Amaia Igartua Aristondo
Bizikleta elektrikoak mailegatzeko zerbitzu publiko batek Bizkaiko bederatzi udalerri lotuko ditu. Zehazki, Barakaldo, Berango, Bilbo, Erandio, Getxo, Leioa, Portugalete, Santurtzi eta Sestao batuko ditu Bizkaibizi egitasmoak; Ibaizabal itsasadarraren bi ertzetako herriak eta hiriburua, hain justu. Seiehun ibilgailu kokatuko dituzte 75 eremu eta kargatzeko gunetan, eta, urte bukaeran, edo, beranduenez, 2023aren hasieran, abian egongo da zerbitzua.
“Mugikortasun iraunkorrerako” beste urrats bat izango da, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiaren arabera, “eta beste garraio publiko batzuk osatuko ditu”, hala nola metro, autobus eta tren zerbitzuak. Joan den ostiralean aurkeztu zuen proiektua Bilboko Foru Jauregian, eta ekitaldi horretan parte hartu zuten bederatzi udalerrietako alkateek. Asmoa da zerbitzua 2023tik 2026ra bitartean mantentzea aurrena, eta, epe horretan, 7,4 milioi euro inbertituko dituzte: 2,2 milioi euro jarriko ditu aldundiak, eta udalerriek ordainduko dituzte gainontzeko 5,2 milioi euroak.
Ondoren, aintzat hartuta zerbitzuaren erabiltzaile kopurua eta bizikletak nola erabili dituzten, erabakiko dute proiektuarekin jarraitu ala ez, baita hura hedatu ala ez ere. Izan ere, Bizkai osora zabaltzeko asmoarekin jaio da proiektua. “Baina, horretarako, frogatu beharko da zerbitzuak funtzionatzen duela eta baliagarria dela denontzat. Gerta liteke udalerri batzuentzat balio ez izatea bizikleta elektrikoak”.
Bederatzi udalerriokin hasi dute egitasmoa, “masa kritiko nahikoa eta elkarren gertukoa” behar zelako, Rementeriaren hitzetan. Orotara, 700.000 biztanleri emango die zerbitzua Bizkaibizik, hasteko. Horiei guztiei “mugitzeko beste aukera bat” emango die, bai udalerriaren barruan ibiltzeko, baita udalerrien artean lekualdatzeko ere, herri batean hartu eta beste batean utzi ahalko baitira bizikletak.
Proiektuaren alde batzuk zehazteke daude oraindik, eta horretarako batzorde tekniko bat osatu dute erakundeotako ordezkariek. Batzordeak erabakiko du non kokatu bizikletentzako guneak, zer kolore izango duten ibilgailuek, eta zeintzuk izango diren tarifak eta ordaintzeko moduak: urteroko kuota bat egongo den, erabilera bakoitzean ordainduko den, edo bi moduak konbinatuko dituzten. Ildo horretatik, Rementeriak adierazi du “aukera paregabea” izango litzatekeela Barik txartela gehitzea zerbitzura, harekin ordaindu ahal izateko.
Zehaztapen horiek egiteko, Bredako Unibertsitateko (Herbehereak) bizikleta mugikortasuneko adituek aholkatuko dituzte batzordeko kideak, eta aintzat izango dituzte, halaber, Bilboko eta Getxoko bizikleta zerbitzu publikoen esperientzia “arrakastatsuak”. Aldeok uda baino lehen zehaztea aurreikusi dute, eta, gero, zerbitzu osoa batera lizitatuko dute.
Etorkizunerako asmoak
Bizkaibizi proiektuaz gain, bizikletaren erabilera sustatu eta hura seguruagoa eta erosoagoa egiteko beste hainbat egitasmo daude aurreikusita. 2023an, erabilgarri egongo da Bizkaiko lehen bizipista, zeinak Zornotza eta Iurreta lotuko dituen. Urte berean, Bilboko eta Barakaldoko udal bidegorri sareen konexioa burutzeko asmoa dute. Bestalde, 2024rako bukatuko dute Bilbo eta Getxo batuko dituen bulebarra, eta tarteko udalerriak ere lotuko dira bertara: esaterako, Leioako alkate Iban Rodriguezek adierazi du ahaleginak egiten ari direla udalerriak bat egin dezan bidegorri horrekin. Barakaldoren eta Erandioren arteko oinezkoentzako eta bizikletentzako zubia bi urte barru egongo da prest, orobat.
Azpiegiturak ez ezik, bestelako ekintza batzuk ere nabarmendu ditu Bilboko alkate Juan Mari Aburtok: Bilbo-Getxo zirkuitua edo Bilboko Bizikletada, besteak beste, baina baita datorren abuztuko Espainiako Vuelta eta 2023ko Frantziako Tourra ere. “Ekitaldi horiek sustatzen dute bizikletaren erabilera, ez soilik aisialdirako, baita garraiorako ere”, gehitu du Rementeriak.