten direnak ere, eta eskultura sailkapena bera kolokan jartzen duten musika tresna bitxiak ere bildu dituzte. Hogeitaka pieza dira, eta eskuragarri daude Artoteka artea mailegatzeko egitasmoari esker.

Bigarren urtez antolatu dute proiektua. 2021ean egin zuten aurrena, eta orduko hartan hamar sortzailek hartu zuten parte. Aurten, hamazazpi dira, eta bakoitzaren hiru artelan jarri dituzte mailegagarri. Kultur etxean, sortzaile bakoitzaren lagin bat edo bi ikusi ahalko dira apirilaren 13ra bitartean, eta egitasmoaren sare sozialetan ikus daitezke gainerakoak. Erakustoki bat eskaintzeaz gain, Artotekak pieza ekoitziak plazaratzeko aukera ere ematen die artistei, ez baitituzte obra berriak sortu behar propio.

“Bitartekaritza proiektu bat da. Asmo nagusia da tokiko arte garaikidea ezagutaraztea eta balioestea”, Oihana Sanchez sustatzailearen hitzetan. Bi ardatz nagusi ditu: batetik, tokiko artisten lana mailegatzea, edonork eduki ahal izateko etxean, lantokian edo ikastetxeren batean, esaterako; alegia, “artea demokratizatzea”, Sanchezen esanetan. Bestetik, askotariko jarduera osagarriak antolatuko dituzte, hitzaldiak, ikastaroak eta abar, artisten parte hartze aktibo bat sustatzeko. “Ez soilik artean heziak diren pertsonentzat, baita ikasleentzat, beste kolektibo batzuentzat edo osasun zentro batekoentzat ere, esaterako”.

Martxoaren 17an, Artotekako aurtengo eskaintza aurkeztu zuten Sanchez eta Laura Diez sustatzaileek Clara Campoamor kultur etxean, eta azpimarratu egin zuten publiko zabalago batengana heltzeko xedea, artean aditu direnez harago. Bide beretik, eskuragarri egin nahi dute sorkuntza: hala, hiru hilabeteko maileguak 50 euroko prezioa du, obraren lekualdatzea, muntatzea eta asegurua barne. Epea bukatutakoan, erabiltzaileak hura luzatzeko aukera izango du, baita artelana erostekoa ere. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak babesten dute proiektua.

Artoteka 2

Gaien aniztasuna

Artotekaren bildumak askotariko arte moldeak dituen arren —hala nola pintura, argazkilaritza, eskultura eta ikus-entzunezko sorkuntza—, piezak ez dituzte diziplinen arabera ordenatu. Aldiz, irizpide tematikoa erabili dute, eta gaurkotasuna duten sei ataletan sailkatu dituzte piezok: Eguneroko bizitza; Ekologia eta naturak; Errituala, identitatea eta memoria; Fantasia eta espekulazioa; Kolaborazioa eta komunak; eta Teknologia kritikoak. “Hitz egin nahi dugu artisten kezkez eta jorratzen ari diren lerroez. Horien bidez, beste modu batean hurbildu gaitezke arte garaikidera, ulertuta artea harremanetan dagoela testuinguruarekin”, Diezek esan duenez.

Edonola ere, lanak sailkapen hertsi batetik harago doaz. Jorratutako gaiak gerturatu dezake obra bat talde jakin batera, baina beste esanahi bat eman diezaioke erabilitako materialak. Hala gertatzen da, adibidez, Ivan Gomez Gutierrezen Argizarizko eskultura 7 piezarekin: Sanchezen arabera, Gomez materialarekin jolasten da forma abstraktuak lortzeko, eta badu, ondorioz, espekulazio ukitu bat, baina, era berean, argizaria erabiltzeak eguneroko bihurtzen du. Jenni Alvaradoren Espezie inbaditzailea margolanean, etorkizuna iradokitzen duten trazuek bat egiten dute ingurumenarekiko ardurarekin.

Literatur erreferentzietatik asko edaten du, esate baterako, Juana Garcia-Pozuelok. Munduko goiz guztiak lanean, gizakiek eragindako suntsiketaz dihardu, modu berezi batean: koadroko lehen planoan, oihan baten elementu batzuk ageri dira, lasaitasuna iradokitzen dutenak; hondokoak eragiten du ezinegona, ordea: elementu sorta horietatik ernatuz bezala, bonba atomikoaren eztandak eragindako txanpiñoi identifikagarria dago.

Harri jasotzaileen harriari argi ultramorea bota, eta haren testurei erreparatu die Belen Cerezok Piedra y Fotografía argazki sortan. Mawatresek monumentuez hausnartu du Origami ilustrazio seriean, irabazleen omenez ondutako lanak izaten baitira: tolesturekin egindako figuren bidez eta tinta txinatarra eta zementua nahastuz, eguneroko bizitzari egin dio monumentua.

Artoteka 3

Maite Pintok, berriz, memoria analogikoa jorratzen du bere obran, bere buruaren, senideen eta lagunen argazkiak bilduz. Artotekan, Kaleko eszena obra paratu du, teknika grafikoak erabiliz, baina horietan ezohikoa den euskarri batean. Helena Goñi argazkilariaren Txoriak lanak margo abstraktu bat dirudi urrunetik begiratuz gero, puntu beltzez betetako artelan bat ematen baitu. Gerturatu ahala, ordea, forma hartuz doaz txoriak.

Bestalde, ez dagoen toki batez jarduteko darabil artea Miguel Cordero Gonzalezek. Abstrakzioaren bitartez osatzen du Fingisur asmatua; hura agerraraziz doa, besteak beste, El intruso lanarekin. Aldez aurreko ideia bati jarraitu gabe pintatzen duenez, prozesuaren eta trazuaren mendeko dira Corderoren sorkariak, Diazen arabera.