Ibai Maruri Bilbao
Azken urteetan Loiuko aireportuaren bueltan hegazkinek hainbat istripu izan dituzte inguruan hegan ibili diren hegaztiekin: hegaztiok talka egiten dute hegazkinen aurka, hil egiten dira, eta hegazkinentzat arriskutsua izan daiteke. Arazo horri konponbidea emateko asmotan, AENA aireportuak kudeatzeko Espainiako enpresa publikoak hegaztientzako radar bat ipini du. Big Data eta adimen artifiziala erabiliko ditu aireportuaren inguruan dabiltzan hegaztien hegaldiak eta ibilbideak aztertzeko eta aurreikusi ahal izateko, eta hegazkinekin talka egitea eragozteko.
Hiru dimentsioko radarra izango da, Berlingo, Frankfurteko (Alemania) eta Amsterdamgo aireportuetan erabiltzen dituztenen modukoa. Hain zuzen ere, Herbehereetako enpresa batek egin du radarra; 850.000 euro kostatu da. Aipatutako aireportu horietan arazoa gutxitzen lagundu du gailuak.
AENAk azaldu duenez, radarrak bilduko duen informazioari esker, hegaztiek hegan egiterakoan izaten dituzten ohiturak ezagutu ahal izango dira; hau da, noiz eta nondik norantz ibiltzen diren normalean. Gainera, radarrari esker, hegazkinek aireportura iritsi edo handik irteterakoan zerbaitekin talka egiten badute, jazoera horren inguruko informazio zehatzagoa edukiko dute aurrerantzean. Informazio horrek lagunduko du jakiten zerk erakartzen dituen hegaztiak. Hori guztia jakinda, AENAk arriskurik handiena eragiten duten hegazti espezieak gutxitzeko eta handik aldentzeko neurri zehatzak hartu ahal izango ditu.
Datozen bost hilabeteetan radarrak informazio guztia bilduko du. Udatik aurrera erabili ahal izango dira datuak. Aurretik hartu izan diren beste neurri batzuk indartuko ditu horrek; besteak beste, inguruan hildako animaliak arakatzea, hildako abereak azkar erretiratzeko protokolo bat aktibatzea, eta aireportuaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren arteko koordinazioa areagotzea.
Gehienbat, putreak izaten dira arazorik handienak eragiten dituztenak. 2016tik hona, ugaritu egin da sarraskijale horien kopurua inguruan. Ez dago argi zerk eragin duen. Hainbat hipotesi erabili dituzte agintariek, baina, funtsean, hildako animalien bila dabiltza inguruan.
2018tik radar eske
2018an, istripu larri bi izan ziren. Maiatzean, adibidez, Alacantetik (Herrialde Katalanak) zetorren hegazkin bati turbinan sartu zitzaion putre bat. Zenbait motor zati erori ziren Zamudioko auzo batera. Ez zen inor zauritu, eta hegazkinak arazo barik lur hartzea lortu zuen. Urte bereko uztailean, ordea, Pariserantz zihoan hegazkin batek berriro lur hartu behar izan zuen, putre batekin talka egin ondoren matxuratu egin zelako. Espainiako Sustapen Ministerioak “garrantzi bereziko gertaera” gisa izendatu zituen biak, eta halakoak eragozteko neurriak hartzeko konpromisoa hartu zuen. Harrezkero, Txorierriko udalen borroka izan da Espainiako Gobernuari hitza betearaztea.
2018ko irailean, Loiu, Sondika, Erandio, Derio, Zamudio eta Lezamako alkateek AENAk orain ipini duen radarra eskatu zioten aireportuko Fauna Batzordeari. Ordutik bost aldiz errepikatu dute eskaera. Pozik hartu dute berria. Ohar bat argitaratu dute elkarrekin, eta azpimarratu bidaiarien eta euren herrietako herritarren segurtasuna “nabarmen” hobetuko dela.