J. West Larrañaga
Bilboko Basurtuko ospitaleko bihotzeko kirurgia unitateko langileek protesta eguna dute gaur. Astelehenean ere atera zituzten pankartak Osakidetzako langileen greban, eta berriro egingo dute protesta datozen ostiraletan. Protesta laburrak dira, baina beren haserrea erakutsi nahi diete kudeatzaileei. Osakidetzak jakinarazi die “berehala” mugituko duela haien zerbitzua Gurutzetako ospitalera, bertan unitate bakarrean batzeko.
Unitateko langileek adierazi dutenez, ez datoz bat kudeatzaileek erabilitako argudioekin, eta ez dute uste zerbitzu biak leku bakarrean batzeak eraginkortasuna handituko duenik. Kontrara, uste dute aldaketak itxaron epeak handitzea eragingo duela; gaur egun, sei-zortzi hilabetetik gorakoak dira. Hirian eta sarean banatu dituzten kartel batzuetan, Basurtuko langileek azaldu dute egia dela ebakuntza gehiago egingo dituztela zentro bakarrean, baina zirujau bakoitzeko ebakuntza kopurua bera izango dela.
Erabakia orain dela urte bi hartu zuten, eta langileek eskatu zuten bilera bat egiteko Osasun Sailarekin, negoziatu ahal izateko. Osasun Sailak jakinarazi zienean erabakia hartuta zegoela, langileek hedabideetara jotzea adostu zuten, baina, 2020ko martxoa izanik, mundua hankaz gora jarri zen. Tarte horretan, sailburu aldaketa bat egon zen sailean, eta langileek uste zuten gaia ahaztuta zegoela. Urtarril amaieran esan zieten langileei prozesua berriro ere abian ipini zutela, eta berehala mugituko zutela Basurtuko bihotzeko kirurgia unitatea Gurutzetara.
Unitateko iturri baten arabera, aldaketa sustatzeko Osasun Sailak argudiatu zuen Basurtuko zirujauak ez zeudela pozik. “Ordutik urte bi pasatu dira, eta nagusi aldaketa bat egon da; zirujauak oso pozik daude, eta ondo ari dira lanean; ebakuntza asko egiten ari dira”. Iturri beraren arabera, egin dezaketena baino ebakuntza gutxiago egiten ari dira egun, ebakuntza gela gehiago zabaltzeko eskatu arren, ez dutelako zabaldu, “aldaketa ez oztopatzeko”. Are gehiago, uste du tarte honetan zerbitzuan egin nahi izan dituzten aurrerakuntzetako batzuk atzeratu egin dizkietela, “aldaketaren jakitun zirelako”.
Gutunak, laguntza eske
Otsailaren 8an, langileek gutun bat helarazi zieten Osasun Sailari, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiari eta Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariari, besteak beste. Basurtuko ospitaleko zerbitzuburu guztiek eta kardiologia zerbitzuko medikuek sinatu zuten, eta argudiatu zuten galerak ospitalearen asistentzia jarduerari, formazioari eta ikerkuntzari eragingo ziela. Hainbat arrazoi eman zituzten, eta adierazi zuten kardiologia unitateari eragiteaz gain harekin elkarlanean aritzen direnei ere eragingo ziela, urteotan askotariko diziplina taldeak sortu direlako zerbitzuen artean.
Gutunean salatu dutenez, orain dela gutxi inbertsio handia egin dute Basurtuko ospitalea ebakuntza gelekin egokitzeko eta bizkortze kardiobaskularrean berritzailea den eremu bat egiteko. Gurutzetako ospitalean, berriz, inbertsio bat egin beharko litzateke kardiologia kirurgikorako zainketa intentsiboaren unitatez hornitzeko.
EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztu du legez besteko proposamen bat, bihotzeko kirurgia unitatea Basurtun mantentzeko. Rebeka Ubera legebiltzarkideak bultzatu du egitasmoa, eta gogora ekarri du zerbitzua hiru ospitalek eskaintzen dutela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan: Basurtukoak, Gurutzetakoak eta Donostiako poliklinikak. Azken hori pribatua da, baina hitzarmena dauka Osakidetzarekin. “Ezin da ulertu Osasun Sailak zerbitzu publikoa ematen duen zentro bat ixtea aukeratzea; osasungintza publikoaren aldeko apustua egitea da zentzuzkoena”, dio Uberak. Langileek proposatu dute egoitza biak mantentzea kudeaketa klinikoko unitate bakarrarekin.