Natalia Salazar Orbe
Enpresa batek baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari Enkarterriko hainbat herri hartzen dituen eremu batean parke eoliko bat kokatzeko. Hain zuzen, Euskal Haizie SL enpresak zortzi haize errota kokatu nahi ditu Artzentales, Galdames, Muskiz eta Sopuertako lurretan.
Martxoaren hasieran Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratutakoaren arabera, enpresak aurretiazko administrazio baimena eskatu zuen Artzentales-Sopuerta izendatu duten parke eolikoa egiteko. Torrelaseta eta Mello mendien artean kokatutako proiektua aurreikusi dute. Hala ere, oraingoz, trazatua ez dago zehaztuta.
Horixe bera azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak berak ere. Alegia, proposamena fase hasiberrian dagoela, eta Euskal Haizie enpresak parke eolikoa egiteko asmoa besterik ez duela iragarri oraingoz.
Hala ere, iragarpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zutenetik, Eusko Jaurlaritzak hogei eguneko epea ireki zuen beste norbaitek parke eoliko hori jarri eta ustiatzeko interesa izango balu, nahi izatekotan, beharrezko izapideak egin ditzan. Iragarpena joan den astean argitaratu zuten, eta martxoaren 1ean tramitatu zuen Bizkaiko Industria Administrazioko lurralde ordezkari Adolfo Gonzalez Berruetek.
Zehaztu dute instalazioak 49,6 megawatteko potentzia totala izango duela. Beraz, instalazioa egiteko nahikoa izango da Eusko Jaurlaritzaren babesa. Izan ere, 50 megawatt baino gutxiago duten era horretako instalazioek nahikoa dute autonomia erkidegoaren baimena proiektua egiteko.
Parke eolikoa aurreikusita dagoen lurren jabeak diren udal gehienek ez zuten proiektuaren berri. Sopuertako alkateak azaldu du baimen eskaeraren bat kudeatu behar izan duela udalak, baina ez zekitela era horretako proiektu bat gauzatzeko denik.
Udalek ez zekiten ezer
Hain zuzen, Unai Anton Castelao Sopuertako alkateak Bizkaiko Hitza-ri azaldu dionez, udalean gauza bakarra zekiten: “Euskal Haizie enpresak obra baimena eskatu zuela datuak jasotzeko dorre bat kokatzeko. Dorre hori erabilera publikoko mendi batean kokatu behar zuen, baina lur eremu pribatu batean, eta mugatutako denbora batez bakarrik”.
Castelaok adierazi du eskaera hori jasotzean udaleko arkitekto aholkularia zalantza batzuk argitzen saiatu zela; “ordura arte inoiz ez genuen jaso era horretako eskaririk”. Bizkaiko Foru Aldundiari eta Aenari zenbait baimen eskatu behar zaizkiela jakinarazi du, eremu hori aireportuaren eraginpean dagoelako. Sopuertako Udalak ez dauka beste informaziorik.
Antzera mintzatu da Artzentalesko alkate Josu Udaeta ere. Hark ere bazuen Sopuertan dorre bat jartzeko eskaeraren berri: “Bi urtez haizea eta errentagarritasuna neurtuko zituztela esan zuten”. Hala ere, “harrituta” dago inork ez duelako jo eurenera proiektu horren berri ematera. “Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian atera den bezala ateratzeko, zerbait adostuta egon behar da. Argitaratu badute, da hausnartuta dagoelako. Udalerriok ezin gaituzte harrapatu zertaz ari diren jakin gabe”.
Hainbat herritarrek helarazi dieten antzera, udaleko arduradunak eurak ere kezkatuta daudela esan du Sopuertako alkate Castelaok. “Dena den, errepikatu nahi dut goiz dela proiektuaren xehetasunak ezagutu gabe aztoratzeko”. Iragarri du Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan daudela eta datu gehiago dutenean herritarrei jakinaraziko dizkietela.
Artzentalesko alkatea jakitun da Araba, Bizkai eta Gipuzkoak behar duten energia ekoizteko gai izateko pausoak eman behar dituztela. “Euskadin aitzindariak gara industria askotan, baina kontsumitzen dugun energiaren %92 Burgos eta Aragoiri [Espainia] erosten diegu”. Kontraesanak sortzen zaizkiola aitortu du.
Parke eolikoak ugarituz
Enkarterrirako iragarri berri dutena ez da inguruan energia eolikoa ekoizteko aurreikusten den era horretako parke bakarra. Greeen Capital Power enpresak Kantabria (Espainia) eta Bizkaia artean parke eoliko bat eraikitzeko proiektua du esku artean. Joan den uztailean, Espainiako Gobernuak Kantabrian duen ordezkaritzak jakinarazi zuen Maya parke eolikoaren aurreproiektua egiteko aurrez administrazioari baimena galdegiteko eskaera eta ingurumen inpaktuaren adierazpena egin zituela. Proiektua oso aurreratuta dagoela esan du Udaetak. Uste du Euskal Haizieren helburua hari jarraipena ematea dela.
Mayako proiektuan, haize errotak Kantabrian kokatuko dituzte, Bizkaiko mugan. Udaetak azaldu duenez, “estatuak lurrak desjabetu zizkien udalei eta laster hasiko dira errotak jartzen”. Haren esanetan, horregatik esku hartu du Euskal Haiziek, Espainiako Gobernuari aurrea hartzeko eta gobernua ez sartzeko. “Estatuak ikusten badu haize erroten bidea jarraitu behar dela eta errentagarria dela, berak hartuko du. Lurrak desjabetuko dizkigute, eta errotak jarriko dituzte”.