Gaur hasiko da andreen Bizkaiko laugarren esku-pilota torneoa

Gaur hasiko da andreen Bizkaiko laugarren esku-pilota torneoa

Ibai Maruri Bilbao

Gaurtik apirilaren 22ra bitartean lehiatuko dira emakumeen Bizkaiko laugarren esku-pilota torneoan. Lau bikotek jokatuko dute. Berritasun nagusi bat du txapelketaren aldi honek: Bilboko Miribilla auzoko Bizkaia frontoian ez ezik, Zallako eta Zierbenako pilotalekuetan ere jokatuko dira norgehiagokak: martxoaren 25ean eta apirilaren 1ean, hurrenez hurren. Herri biotako udalek partidak eurenean jokatzeko interesa agertu dutelako hartu dute erabakia, eta uste dute horrek torneoari ikusgarritasuna ematen lagunduko diola. Finalaurrekoak eta finala, Miribillan izango dira, apirilaren 8an eta 22an. Partida guztiak 19:00etan hasiko dira. Sarrera guztiak Bizkaia frontoian erosi ahal izango dira, hiru euroren truke. Frontoietara joan ezin direnek, berriz, Bizkaia frontoiaren Facebook orriaren bitartez ere ikusi ahal izango dituzte partidak.

Lau bikotetan banatutako zortzi pilotarik hartuko dute parte: Aldai eta Mendizabal, Arrizabalaga eta Agirre, Garai eta Gaminde, eta Larrarte eta Oses. Arrizabalagak lau aldietan hartu du parte; Gaminderek eta Osesek lehen torneoa izango dute. Lehen hiru jardunaldietan, itzuli bakarreko liga bat egingo dute, bikote guztiek guztien kontra jokatzeko. Partida irabazten duen bikoteak puntu bi jasoko ditu, eta galtzaileak, bat. Sailkapenean lehen geratzen den bikoteak laugarren geratu denaren aurka jokatuko du finalaurrekoa; bigarren egiten duenak, hirugarrenaren aurka. Azkenik, apirilaren 22an jokatuko dituzte finala eta hirugarren bikotea aukeratzeko partida. Pilota mistoa erabiliko dute.

Kirolari profesionalak

Bizkaia torneoaren helburuetako bat da emakumeen pilotari duintasuna ematea. Hori nabarmendu zuen Lorea Bilbao Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatuak, joan den astelehenean Bilboko Bizkaia frontoian torneoa aurkezteko egindako agerraldian. “Zortzi emakume kirolari hauek, txapelketa honetan behintzat, grinagatik eta zaletasunagatik baino zerbait gehiagogatik jokatuko dute. Izan ere, erakundeen lana ere bada gure lurraldeko kirolariek lan baldintza egokietan joka dezaten bermatzea”, ohartarazi zuen. Bilbaoren esanetan, foru aldundiaren eta, oro har, erakundeen lana da emakumeek kirolean aritzeko dituzten trabak gainditzen laguntzea, haien kirola sustatzea eta egiten duen lana profesionalizatzea. “Torneo honetan, beste pilotariak, gizonezkoak, lehiatzen diren lan baldintzen antzekoetan lehiatuko dira”, azpimarratu zuen. Era berean, publikoari eta hedabideei eskatu zien “merezi duen arreta” jartzea andreen kirolean: “Baina ez emakumeak direlako, kirolari profesionalak direlako baizik”.