Javi West Larrañaga
Usansolo, oraingoz behintzat auzoa, kartel berdez beteta dago. “M27 [martxoak 27] desanexioari bai” diote, eta kaleetako hormak ez ezik etxeetako balkoiak ere apaintzen dituzte. Badaude pankarta handiak ere mezu berarekin. Kalean, gizon bat banaketaren aldeko txapa berdea soinean. Anton Arana izena du, eta argi dauka zer bozkatuko duen datorren domekako kontsultan, “beti” sentitu izan delako usansolotar, eta urte asko daramalako independentziaren alde. “Desanexionatu diren herri guztiak pozik daude, eta ez dute atzera egin nahi. Galdetu bestela iurretarrei edo bolibartarrei”, adierazi du Aranak.
Usansolon etzi erabakiko dute usansolotarrek Galdakaotik banatu nahi duten ala ez, udalak antolatutako kontsultan, eta, baiezkoaren kasuan, Bizkaiko Batzar Nagusien esku geratuko da azken erabakia. Herrialdeko 113. udalerria bihurtuko litzateke Usansolo, eta ia lau hamarkadako bidea amaituko lukete. Kartelek argi adierazten dute domekakoa berezia izango dela, eta birritan bozkatu dutenetako askok azkenengo aldia izatea nahi dute. Asko dira urteetako borroka luzea alde batera utzi nahi dutenak. Horietako bat da Joseba Mena, adineko gizona. Hark ere argi dauka domekan zer bozkatuko duen, uste du-eta positiboa izango litzatekeela udal propioa izatea. “Ea zer edo zer konpondu dezakegun, hainbat urte daramagu-eta atzetik”.
Antzeko iritzia du Mertxe Barrena Lopezek. Hark ere iritzi dio ona izango litzatekeela independentzia, eta hurretik hobeto kudeatu daitekeela, baina zalantzak dauzka oraindik. Erabaki handia da, eta hainbat usansolotar daude haren egoeran.
Identitateagatik ez, baina praktikotasunagatik dago desanexioaren alde Manuel Acebedo. 30 urte daramatza auzoan, eta oraindik ez du erabaki zer bozkatuko duen domekan, baina Usansolo “abandonatuta” dagoela uste du: “Begira zer-nola dagoen Galdakao eta zer-nola dagoen Usansolo, eta zerga berak ordaintzen ditugu denok”.
Zalantzak dituzten herritarretako beste bat da Ainara Polo Pedrosa. Ez da usansolotarra, baina urte batzuk daramatza auzoan. Ez daki bereiztea positiboa izango den edo ez. “Zer irabaziko dugu? Lantegi gutxi dauzkagu hemen. Eta ospitalearekin zer gertatuko da? Eta metroarekin?”. Galdera asko dauzka oraindik, baina bere egiten ditu auzokide askoren aldarrikapenak. Polok ere azaldu du Galdakaok Usansolo “baztertuta” daukala. “Galdakaokoeskola handitu egin dute, eta hemengoa, ez”. Duda-mudatan dagoen arren, uste du baiezkoak irabaziko duela. “Edozelan ere, lortuko dugu aurrera egitea”, adierazi du, baikor.
Rosario Guerrak ez du bozkatuko domekan, kanpoan egongo delako. Ez dio askorik ardura. Hura ere beste herri batetik etorria da. Sei urte daramatza Usansolon, eta nortasun kontuek ez dute eraginik harengan. Urrun ikusten du Galdakao, Usansolo uzten duen bakoitzean Bilbora jotzen duelako, eta esan du gauza asko daudela konpontzeko bere balizko herri independentean. “Alde berria ondo dago, baina zati asko daude txarto argiztatuta inguruan”. Usansolon gauza gutxi dagoela dio, eta lehen “denetarik” egoten zela. Alde batetik, sinetsita dago independentziak onurak ekarriko dituela. “Baina, bestetik, pentsatzen dut orain jende gehiagori ordaindu beharko diogula”.
Auzoan, kontrako gutxi
Gutxi dira independentziaren kontra daudenak auzoan, edo behintzat esatera ausartzen direnak. 20 urte inguruko gazte bat —ez du izenik eman— kritiko agertu da desanexio prozesuarekin. Hasieran, ez du esan nahi izan domekan zer egingo duen, baina erantsi du ez duela uste Galdakaotik bereiztea positiboa litzatekeenik. Haren arabera, Usansolo Herria plataformak udal gobernuan daramatzan hiru urteetan ez du ezer egin auzoaren alde. Kexu agertu da taldeaz, eta, haren iritziz, kontsulta antolatzeko lana baino ez dute egin urte hauetan.
Usansoloren biztanleria nabarmen hazi da azken hamarkadetan. 3.668 lagun ziren 2006an, eta 4.520 iaz. Eragin handia izan dezakete etorri berriek domekako emaitzetan. Orain arte egin diren bi kontsultek, baina, nahiko argi erakusten dute usansolotarren urteetako eskakizunak zabalkunde handia daukala. Ez da denbora asko igaro 2014ko herri kontsultatik: %76ko parte hartzearekin, ia %90ek bozkatu zuten bereiztearen alde. Etzi, Usansoloko auzotarrek erabaki beharko dute Usansoloko herritar izan nahi duten.