Arnasaldia behar dute

Arnasaldia behar dute

Natalia Salazar Orbe

Hango bizi baldintzak penagarriak dira udan. Haurrek 55 gradu arteko tenperaturak pairatu behar dituzte bi hilabetez, etxetik ateratzeko aukerarik gabe eta oso ur gutxirekin”. Mikel del Arcoren berbak dira. Mendebaldeko Saharako haurrak harreran hartzeko bitartekari lanak egiten dituen Rio de Oro Durangaldea elkarteko koordinatzailea da. Haurrok bi urte daramatzate basamortutik atera gabe, pandemiaren ondorioz uda Bizkaian eta Euskal Herriko beste eremu batzuetan igarotzeko modua ematen duen Oporrak Bakean programa eten egin zelako. Aurten “pozik” azaldu da Del Arco, programa berreskuratu dutelako. Hala ere, familiei izena emateko dei egin diete, umeok hartzeko ohi baino harrera sendi gutxiago baitaude. Datorren domeka, hilak 27, da izena emateko azken eguna.

Osasunari, elikadurari eta harremanei dagokienez, garrantzitsua da haur sahararrek Bizkaiko familiengana joateko aukera izatea. Hala baieztatu du Durangaldeko elkarteko kideak. “Bizi baldintza horietatik urruntzea inportantea da. Bi urte etenik gabe daramatzate egoera horietan”.

Bereziki udako tenperatura beroei buruz ari da. Baina ez horiez bakarrik. Beste arlo batzuetarako ere onuragarria baita programa; osasunerako, kasurako. “Hona iristean, lehenik eta behin, Osakidetzak esleitutako pediatrak mediku azterketa egiten die. Horri esker, umeen behar edo gaixotasunei konponbidea jartzen has daitezke”. Besteak beste, anemia aipatu du: “Hemen konponbide erraza du, baina beharrezkoa da diagnosia egitea”. Ikusmenarekin izan ditzaketen arazoak ere antzeman ohi dizkiete. “Ume askok ikusmen txarra zuten. Oftalmologoak begiratu eta betaurreko batzuk jartzea besterik ez zuten behar. Haur baten bizitza alda dezake horrek”.

Del Arcok azaldu du Mendebaldeko Saharako eta Bizkaiko familien artean sortzen diren loturetako asko etetea ere eragin duela Oporrak Bakean programaren etenaldiak: “Sarri dirua edo jatekoa bidaltzen zieten. Familientzat oso garrantzitsua den zuzeneko laguntza humanitario baten antzekoa da hau. Hori ere galdu egin da neurri batean. Ez kasu guztietan, baina bai batzuetan “.

Programaren itzulera ez da erraza izaten ari. Dena den, aurreikusten zuten ohi baino familia gutxiago izango zituztela. “Beste urte batzuetan baino kanpaina azkarragoa egin behar izan dugu. Eta pandemiak ere eragina du. Hala ere, haurrei bidaia hasi aurreko 24 orduetan PCR testak egingo dizkiete. Beraz, erabat segurua da”, azaldu du. Uste du Ukrainako egoerak ere eragina izan duela. “Hainbat faktoreren eraginez gutxitu dira familiak, baina pozik gaude programa martxan dagoelako berriro. Askok erantzun dute. Datorren urtera begira denbora gehiagorekin landuko dugu programa”, gehitu du.

OPORRAK BAKEAN

Harrera familiak

Umeak hartu nahi dituzten sendiek baldintza errazak bete behar dituzte. Mendebaldeko Saharako umea etxeko beste kide bat bezala hartuko duten familiak behar dituzte. “Umeak oso ondo egokitu ohi dira. Eta elkarteok eta antolatzaileok ondoan izango gaituzte, edozein zailtasun badute babesa emateko”. Umeen joan-etorriko bidaia ere ez dute ordaindu behar. “Beraz, laguntzeko gogoa besterik ez dute behar. Esperientzia oso polita izaten da umeentzat eta harrera familientzat”.

Ekainaren bukaera aldera iritsiko dira haurrak Bizkaira, eta abuztuaren amaiera aldean itzuliko dira Saharara. Beraz, harrera familiek denbora izan beharko dute umeokin egoteko. “Etxekoek bi hilabeteko oporrak ez badituzte, inguruan babes sare bat izatea garrantzitsua da. Azken batean, zaindu behar duten 8 urteko seme-alaba bat izatea bezalakoa da. Etxeko beste kide bat dela irudikatu behar dute”.

Sahararrak, desengainatuta

Del Arcok adierazi du Mendebaldeko Saharako herriak “dezepzioa” hartu duela Espainiako Gobernuak joan den astean egin zituen adierazpenengatik. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Rabateko gobernuari helarazi zion Mendebaldeko Sahara Marokoko autonomia bihurtzea dela gatazka gainditzeko aukerarik errealena. “Gu ere desengainatuta gaude”, esan du Del Arcok.

Hala ere, sahararrak era horretako “bidegabekerietara ohituta” daudela uste du. “Eutsi egingo diote justizia lortu arte”, ondorioztatu du.

Informazio gehiago jasotzeko edo izena emateko: Oporrakbakean.eus