Ibai Maruri Bilbao
“Irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten dute, eta irudi hau ikusgarria da”, esan zuen Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak herenegun, Bilbon, Foru Jauregiko Areto Nagusian egindako agerraldian. Atzean, Erandio eta Barakaldo lotuko dituen zubi berriaren diseinua zeukan, pantaila erraldoi batean. Oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da. Uda ondoren adjudikatu gura dituzte obrak, urte honen bukaeran edo 2023 hasieran abiatu, eta, ondo bidean, 2024rako prest eduki. Ordurako, Bilbo eta Getxo itsasadarraren ertzetik lotuko dituen oinezko eta txirrindularientzako bulebarra ere eginda egongo da. Lanen aurrekontua eraikuntza proiektuan definituko dute, baina, aurreikuspenen arabera, 16,5 milioi eurokoa izango da.
Itsasontzien joan-etorria ez oztopatzeko, mugikorra izango da: erdiko aldeko bi plataformak 90 gradu mugituko dira bakoitza bere zutabearen gainean, erdian pasabide bat sortzeko. Bilboko Portu Agintaritzak baimendutako itsasontziek baino ezingo dute handik pasatu, eta hark aginduko du noiz zabaldu beharko den. Rementeriak esan du gehienek ez dutela arazorik izango azpitik igarotzeko. Portu agintaritzak emandako datuen arabera, urtean zubia zabaltzea beharko luketen 100-120 itsasontzi igarotzen dira inguru hartatik. Zabaldu, itsasontzia igaro eta berriro zarratu: hiruzpalau minutuko kontua izango litzateke. “Tarte laburrean etengo lirateke oinezko eta txirrindularien joan-etorriak”.
Ertz batetik bestera, itsasadarra 240 metro zabal da zubia eraikiko den tokian. Baina, artez eraikitzeak, zubiak pendiza izatea ekarriko luke, eta, hori saihesteko, luzatu egin dute, erabat laua bihurtzeko: 470 metro luze izango da. Araudiak debekatu egiten du halako pasabideek %5ekoa baino malda handiagoa izatea. Kasu honetan, Barakaldorako batez besteko malda % 2tik gorakoa izango da, eta Erandiorakoa, % 3tik gorakoa. “Ezinbesteko baldintza izan da hori. Pendiza badu, oso zaila da, esate baterako, gurpil aulkiak alde batetik bestera bultzatzea”, azaldu du Mike Schlaich arkitektoak. Alemaniako SBP ingeniaritza enpresako bazkide zuzendaria da Schlaick, eta zubi mugikorra eraikitzeko hautatu den proiektuaren diseinuaren egilea.
Sei metro zabal izango da. Horri esker, larrialdi zerbitzuen ibilgailuak ere igaro ahal izango dira handik. Jesarlekuak eta egoteko lekuak ere ipini ahal izango dituzte. “Egoteko zubi bat ere izango da”, azaldu du Rementeriak. Puntu itsurik ez duela ere nabarmendu du, herritarren segurtasuna bermatzeko. Schlaichek esan du argiztapena ere elementu garrantzitsua dela, gauez zubia ondo ikusi ahal izateko, baina “neurrian” argiztatuko dute, ardi kutsadurarik ez sortzeko. Arkitektoaren arabera, zubiek seguruak, funtzionalak eta ederrak izan behar dute. “Uste dut kasu honetan zubi elegantea egin dugula; hau da, behartu gabeko edertasun sotila duen zubi bat”. Azpiegitura ingurunean ondo txertatzea ere ezinbestekoa izan dela nabarmendu du. Horregatik, Barakaldoko eta Erandioko ibaiertzok ondo ezagutzen saiatu dira diseinatzen hasi aurretik. Gasolinoan hainbat bidaia egin dituztela kontatu du, eta esan du espero duela, zubia egin arren, ontzi horien iraupena bermatuta egotea, “turismoari esker”.
Mugikortasun berria
Zubia Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako mugikortasun eraldaketaren testuinguruan eraikiko da. “Arrondegiko zubiari esker, autoz joan daiteke ibar batetik bestera. Orain, oinez eta bizikletaz ere joan ahal izango da”, esan du Rementeriak.
Erandioko alkate Aitziber Olibanen arabera, ibilgailu motordunen bidezko joan-etorriak gutxitzen lagunduko du azpiegitura berriak: “Erandiotik Barakaldora oinez edo bizikletaz joatera animatuko gara, autoz joatea baino erosoagoa izango delako”.
Barakaldoko alkate Amaia del Campok nabarmendu du bi herrien arteko harremana estutzen lagunduko duela: “Garai batean, itsasbehera zela, oinez joaten ziren Barakaldotik Erandiora mezatara. Gero, gasolinoak mugikortasuna hobetu zigun. Zubiari esker, pauso handiagoa emango dugu”. Bere hirian gertatzen ari den “eraldaketa sakonarentzat bultzada” izango dela ere adierazi du.
Barakaldoko aldean, itsasadarraren ertzean sortuko duten parke handian abiatuko da zubia; Erandioko aldean, 400 metro koadroko eremua izango duen aisialdi gune berria izango du oinetan.