Ibai Maruri Bilbao
Ezkutuan egon diren bizitzak eta historiak argitara atera nahi izan ditu Abantoko Emelka emakumeen elkarteak. 1839tik 2020ra bitartean udalerriko andreek egindako ekarpena bildu, eta liburu forma eman diote. Gaur aurkeztuko dute, Gallartako Ekoetxean, 18:00etan: Abanto Zierbenako emakumeak du izena. “Ikusgarri egin nahi izan ditugu, etxeko lanetatik aparte emakumeok bestelako zereginetan ere ibili garela erakusteko, eta ederto ibili ere”, azaldu du Emelkako presidenteorde Mari Carmen Herraezek. Aurkezpenera, liburuan agertzen diren emakumeak eta hura idazten parte hartu dutenak gonbidatu dituzte. Liburua ez dute salgai jarriko: mila ale argitaratu dituzte, eta haien artean banatuko. “Herriko ia emakume guztiei ale bana emanda, Abantoko etxe guztietara helduko da”.
Bi etapatan banatu dute liburua. 1839tik 1975era bitartekoa da lehena, eta 2020ra artekoa bigarrena. Izan ere, liburua 2020rako izan zuten egina, baina, Martxoaren 8aren bueltan aurkeztekoak zirela, COVID-19aren pandemiak harrapatu zituen. Harrezkero bakartua izan dute liburua, kutxetan gordea. “Protagonistek eurek ere ez dute ikusi oraindik”.
Lehen etapari dagokion partea osatzeko informazioa aurretik bildua zuten. 2015ean panelen erakusketa bat ondu zuten, eta horretarako ibili ziren ikerketan; historialariek, ikertzaileek eta elkarteko kideek hartu zuten parte. “Udaleko eta foru aldundiko artxiboak arakatu genituen, herrian elkarrizketak egin genituen eta bibliografia ugari kontsultatu genuen”, gogoratu du Maite Garcia Emelkako presidenteak. “Herritarrek argazkiak ekartzen zizkiguten, emakumeek beren bizitza kontatzen ziguten… Meatzaritzaren Museoak ere informazio asko helarazi zigun. Horrela osatu genituen panelak”, gehitu du Herraezek. Hainbat arlotan andreek egindako lana bildu zuten.
Ezagunena, zalantza barik, Dolores Ibarruri Pasionaria buruzagi komunista da. Baina, Emelkako kideek ohartarazi dutenez, hura ez da izan Abantok emandako andre politikari bakarra. Esaterako, Irene Ramos gazte sozialisten liderretako bat izan zen. Edota Jacoba Alonso eta Clara Moran ezagunak ziren beren berbaldi politikoengatik; Benancia Amutio Frantziako Erresistentziako parte izan zen; Paca Crecente eta herriko beste hainbat andre gerrako umeak Frantziara, Belgikara edo Sobietar Batasunera eroateko antolakuntza lanetan ibili ziren.
Meatzaritzak erabat baldintzatu du herria, ekonomia, politika eta gizarte aldetik. Imajinarioan gizonezkoei lotuta egon den sektore bat izan arren, andreek ere meategietan egiten zuten lan. “Gizonezkoek egiten zituzten besteko lan gogorrak egin behar zituzten, eta gutxiago ordaintzen zieten. Meatzaritzaren Museokoei esker, agirietan ikusi ditugu gizonen, emakumeen eta umeen soldatak”, kontatu du Agurtzane Goria Emelkako idazkariak. Victoria Pellicer, Feliciana Larrinaga, Angeles Garcia Sainz, Maria Moar, Sara Fernandez…; hainbat andreren izen-abizenak lehen lerroan ipini dituzte, eta haietako batzuekin berba egin dute. “Kontatu digute zelako baldintza gogorrak zituzten; batez ere, neguan: hotzetan, ur hotzarekin, mea garbitzen ibiltzen ziren”. Dinamita kartutxoak egitea eta bagoiak betetzea ere andreen zereginak izaten ziren.
Dena den, lan igualtsuak egin arren, sozializazioa erabat ezberdina izaten zutela nabarmendu dute Emelkakoek. Gizonezkoak kantinan elkartzen ziren; emakumeak, berriz, araztegian, arropa garbitzen zuten bitartean. “Dolores Ibarrurik han egiten zizkien egoera soziopolitikoari buruzko berbaldiak herriko emakumeei”, gogoratu du Herraezek.
Emaginak, erizainak, opera abeslariak… Arlo guztietan ibili dira Abantoko emakumeak. Maistrek ere lan handia egin dute herrian. Auzo bakoitzak bere eskola izan du. Gallartakoan, Juliana Antonia Izar de la Fuente azpimarratu dute, Ibarruriren maistra izandakoa; San Fuentesen, Pilar Abin. Las Carrerasko Amalia Gonzalez Astobizarekin gertatutakoa erabili du Herraezek erakusteko liburuak zenbateko garrantzia duen. Las Carrerasko eskolaren izena Askartza Isusi eta Gonzalez Astobiza zen, hau da, bertako maisuaren eta maistraren abizenak. “Luzeegia iritzita, azkenean, Askartza Isusi izenarekin utzi zuten, maistraren abizenak kenduta. Kendu behar bada, emakumea kanpora. Maistrari dagokion aitortza egiteko mugimendua sortu zen herrian, eta 2019an lortu zen eskolaren alboan dagoen parketxoari haren izena jartzea”.
Arlo guztietakoak
1975etik 2020ra bitarteko garaian herriko emakume gehientsuenei egin diete tokia. Udaletik igaro diren hautetsiak bildu dituzte. Irakasleak garai bateko eskolaz eta gaur egungoaz gogoetan ipini dituzte. Ekonomian, Abantoko andreak lan merkatura zelan sartu diren aztertu dute, andre enpresari eta ekintzaileen berri eman dute, tailer okupazionaleko emakume elbarriak elkarrizketatu dituzte… Kirolari zerrenda oparoa osatu dute: Laura Mollano arraunlaria, Aitana Peña moto gidaria, Iraide Rodriguez lasterkaria, Nahia Sacristan futbolaria, Nuria Niñera txirrindularia… Rebeca Alonso argazkilari sarituarekin egin dute berba. Eta beste askorekin. “Lan gogorra izan da, baina lantaldean lortu dugu”, azpimarratu du Herraezek.