Ibai Maruri Bilbao
Enkarterriko Mankomunitateak eta Alonsotegiko Aunar GKE gobernuz kanpoko erakundeak Tuper Solidarioa izeneko egitasmoa ipini zuten martxan martitzenean. “Helburua da bermatzea inor ez dadila geratu egunero kalitatezko elikadura jaso gabe”, azaldu du mankomunitateko presidente Martin Perez Garmendiak. Esan du mankomunitateak eta Bizkaiko Gurutze Gorriak elkarrekin kudeatzen dituzten elikagaien bankuek eskaintzen duten zerbitzua indartuko duela proiektuak. Lehen urte honetan 50 familiak jasoko dute laguntza; hau da, 16.500 tuper banatuko dituzte guztira. Gerora, kopuru hori handitu egingo dute.
Aunar elkartekoak 2014an hasi ziren tuperrak banatzen. Enkarterriko Mankomunitatearekin elkarlanari ekin dioten arte, eskualdean Zallan eta Balmasedan banatzen zituzten, eta baita Meatzaldeko, Ezkerraldeko, Uribe Kostako eta Txorierriko hainbat herritan ere. GKEko koordinatzaile Iñaki Grosek azaldu du inguruotan hirurehun pertsona edo familia laguntzen dituztela. 35 boluntario dabiltza proiektuan beharrean. Gizarte zerbitzuen bidez iristen dira pertsona horiek proiektuetara, eta horrela izango da Enkarterrin ere. Beraz, Tuper Solidarioa programaren laguntza behar dutela uste duten herritarrek mankomunitateko gizarte langileengana jo beharko dute.
“Dagoeneko kozinatuta dagoen jatekoarekin egiten dugu lan. Sukalde profesionaletan sobratzen dena jaso, eta banatzeko prestatzen dugu; jatetxeetakoa edo eskoletakoa, esaterako”. 14:00ak aldera igarotzen dira sukalde horietara jateko bila. “Jatetxeko jantokira edo eskolako jangelara iritsi ez den jatekoa da. Ez da zerbitzatu. Primeran dago”.
Grosek eta Perez Garmendiak nabarmendu dute proiektua “ekonomia zirkularraren aldeko apustu sendoa” dela: “Dagoeneko kozinatuta dagoen jatekoari beste erabilera bat bermatzen diogu. Horrelako sukaldeetan jateko asko sobratzen da, eta zakarretara botatzea izan ohi da normalena”, esan du mankomunitateko buruak. Grosen esanetan, asko sobratu ohi denez, ez dute inoiz elikagai faltarik izaten, eta, programa herri gehiagotara zabalduta ere, ez lukete hornidura arazorik izango.
Aunarreko koordinatzaileak azpimarratu du segurtasun protokolo bat betetzen dutela, elikagaiak kalitatea galdu barik manipulatu eta gorde ahal izateko. Alonsotegiko lokalean egiten dute lan hori. Han dituzte izozkailu handiak. Jasotakoa tuperretan banatzen dute, eta gorde. Produktuen tenperatura oso azkar jaisten duen teknika bat erabiltzen dute, dagoeneko kozinatuta dagoen jateko hori ez hondatzen hasteko. Lan egiten duten herrietako bakoitzera astean behin joaten direla esan du Grosek. Esaterako, gaur Erandiora joango dira: barikuetan joaten dira. Herri bakoitzean banaketa gune bat dute: “Lokal diskretu bat izaten da beti, jateko bila datozenak ez estigmatizatzeko. Ez dugu inolako adierazgarririk erabiltzen; modu horretan inork ez daki zer egiten dugun han”. Aste osorako tuperrak ematen dizkiete: zazpi, egun bakoitzerako bat. Horregatik, tuperra jasoko dutenek izozkailu bat izan behar dute etxean ezinbestean. Helburua da egunero kozinatutako plater bat jan ahal izatea bakoitzak. Sarritan, postrea edo bestelako zerbait ere izaten dute.
Norbanako gehiago
2014an, hamabost pertsona laguntzen hasi ziren, eta, gaur egun, 400-500 tuper prestatzen dituzte egunero. Grosek esan du laguntza jasotzen dutenen profila aldatu egin dela: “Denak ez dira ohiko bazterketa egoeran bizi. Badira diru sarrerak izan arren zailtasun ekonomikoak dituztenak”. Era berean, gero eta familia gutxiago laguntzen dituzte, eta norbanako gehiago: “Bakarrik daudelako edo buruko gaixotasunen bat dutelako kozinatzen ez dutenak izaten dira asko”.