A. Igartua Aristondo
Ibilbidea hasi eta ia berehala hura eten behar izan zuen EHU Orkestra Sinfonikoak. 2016an sortu zuten, eta urte hartako azaroan ekin zieten entseguei taldea osatzen duten unibertsitateko ikasle, ikasle ohi, irakasle eta langileek; 2017an, unibertsitatean txertatu zen; eta, 2018ko maiatzean, estreinako kontzertua eman zuten Bilboko Bizkaia aretoko Mitxelena auditoriumean. Poliki-poliki joan ziren bidea eginez eta saioak pilatuz. “2019ra arte, nahiko ondo egin genuen lan”, Jose Antonio Ordoñana orkestrako lehendakariaren arabera. Baina, gainontzeko arloetan bezala, mugarria da hortik aurrera datorrena: 2020an, inertzia eten, eta bertan behera geratu ziren entseguak eta kontzertuak, urte eta erdiz.
Orobat, gutxika egindakoa izaten ari da itzulerako bidea. Lehortea 2021eko urrian eten zen partzialki, Bizkaia aretoaren hamargarren urteurrenaren harira emandako kontzertuan: aretoko oholtzara igo ziren bi ganbera talde txiki, hirukote bat eta sokako beste talde txiki batekin batera. Bihar, ordea, orkestrako musikariak eta haien zuzendari artistiko Doru Artenie baino ez dira ariko Bizkaia aretoko Mitxelena auditoriumean, 13:00etan, Musika-Musica jaialdiaren barruan.
Lehen aldiz hartuko du parte orkestrak Bilboko jaialdian, eta estreinaldiak bereziki emango die hauspoa, lehendakariaren hitzei erreparatuta. “Guretzat oso garrantzitsua da pandemiatik kontzertu honekin itzultzea, jarduera berreskuratu eta berriro lekua hartzeko. Urritik asko kostatu zaigu martxa hartzea”. Arteniek lau pieza hautatu ditu programarako: zehazki, Georg Friedrich Haendelen Ur musika, Ottorino Respighiren Txoriak, Edvard Griegen Mendiko Erregearen haitzuloan eta Johann Sebastian Bachen Brandenburgoko 4. kontzertua. Mercedes Albaina adituak lanen eta exekuzioaren inguruko azalpenak eskainiko ditu.
Helburuak eta aukerak
EHUko Bizkaiko campusean du egoitza orkestrak, Leioako Sarriena auzoan. Horrenbestez, musika nahastu egiten da bestelako jakintza arlo batzuekin, hala nola osasun, natur eta gizarte zientziekin, arte plastikoekin, hezkuntzarekin eta teknologiarekin. Elkarrekin bizitzeaz gain, diziplinok bat egitea du xede orkestrak, besteak beste, Ordoñanaren hitzetan. “Gure helburuen artean dago kultura unibertsitatearekin eta zientziekin lotzea, ikerketa egitea, musika klasikoa unibertsitateko ikasleei eramatea, eta baita kanpokoei ere; musika gizarteratu nahi dugu, marka bat bihurtu dadila orkestra”.
Kideetako asko ikasleak direnez, eta mugikortasun programetako parte hartzaileak ere etortzen zaizkienez, etengabean antzaldatzen da orkestra. “Ikasleen taldea mugitu egiten da, baina badaukagu mantentzen den nukleo edo oinarri bat, agian ordutegi finkoagoak dituztelako: gehienak ikasle ohiak dira jada”.
Musika-Musica jaialdiaren ondoren, dagoeneko badituzte aurreikusita zenbait kontzertu, baina denak ez dituzte lotuta. Halaber, unibertsitateetako orkestrak biltzen dituzten bi erakundetako kidea da EHUkoa: European Network of University Orchestras eta Sinergia. Ordoñanak dioenez, oraindik ez dute ezer egin gainerako kideekin batera, baina irekita dagoen beste bide bat da hori.