O. Enzunza Mallona
Euskaraz rock and rolla egiteko gogoak bultzatuta sortu zen Addar taldea, Bermeon, 2018an. Gorka Padronesek (ahotsa eta gitarra), Beñat Aurrek (gitarra), Mikel Omagok (baxua) eta Imanol Rodriguezek (bateria) osatzen dute taldea. Padronesen hitzetan, ari dira pixkanaka martxa hartzen. Itxialdi garai bete-betean kaleratu zuten aurreneko diskoa: Sugarra. Eta joan den urteko martxoan iritsi zen Errautsak deituriko bigarren lana, Sugarra diskoko bost kantuei hiru gehiago gehituz. Bihar zortzi Gernika-Lumoko Kult Parnasoan ariko dira, 23:00etan.
Bermeotarrak izanda, zer esan nahi du zuentzat Lekuek festibalean parte hartzeak?
Gogoz gaude. Gernika-Lumon jotzeak etxean jotzea esan nahi du, eta gure birari amaiera emateko aukera ezin hobea izango da.
Pandemiak kontzertu asko utzi ditu bertan behera. Segurtasun neurriak murriztu dituzten honetan, ari zarete berriro martxa hartzen?
Baietz esan daiteke. Murrizketen eraginez, ezin izan dugu disko berriaren bira osotasunean egin, erdizka geratu ginen, baina horretara egokitzen ikasi behar izan dugu. Oraintxe ari gara berriz ere argia ikusten.
2018an sortu zenuten taldea. Nolatan sortu zen?
Beste proiektu batzuetan aritzen ginen taldeko kideok. Kasurako, Imanol, Xabi eta ni Zona Cero taldeko partaide ginen, gerora Xabik taldea utzi behar izan bazuen ere. Gaztelaniazko musika egiten genuen talde hartan, baina, euskaraz rock and rolla egiteko gogoa genuenez, geldiune bat hartu, eta hala sortu zen talde berri bat eratzeko aukera.
Rock and rolla egiten duzue. Euskal Herrian oraindik badu indarrik musika estilo horrek?
Baietz esango nuke. Gaur egun, Euskal Herrian, badaude beste joera eta musika estilo batzuk, baina hori oso osasuntsua da musikaren panoraman. Rock and rollak oraindik ere badu indarra gure artean, eta nik uste dut aurrerantzean ere hala izaten jarraituko duela. Interesgarria da EuskalHerrian dagoen estiloen nahasketa hori.
Nolako bilakaera izan du taldeak sorreratik gaur egunera?
Apurka-apurka ari gara gure estiloa definitzen, eta hori nabaria da disko batetik bestera. Bigarren diskoa kañeroagoa dela esango nuke, indartsuagoa. Azken finean, gu geu ere aldatuz joan gara, eta, gurekin batera, gure abestiak ere bai.
Publikoaren aldetik nolako erantzuna jasotzen ari zarete?
Oso ona. Jendea zuzeneko kontzertuak ikusteko eta energia hori berreskuratzeko gogoz dago, eta hori guretzako zoragarria da. Gero eta harrera hobea izaten ari gara publikoaren aldetik; gero eta jende gehiago joaten da gure kontzertuetara, eta oso eskertuta gaude.
Argazkian, Gorka Padrones, ezkerretik hirugarrena.