Euskarari ekiteko garaia

Euskarari ekiteko garaia

Olatz Enzunza Mallona

Pandemiaren eraginez urtebete atzeratu ondoren, ostegunean egingo ditu lehenengo urratsak 22. Korrikak, Amurrion (Araba). Asier Amondo arduradunak 16:30ean sartuko du mezua lekukoaren barruan, eta, handik, 11 egunez eta etenik gabe, 2.500 kilometroko ibilbidea egingo du. Apirilaren 10ean iritsiko da azken helmugara: Donostiara. Hitzekin lelopean, hitzetik ekintzara igaro beharra aldarrikatuko dute.

Bizkaia osoan barrena, 50 batzorde inguru sortu dituzte Korrika antolatzeko prestaketa lanak egiteko, eta, batez beste, 30 aurkezpen ekitaldi egin dituzte. Horietan, “askotariko jendea” ibili dela nabarmendu dute antolatzaileek, eta, tartean, baita AEK-n izena emanda dauden 4.000 ikasleetako batzuk ere.

Amurrion hasi, eta Aiaraldetik ibili ondoren, Korrikak iluntzean emango ditu lehen pausoak Bizkaian. 19:30 aldera iritsiko da Balmasedara, eta, hurrengo orduetan, Enkarterri osoa zeharkatuko du. Gauean, Araban egingo du sartu-irtena atzera berriz ere, baina berriro Bizkaira egingo du goizaldean. Hego Uribe izango da Korrikak zeharkatuko duen Bizkaiko bigarren eskualdea, eta, Galdakaotik Zornotzara iritsiko da. Durangaldea igarota, ostiral goizean Gipuzkoan sartuko da.

Apirilaren 6an, asteazkenez, itzuliko da ostera ere Bizkaira euskararen aldeko lasterketa. Arabatik sartuko da, Gorbeialdetik, eta goiz-eguerdi partean Arratiako herrietako batzuk gurutzatuko ditu, tartean, Zeanuri, Igorre eta Lemoa. Handik, Txorierrirako bidea hartuko du arratsaldean, eta Erandio igaro ondoren, Bilborako bidean jarriko da.

Korrika_Bilbon

Bilbon, asteazkenean

Iluntze eta gau partea egingo du aurten Korrikak Bilbon, lau ordu eta erdi inguru: 19:30 aldera iritsiko da, eta 23:30 pasatxora arte izango da bertan. San Ignazion hartuko du lekukoa Bizkaiko hiriburuak, eta auzo gehienetara iritsiko da euskararen aldarria.

Handik, Bizkaiko mendebalderantz joango da, eta, asteazken gaueko azken ordua eta osteguneko lehenengoak Ezkerraldean emango ditu. Ostegun goizean kostaldera iritsiko da, eta Uribe Kosta inguruan ibili ondoren, 11:00etan Mungialdera egingo du. Bakiotik Bermeorako bidea hartuko du. Mundaka eta Busturia zeharkatuko ditu ondoren, eta Gernika-Lumora 15:30ak pasatuak direnean iritsiko da. Barrualdetik pixka bat ibili ondoren, Eatik Lea-Artibaira egingo du, eta iluntzean igaroko ditu Lekeitio, Aulesti eta Berriatua, besteak beste. Bizkaiko ibilbidea amaitzeko, Ondarroak emango dio lekukoa Mutrikuri (Gipuzkoa).

Korrikaz gain, bestelako ekitaldiek ere alaituko dituzte hiri, herri eta auzoak datozen egunetan. Giroa berotu, euskararen aldeko mezua zabaldu eta herritarrak parte hartzera animatzeko ekitaldi ugari antolatu dituzte.