Durango, saltsa ugariren topaleku

Olatz Enzunza Mallona

“Ardo Saltsan Fest inflexio puntu bat izango da”. Maite Arroita jaialdiaren antolatzaile eta Saltsan enpresako komunikazio arduraduna atzera kontua egiten ari da dagoeneko, asteartea noiz iritsiko. Izan ere, egun horretan emango zaio hasiera Ardo Saltsan Fest jaialdiaren lehendabiziko aldiari, eta, bost egunez, askotariko jarduerez gozatu ahal izango da. Durangoko Olajauregi hotelean izango dira ekitaldi guztiak, eta sarrerak eskuragarri daude dagoeneko, Saltsan Katerineko denda fisikoan eta euren webgunean.

Orain arte, Ardo Saltsan eguna antolatu izan du urtero-urtero Saltsan Katerinek, baina, aurten, beste bira bat emateko gogoz zeuden antolatzaileak: “Saltsan Katerinek betidanik izan du berrikuntzarekiko etengabeko kezka”. Eta hala egin dute: egun bakarreko festa zena bost eguneko jaialdi bihurtu da.

Datorren asteartean, hilaren 22an, emango zaio hasiera jaialdiari. Viña Zorzal ardoen dastaketa profesionala egingo dute eguerdian, eta, arratsaldean, tearen hastapenen inguruko ikastaroa emango dute. Hurrengo egunetarako ere ekitaldi andana prestatu dituzte. Tartean, sake dastaketa gidatua, hilaren 23an; Eguen Saltsan maridaje afaria, hilaren 24an; eta, Sare sozialak ostalaritzan tailerra, hilaren 25ean. Hala ere, larunbateko ekitaldi nagusiak emango dio “amaiera bikaina” bost eguneko jaialdiari: “Gastronomiaren eta enologiaren festa izango da”, esan du Arroitak. Kultura enologikoaren berri emateaz gainera, urteko nobedadeak ere aurkeztuko dituzte sektoreko upategi eta banatzaile nagusiek.

Festa egiteko garaia

Pandemiaren eraginez bizi izandako nekeari amaiera ematea da jaialdiaren asmoa, Arroitaren hitzetan: “Ostalaritzaren sektorea gogaituta dago duela bi urtetik, eta horri amaiera eman nahi diogu: festa aldarrikatu nahi dugu”. Ardoaz gainera, sagardoak, garagardoak eta sakeak ere lekua izango dute Ardo Saltsan Fest jaialdian, besteak beste, “kontsumo ohituretan dinamika berriak sartzeko asmoz”. Datozen egunetan, beraz, edonork gerturatu ahal izango du Durangoko Olajauregi hotelera, eta jaialdiaren bitartez, horien guztien “elkargune” izatea lortu nahi dute: “Profesionalak eta enologiaz ezagutzarik ez duten horiek leku berean elkartuko dira, oso publiko heterogeneoa bilduko da, eta horrek egingo du jaialdia interesgarri”.