Arrantzatu duen herria

Elantxobeko Kofradiaren eta Arrantzaren Museoa iaz ireki zuten, portuan. Herriak itsasoarekin izan duen harremanaren historia bildu dute bost paneletan.

Ibai Maruri Bilbao

Elantxobeko lehen bizilagunak 1520an iritsi ziren, Ibarrangelutik. 1550 inguruan eraiki zuten Erriberako moila edo horma, lehenengo etxebizitzekin batera. Moila eraiki barik egon zenean, ontziak Erriberako moilatik altxatu eta jaisten zituzten. 1781ean, 31.000 dukateko mailegua eskatu zuten, Ibarrangeluko elizatearen abalari esker, eta barneko portuko obrak hasi zituzten. Orduan eraiki zituzten iparraldeko dike zaharra, aterpea eta egun ez dagoen Txikito moila. 1798an hasi zen lanean lehenengo eskabetxe enpresa. 1810ean eraiki zuten Bizentaneko moila. 1832an bereizi zen Elantxobe Ibarrangelutik. Makuesen —hala esaten diete elantxobetarrei— eta portuaren historian garrantzitsuak izan diren gertaeretako batzuk dira. Elantxobeko Kofradiaren eta Arrantzaren Museoan irakur daitezke.

“Gaur egun Elantxobe herri turistikoa da. Kanpotik datozenek esaten dute portu pintoreskoa dugula. Baina hau beti ez da horrela izan. Elantxobe herri arrantzalea izan da, herri langilea. Hori erakutsi nahi dugu museoaren bitartez”, azaldu du Patxi Egurrola Elantxobeko alkateak. Herria bisitatzera doazenek ez dute haren jatorria eta bilakaera ezagutzeko aukerarik. Kahlomedia agentziako Iñigo Azkonak egin zien horrelako museo bat sortzeko proposamena, eta udalak, Hirugarren Aginekoen Elkarteak eta Azkonak berak sortu dute, elkarlanean. Iazko udan ireki zuten. Historia hori gaika azaltzen duten bost panel eta horma irudi bat dira emaitza. Bisita gidatuekin ere hasi ziren; datorren udakoak prestatzen dabiltza: arrantzontziak izango da gaia.

Lehen panelean, jatorriaz egiten dute berba; bigarrenean, portuaz; hirugarrenean, arrantzaz. Andreen lanari eskaini diote laugarrena. Azkenekoan, hainbat bitxikeria bildu dituzte. Horrez gain, itsasoko irudiz osatutako mural bat ere badago ikusgai: “Itsaso barruan egotea bezalakoa da”, azaldu du alkateak. Iragarri du portuko aterpeko sabaian beste irudi batzuk egiten hasiko direla hil honetan diputazioarekin.

Elantxobeko Kofradiaren eta Portuaren Museoa

Elantxobetarren eta itsasoaren arteko harremana aspaldikoa da. Bale arrantzarekin hasi zen arrantza jardun antolatua. Aurkitu duten dokumentazioaren arabera, 1547an, bisigua arrantzatzen zeudela, Elantxobeko arrantzaleek hildako balea bat aurkitu zuten Ogoñotik legoa gutxira; euren txalupetara lotu zuten Elantxobera eroateko, baina, bidean, Bermeoko arrantzale batzuek kendu zieten. Ogoñon, zetazeoak begiztatzeko atalaia zegoen. Handik kea erabiliz abisatzen zieten txalupetako maestrei. Azken hamarkadetan hasi da Elantxobe arrantza alboratu eta zerbitzu arloan lan egiten. “Koloretako portua izatetik, portu zuria izatera igaro gara”, esan du Egurrolak. Arrantzontzien lekua aisialdi ontziek hartu dute. Hogei arrantzontzitik gora egoten zirela gogoratu du Egurrolak; gaur egun, bakarra dago: Zeruko lainoa, hiru arrantzalerekin. Arraina Bilbora eroaten garraio enpresa ere bazegoen, bost kamioirekin. Kontserba fabrikak ere bai.

Heriotza eta bizitza

Kontserba sektorean, andreek egin dute behar bereziki, eta haien lana erakusten duten argazkiak daude museoan. Portuan ere ibili izan dira, baldintza gogorretan, saregintzan. Kontserba sektoreak erosten ez zituzten arrainak erosi, eta baserriz baserri saltzen edo trukatzen zituzten Elantxobeko eta Ibarrangeluko andreek. Haien lana izaten zen ere ontziak itsasorako hornitzea. Paneletan jaso dituzte 1878ko, 1994ko, 1895eko eta 1912ko enbatak. Herriko jaiak ere itsasoari lotuta daude: San Pedro, Karmengo Ama, San Nikolas arrantzaleen jagoleak dira, eta, Madalen egunean, Izaron teila botatzetik itsasontzian datozen bermeotarrekin festa egiten dute herrian.

Elantxobeko Kofradiaren eta Portuaren Museoa