Ikerketa eta berrikuntza gune bat izango dute Arratian irailetik aurrera

Ikerketa eta berrikuntza gune bat izango dute Arratian irailetik aurrera

Ibai Maruri Bilbao

Arratiak talentua eta berrikuntza erakartzeko gune berria izango du irailetik aurrera: Campus Zulaibar industrialdea. Zeanurin egongo da, Zulaibar Lanbide Ikastegia dagoen lekuan. Arratiako enpresei zerbitzua emango die, eta ikastegiaren hezkuntza eskaintza handitu eta hobetuko du. Urtero enpresa berri bat abiatuko du campusak, eta Arratiako 25 enpresek hainbat jarduera berritzaile egingo dituzte han. Dagoeneko hasita daude obrak: ikastegiaren instalazioetan eraikiko dute, eta 3.500 metro koadroko eremua izango du. 5,3 milioi euroko inbertsioa egingo dute, ikastegiak berak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ordainduta. Astelehenean aurkeztu zuten campus berria.

Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren esanetan, campusak “gaitasun eraldatzailea eta dinamismo ekonomikoa itzuliko dizkio eskualdeari”. Izan ere, oraindik industriak pisu handia duen arren, azken urteetan enpresa garrantzitsuak galdu ditu edo kolokan izan ditu Arratiak. “Lehiakortasuna bultzatuko du. Udalerrien eta enpresen laguntzarekin, talentuaren eta berrikuntzaren gune garrantzitsu bihurtuko da. Etorkizuneko fabriken eta industria adimendunaren ernamuina izango da”.

Xabier Aldama Zulaibar Lanbide Ikastegiko zuzendariak azaldu duenez, “campusak abangoardiako ekipamendua izango du, eta talentuaren eta enpresen esku egongo da”. Esan du proiektuak “enpresei balioa gehitzeko bokazioa” duela, baita “enpresekin harreman eredu berri” bat sortzeko ere. “Gure irakasleen ikuspegia aldatuko da, ikasgelatik enpresara eramanez”. Besteak beste, hauek izango du: galdaragintza fineko tailer aurreratu bat, diseinuko eta prototipatuko fabrikazio aurreratuko ziklo bat, errendimendu handiko fabrikazioko tailer konektatu bat, Smart Factory 4.0 bat —automatikako eta robotikako laborategi aurreratua—, pertsonen autonomia sustatzeko laborategi bat, bateria saiakuntzarako laborategi bat eta enpresei zuzendutako saiakuntza elektrikoen banku bat.

Gune horiek erabilera akademikoa eta enpresa erabilera izango dute. Egungo zikloetako ikasleei zein ziklo berrietakoei emango diete zerbitzua, eta erabilgarri egongo da enpresentzat negozio berriak abian jartzeko, haien profesionalen espezializazioa bultzatzeko, eta langileen prestakuntza berritzeko. Alde horretatik, Campus Zulaibarrek coworking gela bat eta enpresen mintegi bat ere izango ditu. Baita bilera eta bideokonferentzia gelak, lan aretoak eta hainbat ikasgela tailer ere.

Proiektuak harremanak sortu nahi ditu Arratiako enpresen artean, sortzen ari diren sektoreen bultzadari esker; sektore horiek dira elektromugikortasuna, baterien fabrikazioa eta kudeaketa, metal mekanikaren sektorea, sektore elektriko-elektronikoa eta pertsonen autonomia sustatzeko joera berriak sortuko dituen sektore soziala.

Erronka estrategikoak

Arratiako garapen sozioekonomikoa bultzatzea helburu duen Errota fundazioko koordinatzaile Iratxe Goikoetxearen ustez, campusak eskualdearen garapena “katalizatuko” du. “Berrikuntza, talentua, eraldaketa digitala, nazioartekotzea eta ekintzailetzaren aldeko apustua egin dugu”. Goikoetxeak gogoratu du Errota fundazioak iaz onartu zuela bigarren plan estrategikoa: “Planean adostutako erronka estrategikoekin bat egiten du campusak”.

Elizbarrutiko ikastetxea da Zulaibar. Joseba Segura Bilboko gotzainak esan duenez, proiektuari esker Arratiaren “oinarri berriak elkar hartuta jarri dituzte”.