Ibai Maruri Bilbao
Etxetik gertuen ekoitzitakoa jatea da kontsumorik onena. Hala uste dute Arratiako Makatzak talde ekologistako kideek. “Onena da kontsumitzaileontzat, onena da ekoizleentzat eta onena da planetarentzat”, esan du Arantza Iruretagoiena Makatzak eta Eguzkiola taldeetako kideak. Elikadura burujabetzari lotuta martxan ipini duten dinamikaren arduraduna da. Joan den martxoaren 2an egin zuten lehen bilera, Igorren, egoeraren diagnostikoa egin, eta aurrera begira eman beharreko pausoak definitzeko.
Prozesu zabalago baten parte da elikadura burujabetzari lotutako dinamika. Bizkaiko eta Euskal Herriko beste talde batzuekin batera Aldaketaldian parte hartzen dute Makatzak-ekoek. Eta horretarako eredua film batean topatu dutela kontatu du Iruretagoienak. Iazko udan taldeko kide batek Demain —Bihar— (Frantzia, 2016) dokumentala ikusi zuen. “Frantziako guraso batzuk dira protagonistak. Euren seme-alabei mundu hobe bat uzteko asmoak bultzatuta, munduan barrena dabiltza aldaketarako ereduak bilatzen. Pentsatu genuen abiapuntu egokia izan zitekeela guretzat ere, Arratian hausnarketa prozesu bat abiatzeko”.
Filmean garraioa, energia, hezkuntza, politika eta elikadura lantzen dira. Gai horietako bakoitzarekin gogoeta monografikoak egitea erabaki zuten. Urtarrilean egin zuten filmaren emanaldi publikoa. Eta lehen gogoeta elikadura burujabetzari buruzkoa izango zela erabaki zuten.
Martxoaren 2an, bada, elikadura arloan Arratian dauden eragileak bildu zituzten Igorreko bileran. 25-30 lagun elkartu ziren. “Hainbat ekoizle daude eskualdean; kontsumo taldeak Zeanurin eta Arteagan, eta beste ekoizle batzuek otzarak banatzen dituzte Igorren eta Lemoan euren produktuekin. Eskoletako gurasoen elkarteekin ere ibili gara, jangeletarako beste eredu batzuk bultzatu nahi dituztelako. Muskuilu kontserba fabrika bat ere badago Zeberion, eta Arratiakoak dira. Hazien trukea egiten dugu Eguzkiola elkartearekin”. Dinamika parte hartzailea sortu nahi izan dute, eta lortu dutela uste dute.
Zortzi laguneko taldeka antolatu ziren lehen bileran. Elikagai burujabetzari lotutako ideia batzuk ipini zituzten post-it batzuetan, eta haiekin lotutako gogoetak apuntatu zituzten orri batean. “Ideia eta proposamen interesgarriak sortu ziren”, kontatu du Iruretagoienak. “Pentsa daiteke Arratia leku pribilegiatua dela, naturaz inguratuta dagoelako, baina ez da hala”, ohartarazi du. Errealitatea Bizkaiko beste edozein eskualdetakoa da eurenean ere. “Gero eta baserritar gutxiago dago, eta arratiarrek kontsumo gaiak gehienbat supermerkatuetan erosten dituzte”. Badaude salmenta egiten duten baserritar gutxi batzuk, baina gehienek autokontsumorako ekoizten dute. Hala ere, ohartu dira gutxi ezagutzen dela ekoizleen errealitatea. “Bileran aipatu zen, adibidez, baserritar batek oilaskoak hazten dituela, eta inork ez genekien. Hori aldatu nahi dugu: eskualdean zer dugun ezagutu behar dugu”. Ekoizleen zerrenda bat egin nahi dute, eta kontsumo taldeak sustatu, halakorik ez dagoen herrietan.
Lana banatu
Supermerkatuekin eta dendekin ere hitz egiteko asmoa dute, haietan Arratiako ekoizleen produktuak lehenets ditzaten. Eskoletako guraso elkarteak ere babestuko dituzte, jangeletako ereduak aldatu gura dituztelako: “Gaur egun eskola gehienetan kanpoan kozinatutakoa jaten da, kanpotik ekarritako produktuak”. Udaletara joateko asmoa ere badute, lur publikoen egoera zein den jakiteko. “Jakin nahi dugu zeintzuk egon daitezkeen erabilgarri, ortu sozialak sortu ahal izateko”. Proiektu horiek guztiak martxan jartzeko, martxoaren 2ko bileran parte hartu zutenen artean hamabost laguneko taldea sortu dute, eta hurrengo bileretan ardurak banatuko dituzte.